Kontroleko osoko bilkura (2021/10/1)

2021-10-01

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Luis Javier Tellería Orriols Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, COVID-19aren pandemiaren bilakaeraren aurrean lehendakariak egiten dituen aurreikuspenei buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, azken asteetako bilakaera positiboa dela eta, Batzorde zientifiko-teknikoak neurriak Bizi Berri IV Planak eta Covid-19 Pandemia Kudeatzeko Neurrien Legeak 1. mailarako ezartzen dituzten aurreikuspenetara egokitzea proposatu du. Hala, lehendakariak adierazi du LABIren Aholku Batzordearen datorren astearteko bilerara osasun-larrialdiaren amaiera ezartzen duen dekretua aurkeztea gustatuko litzaiokeela.

Hala ere, Iñigo Urkulluk azpimarratu duenez, pandemia amaitu arte, beharrezkoa izango da eguneroko azterketa epidemiologikoari eustea, adierazle desberdinen joera sendotzen dela egiaztatzeko eta birusaren aldaeren bilakaera ikusteko.

Lehendakariak, amaitzeko, helburuak betetzen jarraitzeko, eta zuhurtasunaren, eta orekaren irizpideak mantentzeko deia egin du "Ahalegin handia egin dugu 18 hilabetez, zuhurtzia eta babes-neurriak manten ditzagun: maskara, distantzia eta pilaketak saihestea, horiek baitira gure benetako egoera epidemiologikorako egokiak. Hori da osasun publikoari, pertsonen osasunari eta pertsona bakoitzari egiten diogun ekarpena ", adierazi du.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Estatus politiko berriari buruz.

Iñigo Urkulluk, Lehendakaria den aldetik, bere erantzuna uste sendo batean oinarritu du: “aniztasuna babestu eta sustatu beharreko balioa da. Uste dut posible dela Estatus Berri batean aurrera egitea, Legebiltzar honek islatzen duen aniztasunaz baliatuz. Uste dut posible dela hemen akordio instituzional bat lortzea; ondoren, gizarteak, erreferendum bidez, erabaki dezan”.

Zentzu honetan, esan du erakundeek itun politiko bat zuzentzeko ardura dutela, leialtasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarritzen den eredua, “lortutako akordioak bi aldeen oniritzirik gabe ezin direla aldatu bermatuko duen lege-esparrua izan behar du, printzipio hori da edozein harreman politikoren oinarria”.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, espetxeen arloko baliabide materialak eta giza baliabideak Euskadiri eraginkortasunez eskualdatzeari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du gaur egun seinalatua dela, urrats bat gehiago eman baita euskal autogobernuan, espetxe-arloko baliabide materialak eta giza baliabideak Euskadira eskualdatuta.

Lehendakariak azaldu du dagoeneko ezarri direla sailen arteko koordinazio-harremanak, eta abian jarri dela espetxeetan zerbitzuak ematen dituzten erakundeekiko lankidetza, hala nola unibertsitateekiko edo erlijio-konfesioekiko. Era berean, Eusko Jaurlaritza Eudelekin gizartearentzako lanak egiteko hitzarmena lantzen ari dela jakinarazi du. "Lehentasuna emango diogu genero-ikuspegia espetxeetan sartzeari; zigortutako pertsonen seme-alabak babesteari; osasun mentaleko arazoei; justizia leheneratzaileko programei; laneratzeari; politika publikoen integrazioari edo hirugarren sektorearen lankidetza indartzeari", gaineratu du.

Gainera, adierazi du onartu berri den AUKERAK Gizarteratzeko Euskal Agentziaren legea espetxeen kudeaketan eta antolaketan aurrera egiteko tresnetako bat dela. Aukerak agentziaren helburua da: zigortuak birgizarteratzeko aukerak hobetzea; erdi-askatasuneko erregimenak betetzea areagotzea; biktimen eskubideak eta interesak babestea; eta segurtasun handiagoa lortzea, berrerortze txikiagoarekin.

"2022ko Aurrekontuen proiektuak euskal espetxe eredua garatzeko ibilbide orria ezartzeko behar den gastu konpromisoa jasoko du", gaineratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, auzitegien erabakiak errespetatzeari buruz.

Iñigo Urkulluk azpimarratu du, Zuzenbidezko Estatu batean bidezkoena ebazpen judizialak betetzea dela eta horixe egin duela Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, egoeraren larritasunak hala eskatzen zuela uste izan dutenean, legitimoki, desadostasuna adierazi dutela gaineratu du. “Gogorarazi nahi dizut Auzitegiko Gobernu Salak igorritako oharrak berak aitortu zuela ebazpen judizialei egindako kritiken legitimitatea. Ezin zitekeen bestela izan, “kontraesanaren printzipioa” eta “kritika” sistema demokratiko baten funtsezko elementuak baitira”, esan du.

Hala, Jaurlaritzaren kritika bi argudiotan oinarritzen dela azaldu du. Alde batetik, neurri berdinen aplikazioak kontrako ebazpenak jaso dituela hainbat auzitegi autonomikotan, "segurtasun falta horrek, pandemia baten erdian, ez du inolako zentzurik, ezta justifikaziorik ere". Eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzak hartu dituen erabaki guztiak batzorde zientifiko-tekniko baten irizpenetan oinarritu direla. Batzorde horrek, osasun-agintariekin lerrokatuta, hamar adierazle epidemiologiko eta pandemiaren bilakaera aztertzen ditu egunero.

Nolanahi ere, Euskadin oztopoak eta zailtasunak aurkitu arren, pandemiari emandako erantzunak herrialde aurreratuenen mailan daudela nabarmendu du Lehendakariak. “Hori posible izan da, zorionez, erakunde gehienak elkarlanean aritu direlako. Izan ere, gehienek jarrera eraikitzailea erakutsi dute pandemiak eragindako egoera berri, ezezagun eta oso larriaren aurrean”, adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Hezkuntzari buruzko euskal lege-proiektua onartu aurreko negoziazioen gainean.

Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak denbora luzea daramala hitz egiten Hezkuntza Lege berri bat adosteko, eta, hori oinarri hartuta, posible eta komenigarritzat jo duela Hezkuntza Legearen proiektua urtebete aurreratzea. "Datorren urtean Ganbera honetara bidaltzea da gure helburua", gaineratu du. Lehendakariak etorkizuneko lege hau onartzeko adostasun zabala lortzearen alde agertu du, eta, horretarako, uste du beharrezkoa dela prozesua ordenatua eta diskretua izatea.

Lehendakariak azaldu duenez, une honetan, Jaurlaritza hezkuntza-komunitatearen ideiak eta proposamenak entzuten ari da; eta, ondoren, "Hezkuntza Hitzarmena" oinarri hartuta, lege-proiektua egingo da, eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko da. Bertan, legebiltzar-taldeekin hitz egingo da, ahalik eta adostasun handiena lortzeko, "Hezkuntza Legea" onartzeari begira. "Lehenik eta behin, hezkuntza-akordioaren oinarria, eta, ondoren, adostasun legegilea", zehaztu du.

Galdera, Laura Garrido Knörr euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko erronka demografikoaren arloko sailarteko planari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du egoera demografikoa lehentasunezko kezka eta erronka dela Eusko Jaurlaritzarentzat, bai tokiko ikuspuntutik, bai ikuspegi globaletik. Horrela, azaldu du, une honetan, erakundeen arteko eta gizarte zibilarekin lankidetzan aritzeko akordio bat prestatzen ari direla, erronka demografikoaren aurrean 2030erako Estrategia bat ezartzeko. Dokumentu hori urtea amaitu baino lehen aurkeztuko da Legebiltzarrean. "Begirada luzeko akordio bat behar dugu, helburu nagusi batean oinarrituko dena: gure gazteek bizitza autonomoko proiektu bat garatu ahal izateko baldintzak sortzea, gure gazteen emantzipatzeko gaitasuna sustatzeko akordio bat, eta, ondorioz, nahi duten seme-alaba kopurua izan dezaten", gaineratu du.

Hala, Lehendakariak adierazi du estrategia horren irizpideak epe luzerako ikuspegian, erakundeen arteko lankidetzan eta gizarte-konpromisoan oinarritzen direla, eta bost jarduera-ardatz identifikatu ditu: gazteen emantzipaziorako laguntza; familia-proiektuak eraikitzeko laguntza zuzenak; adinekoen bizitza autonomoa eta osoa sustatzea; migrazio-gizarteratzea; eta landa-berbalorizazioa. Ardatz bakoitzak ekimen eta jarduera espezifikoak izango ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak