Eusko Jaurlaritzak 250 milioi euroko inbertsio programa berezia onartu du (Gobernu Bilera 2021-09-28)

2021-09-28

Gobernu Kontseiluak gaur, asteartea, egin duen bileran, 250 milioi euroko Inbertsio Programa Berezia abian jartzea onartu du. Zenbateko horretatik, 170 miloi urte honetan bertan hasiko dira egikaritzen. Zenbateko hori batzen zaio 2021eko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuetan inbertsioetarako jasotako 1.000 milioi eurotik gorako zenbatekoari.  

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak dira inbertsioak eta enplegua dinamizatzeko funtsezko tresnetako bat. Helburu horrekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorrak egiteko helburuarekin, Gobernu Kontseiluak onartutako ekonomia- eta aurrekontu-gidalerroek —Europar Batasunaren zerga-politika hedakorrak eskaintzen duen aukera baliatuz— aintzat hartzen dute datozen urteetarako apustu handiak sustatuko dituen inbertsio-plan handi bat diseinatzea eta abian jartzea. Plan horri esker, hiru trantsizio handiei, hau da, trantsizio teknologiko-digitalari, trantsizio energetiko-klimatikoari eta trantsizio sozio-sanitarioari (azken horrek erronka demografikoa du giltzarri) erabakitasunez eta berme osoz ekin ahal izango zaie. 

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren nortasun-ezaugarria inbertsio publikoa izan dadin lortu nahi den arren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egungo ekonomia- eta aurrekontu-egoerari erreparatuta —zerga-arauak etetearen eta aurrekontu-betearazpenaren ondoriozkoa, diru-sarrerei zein gastuei dagokienez—, 2021eko ekitaldiaren barruan komeni da inbertsio publikoa maximizatzea eta, horretarako, baimendutako mugetara hurbiltzea, eskura dauden baliabide guztiak erabiltzea eta inbertsio plan berezi bat berehala egitea. 

Azken batean, inbertsioa lehenesten jarraitu nahi da, Euskadi eralda dadin pandemiak eta osasun-estrategiak gizartearen arreta bereganatu duten garai berri honetan. 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Inbertsio Programa Bereziaren finantzaketa diruzaintzako gerakinetatik eta aurrekontuan egindako intsuldaketetatik dator batik bat —enplegua sortzen duten inbertsioak ere bultzatu ahal izateko helburuarekin—. 

Ez da Eusko Jaurlaritzak 2021ean indarrean dauden Euskadiko Aurrekontu Orokorren inguruan egiten duen inbertsio publikoen arloko lehen esku-hartze gehigarria; izatez, joan den maiatzaren 18an, Gobernu Kontseiluak Lehentasunezko Jarduera Eremuen Programarako kreditu gehigarriak baimendu eta onartu zituen. Kreditu horien 180 milioi euroko funts berezi gehigarri horren bidez, Lehentasunezko Jarduera Eremuetako 25 trakzio-proiektu bultzatu dira. Ganbera honek Enkarterri, Ezkerraldea, Meatzaldea, Oarsoaldea eta Aiaraldea eskualdeei laguntzeko egindako eskaera bati erantzuten dio proiektu horrek. Izatez, azken industria-birmoldaketek eskualde horietan izan dute inpakturik handiena, eta eskualde horietan izan du pandemiak inpaktu ekonomikorik handiena. 

Ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Planean sartutako aurrekontu-ekimen baten bidez lurraldea berrorekatzeko jarduketa hura osatu egiten da, orain, izaera bereko baina irismen orokorragoko beste jarduera batekin, betiere autonomia-erkidegoen eskumenekoak diren gaietan inbertsio publikoari bultzada eman dakion. Horietako batzuk Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako euskal sistemaren egitura teknologikoak indartzera bideratuta daude, baita hezkuntza-azpiegituretara, osasun-azpiegituretara edo azpiegitura judizialetara ere. 

Inbertsio-ahalmen gehigarri eta berezi hori 2021-2024 aldian egikaritu beharreko inbertsio-jarduera zehatzetarako erabiliko da, lehentasun hauekin: 

- Gizarte-azpiegiturak: hezkuntzakoak, sozio-sanitarioak, kulturalak eta etxebizitzakoak. Proiektu horiek jasoko dute programaren % 50. 

- Azpiegitura ekonomikoak: industrialak, teknologikoak eta digitalak. Helburua da industriaren eta zerbitzu aurreratuen eraldaketa eta dibertsifikazioa areagotzea. 

- Azpiegitura energetikoak eta ingurumenekoak. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa energia berriztagarriko iturri berrien, biodibertsitatearen eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren buru izatea. 

Inbertsio Programa Berezi horren bidez, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-neurri egokiak aktibatzen ditu plan hau abian jarri eta egikaritzeko beharrezkoak diren baliabideen erabilera erraz dadin, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia- eta finantza-legeriaren eta aurrekontu-araubidearen esparruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko