Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Artolazabalek gazte-justiziaren “balioak, printzipioak eta helburuak” goraipatu ditu, espetxe-politiketerako ispilu gisa

2021-09-29
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Diario Vascoren III. Foro Juridikoan parte hartu du, Donostian
  • “Gure eredua urtez urte finkatu da. Jarraitutasuna izan du 25 urte hauetan, eta adostasun politiko zabala bildu du” adierazi du sailburuak

Donostia, 2021/09/29

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du gaur Diario Vascok antolatu duen III. Foro Juridikoaren (Gazteen justizia, erreformatorioetatik birgizarteratzera) inaugurazio-ekitaldian. Tabakaleran egin den foroa gazte-justiziari buruzkoa izan da.

Urriaren 1ean euskal espetxeen kudeaketa bere gain hartzeko dagoenean, Artolazabalek Gazte Justiziako Euskal Sistemaren eraginkortasuna goraipatu du bere hitzaldian. Sistema horrek 25 urte bete ditu dagoeneko, eta sailburua ziur dago sistema hori estrapola daitekeela etorkizuneko euskal espetxe-ereduko helduen justiziara.

 “Gazte Justiziako sistemaren ispiluari begiratu nahi diogu, Euskadin gure espetxe-eredua gauzatzeko garaian”, adierazi du sailburuak. “Gure Gazte Justiziako sistemaren arrakasta eragin duten balio, printzipio eta helburu berberei jarraituko diegu; izatez, harrotasunez begira diezaiokegu zenbait hamarkadatako ibilbidea duen eredu horri”, erantsi du.

Orientazio errestauratiboaz hitz egin ondoren —“esku-hartzeen indibidualizaziotik eta, beti, ikuspegi komunitarioari eusten saiatuz”—, Artolazabalek aitortu du kudeaketa-eredu hori soilik dela posible erantzukizun publikotik eta lankidetza publiko-sozialetik.

Eusko Jaurlaritzak garatzen duen Gazte Justiziako eredua duela mende laurden sortu zen, Adingabeen Epaitegiek emandako neurrien betearazpena Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuenean. Hala, Justiziaren arloan eskumena zuen sailaren esku geratu zen gazte-justiziaren plangintzaren eta kudeaketaren erantzukizuna. Orduz geroztik, “gure euskal eredua urtez urte finkatu da. Jarraitutasuna izan du 25 urte hauetan, batera eta bestera ibili gabe —aldaketa politikoak izan badira ere—, eta adostasun politiko zabala bildu du”, sailburuak aditzera eman duenez.

Era berean, Beatriz Artolazabalek Gazte Justiziako euskal ereduaren alderdirik “adierazgarrienak” azaldu ditu. Alderdi horien artean nabarmentzen da erantzukizuna eta finantzaketa publikoak direla, baina kudeaketa mistoa dela; izatez, hirugarren sektore soziala deiturikoaren erakunde pribatuek esku hartzen dute. Halaber, aipatu du zenbait planen bidez egituratzen den eredua dela, eta plan horiek “plangintzarako, kudeaketarako eta ebaluaziorako oinarrizko tresna” gisa sortu direla, sailen arteko esku-hartzearekin.

 “Esku-hartzearen paradigma hezitzailea da, jarduteko printzipio argietan oinarritzen dena eta ebidentzia zientifikoetan oinarritutako programak oinarri dituena. Erantzukizun-eredu gisa defini dezakegu, bai gatazkan, bai ebazpenean”, adierazi du Artolazabalek.

Azkenik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak espetxeen kudeaketaren gaiari heldu dio ondorioetan, eta aitortu du jarduteko denbora beharko dela “geure eredua” finkatzeko. Jarduteko eredu hori “euskal espetxeetan egindako lanaren aitorpenetik abiatzen da”. “Eusko Legebiltzarrean onartutako oinarriak izango dira joko-eremua, eta joko-eremu horren barruan mugitu beharko dugu. Ziur gaude hobetzeko tartea dugula eta gaitasun hori soseguz eta konpromisoz kudeatuko dugula”, eman du aditzera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)