Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak adierazi du bizikidetza erronka etiko zirraragarria dela eta "topaketara bideratu" behar dela

2021-09-29
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkulluk Euskadiko Lidergo Etikoaren III. Kongresua inauguratu du, "Etika eta erronka klimatikoa"
  • Lehendakariak apaltasunaren, erantzukizunaren, berdintasunaren eta iraunkortasunaren alde egin du, pandemiak agerian utzi duen indibidualismoaren eta elkartasunaren arteko tentsioari erantzuteko
  • Urkulluk autokritika etiko, legal, instituzional eta soziala eskatu du terrorismoaren eta beste indarkeria-adierazpen batzuen aurrean, Udaberri 2024 Planean jasota bezala

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko Lidergo Etikoaren III. Kongresua, "Etika eta erronka klimatikoa", inauguratu du gaur goizean. Kongresua Euskadiko Etika Klusterrak eta Vital Fundazioak antolatu dute.

Lehendakariak, bere hitzaldian, azpimarratu du bizikidetza erronka etiko zirraragarria dela, topaketara bideratu beharrekoa. "Topaketak aniztasun politikoa eta aniztasun soziala esan nahi du. Desberdin pentsatzen eta sentitzen duenarekiko errespetua, aintzatespena, elkarrizketa eta enpatia esan nahi du. Balio etikoei eta printzipio demokratikoei balioa ematea esan nahi du. Azken finean, ez bakarrik bizitzen jakitea, elkarrekin bizitzen jakitea baizik ", gaineratu du.

Zentzu horretan, pandemiak agerian utzi duen indibidualismoaren eta elkartasunaren arteko tentsioa azpimarratu du Iñigo Urkulluk. "Pandemiak mugarri bat ezarri du mundu osoan. Paradigma globalaren aldaketa baten aurrean gaude, gure bizitza pertsonal, familiar eta komunitarioaren oinarriei dagokienez ", adierazi du. Hori horrela, Lehendakariak adierazi du Jaurlaritzaren jarduera lehentasunezko lau orientabideetan oinarritzen dela: apaltasuna, erantzukizuna, berdintasuna, iraunkortasuna.

Hain zuzen ere, lehentasunezko azken orientabide horri, iraunkortasunari, eta Kongresuaren ardatz den "etika eta desafio klimatikoaren" erronkari erreparatuta, Lehendakariak adierazi du pandemiak mahai gainean jarri dituela etengabeko hazkundearen mugak, "Desarrollismoa" deitutakoaren mugak, "Haztegatik haztea", zibilizazioak horretan murgilduta baitzegoen; eta, horren aurrean, adierazi du beharrezkoa dela garapen eredu gizatiarrago bat, hazkunde jasangarri eta harmoniko bat zaintzean zentratua, bai gizartearen ikuspegitik, bai ingurumenaren ikuspegitik ere.

Onartu berri den Udaberri 2024 Plana ere aipatu du hitzaldian, eskubide urraketa guztiak gaitzesten dituena, justifikaziorik gabe, parekatzerik gabe, bazterketarik gabe. "Terrorismoaren eta beste indarkeria-adierazpen batzuen biktimen aitorpen etiko, legal, instituzional eta soziala da gure konpromiso nagusia. Aitorpenak erreparazioa, babes berezia eta justizia esan nahi du. Halaber, euskal gizarteak terrorismoaren eta indarkeriaren deslegitimazio etiko, politiko eta soziala ez errepikatzeko eta ez biktimizatzeko konpromisoa hartu du ", adierazi du.

"Etika eta erronka klimatikoa" Euskadiko Lidergo Etikoaren III.Kongresua

Euskadiko Lidergo Etikoaren III.Kongresua: "Etika eta erronka klimatikoa", Euskadiko Etikako Kluster fundazioak eta Vital fundazioak antolatu du; eta Biologia, Etika, Komunikazioa eta Zuzenbidea oinarri hartuta, ingurumena hondatzearen aurkako borrokan giltzarri den faktore bat aintzat hartu eta babestu da: basoak, planetako karbono dioxidoa xurgatzen laguntzen dutelako, eta eredu gisa, landare-mundu, ekosistema eta izaki bizidunen eta gizakientzako habitat gisa, bizirik irauteko erronkaren aurrean.

Etika Kluster Fundazioa

Euskadiko Etika Klusterra 2015eko urrian sortu zen, gure gizartean Etika zabaltzen laguntzeko eta gai honetan interesa duten pertsonentzako topaleku bat errazteko. Vital Fundazioak bat egin zuen ekimen horrekin, balio etikoen azterketa, ezagutza eta aplikazioa areagotzeko eta zabaltzeko lankidetza-proiektuak sortzea ahalbidetuko duen egitura bat sortzeko helburuarekin. Hainbat kolektibo ordezkatzen dituen lantaldea da, eta hainbat arlotako eta lanbidetako pertsonen laguntza du, hala nola pentsalariena, politikariena, filosofoena edo esparru akademiko, kultural, hezkuntza edo ekonomikoko pertsonena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak