Lehendakariordeak Euskadiko Enplegurako Berrikuntza Zentroen sarea aurkeztu du Gasteizen

2021-09-28
  • Azpiegitura horren buru izango den egoitza Gasteizen egongo da, eta Errenterian eta Sestaon azpiegoitzak izango ditu, Lanbidek kudeatut
  • Europar Batasuneko EER funtsekin finantzatuta, laneratzea eta kalitatezko enplegua sustatzea helburu duten proiektu berritzaileak bultzatu nahi ditu

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak Euskadiko Enplegurako Berrikuntza Zentroen sarea aurkeztu du gaur Gasteizen. Azpiegitura hori Europar Batasuneko EEM funtsekin finantzatu da, eta laneratzea eta kalitatezko enplegua sustatzeko proiektu berritzaileak bultzatzea du helburu. Sare horren buru izango den egoitza ­­‑Errenterian eta Sestaon azpiegoitzak egongo dira‑ Elvira Zulueta kaleko baserri enblematiko bat izango da, eta gaur bertara bisita egin du Mendiak SEPEko zuzendari nagusi Gerardo Gutiérrezekin batera. Sarea Lanbidek kudeatuko du.

Enplegurako orientazio-, ekintzailetza-, laguntza- eta berrikuntza-zentro publikoen sare bat sortzeak autonomia-erkidegoetan orientazioaren eta ekintzailetzaren arloan lan egiten duten erakundeek arlo horretan proiektu berritzaileak bultzatzeko ahaleginak partekatzeko beharrari erantzuten dio. Sare hori gainera, gaur egungo lan-merkatu hauskorrean Enplegu Sistema Nazionalaren euskarri espezializatu izatea bilatu nahi da. Sareak hogei zentro izango ditu, bat autonomia-erkidego bakoitzeko, bat hiri autonomo bakoitzeko eta beste bat estatu mailakoa. Zentro horien sorrera Europako Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismoen funtsen kontura finantzatuko da. Euskadiren kasuan, Gasteizen egongo den egoitza nagusiaz gain, beste bi azpiegoitza egongo dira Errenterian eta Sestaon.

Zentro hori Lanbideri atxikita egongo da Euskal Enplegu Zerbitzu gisa, eta berau kokatzeko hautatu den tokia eraikin enblematikoa da eta historia luzea du Gasteizen, eta balio arkitektonikoa dela-eta babes berezia du. Zentro horiek bultzatu nahi duten berrikuntza-espirituaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoa berritzailea izango da hasiera-hasieratik, iraunkortasun- eta efizientzia-irizpideetan oinarritutako birgaitzea egingo baita eraikinean. Gainera, eraikuntza-proiektua bera baliatuko da energia-birgaitzearekin lotutako prestakuntza- eta orientazio-programa bat hedatzeko.

Eraikinaren proiektuak birgaitze jasangarriaren sektoreari balioa emateko balioko du, haren potentziala erakutsiz eta etorkizuneko profesionalak prestatuz eta erakarriz. Horretarako, birgaitze-prozesuak honako ekintza hauek barne hartuko ditu: langabeentzako prestakuntza-programa bat, birgaitze energetikoari lotua; enplegu-eskaintzaileen eta -eskatzaileen arteko dinamizazio- eta lotura-jarduerak; edo interesdun nagusiak sentsibilizatzeko programa bat (gizartea, oro har, enpresak, langabeak, eragile ekonomikoak eta sozialak, eta abar).

Birgaitze jasangarriaren arloko prozesu berritzaile hori gauzatzeko, Lanbidek eraikuntza-sektorea bera eta enpresa-elkarteak eta Eraikune eraikuntza-klusterra izango ditu. Horretarako 2,3 milioi euro inbertituko dira birgaikuntzan eta 1,8 milioi euro proiektuan, eta datozen bi urteetan amaitzea espero da.

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak eraikina bisitatzean nabarmendu duenez, "Kalitatezko enplegu berritzailea lortzeko proiektu osoa da, hirian errotua, eragile guztiekin eta erakunde guztiekin lankidetzan eta behar bezala lerrokatuta jarduteko irekia".

Ildo horretan, gogorarazi du 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren diseinuan "aurkeztuko zaizkigun errealitate berriei parez pare egiten diegula aurre −horietako batzuk jada gure artean daude− eta errealitate horiek enpleguan kualifikazioa etengabe egokitzea eskatuko dutela. Eta egokitzeko gaitasun horrek, lan-merkatuaren beharrei aurrea hartzea eskatzen baitu, langileen beharrei erantzun beharra dakar".

"Enplegu bat mantentzea, enplegua aurkitzeko aukerak izatea edota enplegu hobe batera aldatzeko aukerak izatea prestakuntzaren mende dago, eta zerbitzu publikoek prestakuntza hori bermatu behar diegu pertsona guztiei, ez bakarrik ordaindu ahal dutenei", amaitu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak