Berriak Hezkuntza

24,5 milioi euro Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten eskola pribatuetarako (Gobernu Bilera 2021-09-28)

2021-09-28

Egun Euskadin hezkuntza maila hori eskaintzen duten 276 eskola pribatu daude

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2021-2022 ikasturterako Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten titularitate pribatuko haur-eskolentzat dirulaguntzak arautzen dituen Agindua. 

Hezkuntza Sailak 24.595.000 euro bideratzen ditu dirulaguntza deialdi honetara, honako helburu hauekin: aipaturiko hezkuntza zentrook mantentzen laguntzea, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familien kuotak gutxitu eta bateratzea, eta zerotik hiru urtera arteko haurrentzako eskola horietan ematen diren hezkuntza eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Era berean, egun dagoen eskaintza finkatzea ere bada deialdi honen xedea. 

Eskola hauek, Haurreskolak Partzuergoko haur-eskolek eskaintzen duten zerbitzuaren osagarri dira, eta haiekin batera, familia-bizitza eta lanbidea bateratzeko funtsezko zerbitzua eskaintzen diete euskal familiei. 

Egun, Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten 276 zentro daude Euskadin, hezkuntza-maila hori eskaintzeko behar bezala baimenduta egonik, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezkeenak. Joan den 2020-2021 ikasturtean, 10.986 haur zeuden eskola horietan matrikulaturik. 

Dirulaguntza deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko