Berriak Segurtasuna

Euskadiko ikasleek Bilboko Arte Ederren Museoko eskultura baten lapurreta argitu dute, zientzia eta teknologiako proiektu hezitzaile baten barruan

2021-09-28
  • Ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiaren esparruan gauzatu da, eta helburua euskal gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea da
  • Ertzaintzak Bilboko Arte Ederren Museoan lapurreta bat sortu du Forensic Science ekimenaren baitan, eta Euskadiko ikasleak polizia zientifiko bihurtu dira krimena argitzeko

Bilbo, 2021eko irailak 28. Hamabi ikaslek, 120 ikasle baino gehiagoren ordezkari gisa, parte hartu dute gaur goizean Bilboko Arte Ederren Museoan lapurreta bat argitzen. Delitua, egia esan, bitxia izan da. Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Buruzagitzak Victorio Machoren lan baten, Miguel de Unamunoren bustoaren, lapurreta sortu du, ekimenean parte hartu duten ikasleen dohain analitikoak frogatzeko.

Ikerketan ikertzaile “berriek” eskolan ikasitako hainbat diziplina zientifiko eta teknikotako ezagutzak jarri dituzte praktikan, eta, modu horretara, zuzenean ezagutuko dute polizia zientifikoaren lana, formakuntza zientifiko-teknologikoa eskatzen duen lanbidea izanik. Forensic Science Ertzaintzak Gaztelueta ikastetxearekin batera sustatzen duen ekimena da, eta Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntza du. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak biltzen dituen ingelesezko akronimoa) Euskadi Estrategiaren esparruan garatzen da eta helburua du eskola-maila guztietan formakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea eta arlo horretako bokazio profesionalak inspiratzea.

Polizia Zientifikoko “agente gazteek” egin dute ikerketa krimenaren lekuan bildutako ebidentziak aztertuta, eta Ertzaintzako profesionalen aurrean defendatuko dituzte euren lanaren ondorioak. Prozesuan zehar hainbat abilezia garatuko dituzte, hala nola taldelana, ikertzeko gaitasuna eta pentsamendu kritiko eta sortzailea.

Forensic Science proiektuan Euskadiko 9 ikastetxetako ikasleek parte hartu dute: Artxandape ikastola, Somorrostroko Formakuntza Zentroa, Gaztelueta ikastetxea, El Regato ikastetxea, JM Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutua, Irlandesas ikastetxea, Lauro ikastola, Urdaneta ikastetxea eta Urretxindorra ikastola.

16 profesionalek osatutako batzorde zientifikoak lagundu du proiektuan, eta batzordekideak izan dira:

  • Juan Vicente Bilbao, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren burua
  • Ana Barrilero, Bizkaiko fiskal burua
  • Francisco Etxebarria, UPV/EHUko Auzitegi eta Lege Medikuntzako irakaslea
  • Fernando Plazaola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa
  • Concepción de la Rúa, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailekoa
  • Esther Rebato, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailekoa
  • Elena Vecino, UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia saileko irakaslea
  • Pilar González, Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkargo Ofizialeko dekanoa
  • Luciano Azpiazu, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoko dekanoa
  • Victor de la Peña, UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolako irakaslea
  • Santiago de Pablo, UPV/EHUko Letren Fakultateko Historia Garaikideko irakaslea eta Zinemako Arte eta Zientzien Akademiako kidea
  • Andere Larrinaga, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Artearen eta Musikaren Historia Sailekoa

Arteak eta humanitateak zientziarekin eta teknologiarekin integratzea

Forensic Science proiektuak arteak eta humanitateak integratzen ditu proiektuan, eta artelan ezagunekin eta horiek garatu ziren garai historikoarekin zerikusia duten alderdiak sartzen ditu. Zuzenbideak ere badu bere lekua proiektuan; izan ere, ikerketan zehar ikasleek krimenaren lekuan bildutako ebidentzien zaintza-katea errespetatu behar izan dute epaiketan baliokoak izan daitezen. Horrez gainera, krimenaren leku simulatuan egindako begi-ikuskapenean atxilotutako pertsonen presentzia ere errespetatu da, Prozedura Kriminalaren Legean aurreikusten den moduan.

Forensic Science proiektuak arrakasta handiz pizten du euskal ikasleen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa, eta beste hainbat herrialdetan ere ezarri da, beraz, hala nola Finlandian, Polonian, Frantzian, Italian, Indian, Australian, Mexikon, Kanadan edo Filipinetan. Proiektua iaz finalista izan zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Sarien lehenengo edizioan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak