Eusko Jaurlaritzaren ustez, Rolls eta Bainen arteko ITPren salmentarako akordioa, industria-proiektuan eta enpleguan fokua jarrita, bat dator Euskadik ezarritakoarekin
- Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azpimarratu duenez, akordioa "abiapuntu interesgarria da etorkizuneko ITP enpresarentzat, euskal sektore aeronautikoan estrategikoa den enpresarentzat"
Rolls Roycek eta Bain inbertsio funtsak gaur eguerdian ITP enpresa aeronautikoa salerosteko akordioa lortu ostean, Eusko Jaurlaritzak uste du operazioa bat datorrela Euskaditik ezarritako baldintzekin; izan ere, proiektu industrialean eta enpleguan dago fokua.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak akordioa baloratu du, Eusko Jaurlaritza Bainekin negoziatzen ari den testuinguruan, Gobernuak enpresaren etorkizuneko kapitalean izan dezakeen parte hartzeari buruz. “Abiapuntu interesgarria da ITP euskal sektore aeronautikoan estrategikoa den enpresaren etorkizunerako. Negoziazioa bideratu ahal izan dugu, baina oraindik lana dugu egiteko eta hobetzeko”.
Iñigo Urkullu lehendakariak joan den larunbatean sare sozialen bidez adierazi zuen bezala, Eusko Jaurlaritzak negoziazio bizia izan du azken hilabeteetan, eta argi eta garbi ezarri du zer eskakizun eta baldintza bete behar diren etorkizuneko enpresa horretan sartzeko.
Eusko Jaurlaritzak ordainketa handia egingo du enpresaren kapitalean, betiere ITP industria aeronautikoan estrategikotzat jotzen bada, eta erabakiguneak eta egoitza fiskal eta sozialak Euskadin jarraitzen badute. Beharrezkoa izango da finantza-indarra duen industria-proiektu sendo bat definitzea, inbertsioari, I+Gren aldeko apustuari eta enpleguari eusteko. Kontrol-neurriak beharko dira adostutako baldintzak betetzeko, eta Eusko Jaurlaritzak ordezkari bat izango luke sozietate nagusiaren administrazio-kontseiluan.
Arantxa Tapiak enplegua mantentzea bermatuko duen proiektu industriala izatearen garrantziaz hitz egin du. Azken 48 orduetan, modu publikoan zein pribatuan, Bainek baeiztatu du sinatuko dituen akordio guztietan hala egingo duela. Konpromiso hori bermatzeko, gobernantza-formula lantzen ari dira orain. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritza Administrazio-kontseiluan izango da.
Eusko Jaurlaritzak ordezkari bat izan nahi du Kontseilu horretan, baina presentzia maila kuantitatiboaz harago, garrantzitsuena da nola. Jaurlaritzak berme-mekanismoak finkatu nahi ditu, ezarritako baldintza guztiak bete daitezen.