Kultu lekuen, zentroen eta erlijio-aniztasunaren Legeak Artolazabal batzordean agertzearekin hasi du bere ibilbidea Legebiltzarrean

2021-09-27
  • Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lege-proiektua aurkeztu dio Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordeari
  • “Euskal botere publikook neurri positiboak hartu behar ditugu, baita arau izaerakoak ere, oinarrizko eskubideen erabilera bermatzeko”, esan du

 

Vitoria-Gasteiz, 2021/09/27

Euskal Autonomia Erkidegoko Lekuei, kultu-zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko Lege Proiektua gaur hasi da Legebiltzarrean, behin betiko onesteko, dokumentua Eusko Legebiltzarreko Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasunaren Batzordean aurkeztuta. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek aurkeztu du bere agerraldian dokumentua. Dokumentu hori ekainean onartu zuen Gobernu Kontseiluak.

“Proiektu honen helburua euskal gizartearen bizikidetza eta erlijio-askatasunerako eskubidea babestea da. Erlijio-aniztasuna behin betiko fenomeno atzeraezina da gizarte gehienetan, baita euskal gizartean ere”, azaldu du sailburuak. “Fenomeno horrek legeriak berak baino azkarrago egin du aurrera, eta, horregatik, batzuetan, errealitate berri hori positiboki kudeatzeko beharrezko lege-tresnak falta izan dira”, esan du.

Alde horretatik, lege berriak estaldura juridikoa eman nahi dio euskal autonomia erkidegoan dagoen aniztasunari, “Euskadin finkatutako konfesio guztien bizikidetza baldintza berdinetan babestuz eta bermatuz”, azaldu du Artolazabalek.

Sailburuak Ikuspegik eta Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egindako azterketa aipatu du, erlijio-aniztasunari buruzko mapa batean islatua. Ildo horretatik, nabarmendu du katolizismoa dela oraindik ere Euskadin gegien errotuta dagoen konfesioa, milioi eta erdi fededunekin, eta atzetik dituela fede musulmana (90.000) eta Eliza Ebanjelikoa (30.000).

Artolazabalek azaldu duenez, erlijio-aniztasuna “ukaezina da” EAEn, eta nazioarteko antolamendu juridiko demokratikoak “funtsezko eskubide” gisa definitu duela aipatu du.

“Pertsonen eta taldeen askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen, baldintzak sustatzeko eta oztopoak kentzeko neurriak hartu behar ditugu”, azaldu du. Eta lege honen izapidetze parlamentarioaren hasierari dagokionez, Artolazabalek esan du “euskal botere publikoek neurri positiboak hartu behar ditugula, araugintzakoak barne, gure lurraldean oinarrizko eskubideen erabilera ziurtatzeko, eta horrek, jakina, erlijio-askatasuna barne hartzen du”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako saliburuak bere hitzaldia amaitu du, kudeaketa positiboaren harremanari balioa emanez. Hori dela eta, Erlijioen arteko Euskal Kontseilua sortzea positibotzat jo du; kontseilu horrek aholkularitza eta txosten eginkizunak izango ditu erlijio- eta kultu-askatasunei berariaz eragin diezaieketen euskal erakundeen ekimen eta erabakietan.

“Kontseilua elkarrizketarako eta akordiorako foro bat da, gure gizartearen aniztasuna babesteko eta sustatzeko diagnostikoak partekatzeko eta jarduerak proposatzeko”, ondorioztatu du Beatriz Artolazabalek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak