Eusko Jaurlaritzak % 6,7an mantentzen du 2021erako euskal ekonomiaren hazkundearen aurreikuspena eta % 6,4ra igo du 2022koa

2021-09-24

Ekonomia eta Ogasun Sailak bere koadro makroekonomikoa eguneratu du. 2021ean % 6,7ko hazkundea izango den aurreikuspenari eutsi dio, eta 2022koa gorantz berrikusi du, % 6,4ra igoko dela aurreikusi baitu, hau da, zazpi hamarren gehiago. Hala iragarri du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

2021eko datu globala berdina izanik ere, hazteko modua zertxobait aldatu da. Eskariaren ikuspuntutik, barne-eskaria indartsuagoa da orain; lehen % 6,9 haziko zela aurreikusten zen, eta datu berrienek % 7,3raino egin dute gora. Txanponaren beste aldean, barne-eskariaren intentsitate horrek berak inportazio handiagoa eskatzen du, eta, hartara, oraingo aurreikuspenean negatiboagoa da kanpokoarekin dagoen saldoa. Eskaintzari erreparatuta, egungo egoerak industriaren bultzada handixeagoa aurreikusten du, eta haren balio erantsia % 9,7 handitzea aurreikusten da. Eraikuntza % 4,2 handitzea espero da, eta zerbitzuak % 5,7 handitzea, oso kopuru adierazgarriak dira horiek.

Estatuan 2022rako itxaropenak duela hiru hilabetekoak baino baikorragoak dira. Ingurune hurbileneko hobekuntza hori Europako funtsen egutegien ondoriozkoa da, aurreikusten diren irabaziak 2022an metatzen baitira, batik bat. Estatuaren hazkunde handiago horrek eragin positiboa izango du Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian, eta aurrez aurreikusitakoa baino bultzada handiagoa izango du.

Gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Pedro Azpiazu sailburuak Euskadiko eta Estatuko 2022 Aurrekontuei buruz hitz egin du, baita Next Generation EU Europako funtsei eta lehendakariak joan den astean iragarritako inbertsioen planari buruz ere.

2 iruzkin
  • 2021-09-26

    Argiak gora egiten du, energiak gora egiten du, eta gero ura igoko da eskari handiko eskasia dela eta. Zorra ordaintzeko zergak zeharka igoz gero, bizi-kostu handiagoa sortzen ari gara, eta batzuek uste dute ondo ordaindutako eta kalitatezko lana pertsona pribilegiatuei geratzen zaiela, besteei axola gabe xahutzea ahalbidetzeko, dagoeneko zerbait laguntzen dela kontuan hartuta.

  • 2021-09-26

    Sube la luz, y la energía y luego subirá el agua con esto de la escasez con alta demanda, subiendo indirectamente los impuestos para pagar la deuda vamos generando mayor coste de la vida y haya quien tenga por tener como que el trabajo bien pagado y de calidad quedara a personas privilegiadas hasta para permitirse el derroche sin importar a los y las demás con el cuento de que ya se ayuda algo.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan