Javier Hurtado sailburua: "Industria-turismoak EAEren irudi osatuagoa ematen digu, eta gure turismo-eskaintza dibertsifikatzen eta bisitariaren esperientzia zabaltzen laguntzen du"

2021-09-29

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko II. Foroa inauguratu du gaur. Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, bi urtez behingo zita hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Industria Turismoko Planaren parte da, eta edizio honetan agenda bat dakar bisita profesionalak egiteko Karrantzako eta Ibaizabal itsasadarreko industria-paisaiara.

Sailburuak industria-turismoaren garrantzia azpimarratu du, "EAEren irudia eratzeari dagokionez duen esanahi bereziagatik. Gure industria-ondareak gogoeta bat dakar, nor garen galderari buruz, historiari buruz eta gaur egungo EAEa bihurtu gaituzten faktoreei buruz. Eta industria-turismoa EAE oso baten irudi hori munduari erakusteko dugun modua da".

Honako hau analizatu du sailburuak: "Memoria horren kontserbatzaile gisa duen eginkizunaz gain, industria-turismoa EAEko turismo-eskaintzaren aniztasuna zabaltzen duen beste aukera bat da esperientzia benetakoak eta bereziak bilatzen dituen bisitariarentzat, lagundu egiten duena desestazionalizazioan eta tradizioz turismoarekin hain lotuta ez dauden eskualdeak eta udalerriak sustatzen, tokiko garapena eta lurralde barneko fluxuen mugimendua bultzatuta".

2018ko azaroan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak EAE osoko industria-turismoari buruzko proiektu integral bati ekin zion lehen aldiz, fundazioek, elkarteek eta administrazioek industria-ondarearen inguruan egindako lana koordinatzeko eta lan horri forma emateko.

Ibilbide horretako lehen aurrerapenetako bat Industria Turismoaren Euskal Sarea sortzea izan zen, baliabideak koordinatzeko eta horien sustapen turistiko egokia sortzeko. Museoz eta zentroz osatutako 34 baliabide dira, gure lurraldearen errealitatea, gure historia, gure jarduera ekonomikoa eta gure lanaren memoria ezagutzea, gure hirigintza-garapena ulertzea eta gure ingurunea interpretatzea ahalbidetzen digutenak.

Industria Turismoko Planaren bigarren urratsa izan zen Industria Ondarearen Europako ERIH Ibilbidera atxikitzea. Ibilbide hori Europako turismo-informazioaren sare nagusia da, industria-herentziaren kultura-aberastasuna zabaltzeko sortua. "Horri esker, gaur egun 3 anchor point ditugu (hau da, ERIHk aintzatetsitako interes bereziko puntuak). Balmasedako La Encartada, Añanako Gatz Harana eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa dira. EAEn egindako lanari esker, Europako Sareak aintzatesten dituen baliabide eta anchor points gehien dituen Espainiako autonomia-erkidegoa bihurtu gara", gogorarazi du sailburuak.

Ildo horretatik, lehentasunezko jarduketa-eremuetako turismo-aktiboak bultzatzeko eta balioztatzeko plana urrats garrantzitsua izango da baliabide horiek hobetzeko eta sarea zabaltzeko. Berpiztu Planeko funtsekin 6,5 milioi inbertituko dira hainbat udalerri eta eskualdetan jarduera turistikoak egiteko. Gehienbat, industria-turismoko baliabideekin lotutako ekintzak dira, eta helburu dute haiek sustatzea, digitaliza daitezen sustatzea, turismo-sustapenera egokitzea eta hobetzea.

"Asko kostatu da, eta oraindik ere kosta egiten da batzuetan, ikusaraztea industria-ondarea enpresen aktiboaren parte dela ondare hori duten enpresentzat; administrazioek zaindu behar duten hiri-bilbearen parte dela; hurrengo belaunaldiei utzi behar diegun historiaren parte dela. Izan ere, nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu. Industria Turismoko Planarekin ibilbide bat hasi dugu industria-ondare hori balio turistikoa izango duen aktibo bihurtzeko" amaitu du sailburuak.

Industria Turismoaren II. Foroaren programa

Inaugurazioaren ondoren, Gerardo Cueto Kantabriako Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearen hitzaldia izango dugu. Hona hitzaldiaren izenburua: "Industria-paisaia baliabide turistiko-kultural gisa". Horren ondoren, Jose Luis Bonilla Riotinto-ko meatzaritza-parkeko CEOak azalduko du Huelvako meategiak baliabide turistiko gisa nola aprobetxatu diren.

Gure herrialdeko beste esperientzia turistiko batzuk Pozo Sotón-enak izango dira, Asturiasen. Espainiatik kanpo, Txekiar Errepublikak eta Poloniak industria-turismoari buruzko beren ezagutza ere azalduko dute.

Jardunaldia amaitzeko, mahai-ingurua egingo dute Pablo de Oraá Oleaga Añanako Gatz Haraneko kudeatzaileak, Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak, Asier Madarieta Bizkaikoako zuzendariak, Amaia Apraiz Sahagún AVPIOP-IOHLEEko kideak, Nekane Irusta Lea Artibai Garapen Agentziako turismoko teknikariak eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak. Jesús García de Cos Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak emango ditu aditzera ateratako ondorioak.

https://industrialdia.eus/

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak