Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadiko Merkataritza Modernizatzeko programak 14,4 milioi euroko inbertsio induzitua eragin du 2 hilabetean

2011.eko abuztuak 30

Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko Programak (aurkezteko epea irailaren 16an amaitzen da) 2 hilabetean 2010eko 3 hilabete eta erdian eragindako eskabide kopuru bera eta inbertsio induzitu bera sorrarazi ditu.

2010eko programarekin 1.800 saltokik jaso zituzten diru-laguntzak, eta horren eraginez, 40.000.000 €-ko inbertsio induzitua izan zen, inbertsioen ia % 90a merkataritza-lokala berritzeko erabili zelarik.

Euskadin 2.000 saltokitik gora daude UNE ARAUArekin ziurtatuta eta 9 saltoki Q-arekin. Bikaintasuna eskatzeko 2011ko epea urriaren 7an amaitzen da. 

Euskadiko Merkataritza Modernizatzeko programak -4.153.693,96 euroko aurrekontu-zuzkidura esleitua duenak- orain arte 14,4 milioi euroko inbertsio induzitua eragin du. Proiektuak aurkezteko epea irailaren 16an amaitzen da. Eskabideak erritmo onean aurkezten ari dira; izan ere, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean jadanik 663 espediente jaso dira, 48 Araban, 268 Gipuzkoan eta 347 Bizkaian; kopuru hori iaz data berdinean jasotako ia kopuru bera da baita inbertsio induzitua ere (665 espediente eta 14.490.000 euroko inbertsio induzitua) nahiz eta 2010ean eskabide-epea hilabete eta erdi lehenago hasi zen. 

Lortutako aparteko emaitzak ikusita, Eusko Jaurlaritzak euskal saltokiak modernizatzeko iazko apustuari berriz ekitea erabaki du. Renove Plan horri jarraiki saltokiei itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematen zaizkie; zehazkiago, % 15eko diru-laguntzak altzarietan, obra zibilean, askotariko ekipamenduetan, errotuluetan eta abarrean egindako inbertsioetarako, eta % 20ko diru-laguntzak ekipo informatikoetan, aplikazioetan edo osagarrietan egindako inbertsioetarako, hurrenez hurren. Diru-laguntza horiek handiagoak ere izan daitezke baldin eta enpresak Euskadin ugari diren merkataritza-elkarteren bateko kide badira edo kalitate-ziurtagiriren bat lortu baldin badute. 

Merkataritza-jarduera duten ETEak izango dira laguntzen hartzaileak, eta merkataritza-jardueratzat hartuko da xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, bere horretan, funtsezko eraldaketarik gabe, merkatuaren esku jartzea, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek, eurek zuzenean, kontsumorako ondasunak saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira. 

Diru-laguntza jasotzeko aukera izateko, inbertsioek 600 eurotik gorakoak izan behar dute ekipamendu informatikoei dagokienez eta 2.000,00 eurotik gorakoak gainerako kasuetan; bestalde, establezimendu bakoitzeko lor daitekeen gehienezko diru-laguntza 12.000 € izango da. 

Plan hori joan den urtean jarri zen abian; izan ere, 2015erako Merkataritzaren Egokitze Plana onartzean, Euskadiko saltokiak, batez beste, zazpi urtean behin eraberritzen direla egiaztatu zen. Eta epe hori luzeegia da. Horregatik, batez besteko epe hori murrizteko eraberritze-prozesuei ekiteko laguntzak emateari lehentasuna eman dio Eusko Jaurlaritzak. Iazko programarekin 1.800 saltokik jaso zituzten diru-laguntzak, eta, horren eraginez, 40.000.000 €-ko inbertsio induzitua izan zen, inbertsioen ia % 90a merkataritza-lokala berritzeko erabili zelarik. 

Horrelako programa batean euskal saltokiek izan duten parte-hartze handiak adierazten du egungo egoera ekonomikoan ere, Euskadiko saltokiak beren salmenta-puntuak modernizatzeko ahalegina eta horren aldeko apustua egiten ari direla kalitatearen ildotik. 

Saila ere baliabideak eskaintzen ari da gure saltokiek bikaintasunaren bidean aurrera egin dezaten. 2010. urtean, 200 establezimenduk baino gehiagok hasi zuten bikaintasuna lortzeko bidea eta prozesu horrek bi urte inguru iraungo du. Horietatik guztietatik, 9k lortu zuten 'Q' ziurtagiria eta horrek haien kudeaketa-prozesuen hobekuntza dakar. Eskabideak aurkezteko 2011ko epea urriaren 7an amaituko da eta antzeko emaitzak espero dira. Gero eta saltoki gehiagok bereiztu nahi dute etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua eginez. 

Kalitatearen prozesu hori "Bezeroarentzako Arreta" oso egokia ziurtatzen duen UNE Arauarekin hasi da. Sailak dituen datuen arabera 2011ko ekitaldia ixten denerako 2000 saltoki ziurtatu baino gehiago izango dira. Egoera hori bikaintasunaren eremuan aurrera egitearen ataria da, bezeroarentzako arretaren eremua gaindituz eta enpresa-kudeaketako bestelako prozesuak jorratuz: hobeto erostea, finantza-gastuak egoki kudeatzea, salmenta-puntuaren merchandisinga... 

Jardun horiek Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bere 2010-2013 Lehiakortasun Planean eta bere Merkataritza Egokitzeko 2015 Planean ezarritako helburuetan bilduta daude; izan ere, Plan horien bidez Euskadirentzat merkataritza lehiakorra eta kalitatezkoa sustatu nahi da. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abuztuaren 30a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan