Berriak Hezkuntza

3,5 milioi euro udal haur eskolen mantenurako (Gobernu Bilera 2021-09-28)

2021-09-28

Egun Euskadiko 13 udalerritan ari dira lanean udal titulartasuneko 18 haur-eskola

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2021-2022 ikasturtean 0 eta 3 urte arteko umeentzako haur eskolen titular diren toki korporazioei dirulaguntzak ematen dizkien Agindua onartu du. Hezkuntza Sailak 3,5 milioi euro bideratzen ditu deialdi honetarako. 

Dirulaguntzak aipaturiko haur-eskola horiek mantentzeko kostuak finantzatzeko laguntza gisa emango dira, izan ere, haur eskola hauek eskaintzen duten zerbitzua funtsezkoa gertatzen baita euskal familia askorentzat, familia bizitza eta lan bizitza bateragarri egin ahal izateko. 

Dirulaguntza hauen helburua da kostuak murriztea batetik, eta zero eta hiru urte arteko haurrentzako udal titulartasuneko haur-eskolen gaur egungo eskaintza sendotzea, bestetik. Era berean, bazterrean utzi ezin den beste helburu bat da ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzea ere, hezkuntza-maila horiei dagozkien gaitasunak eta ezagutzak jasotzea ahalbidetuko dien hezkuntza. Udal bakoitzak jasoko duen ekarpen ekonomikoa, bere titulartasuneko haur-eskoletan okupatutako plazen arabera zehaztuko da. 

Euskadin, 13 udalerrik dituzte egun euren titulartasuneko haur-eskolak, 18 haur-eskola orotara 13 udalerritan. Haur-eskola horiek ez daudenez Haurreskolak Partzuergora bildurik, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke. Joan den 2020-2021 ikasturtean, ia mila ume izan dituzte euren geletan. 

Hezkuntza Sailak eta Euskadiko udalek –laguntza hauek xede dituzten haur-eskolen titular badira, beti ere-, lankidetza-hitzarmenak garatuko dituzte deialdi hau egoki kudeatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko