Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hainbat erkidego eta estatua bildu dituzte Gerra Zibileko biktimei buruzko jardunaldi batean

2021-09-22
  • Gogora Institutuak eta Nafarroako Memoriaren Institutuak batera antolatu dute Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren biktimen erroldak
  • Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak memoriaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan aurtengo ekainean sinatutako lankidetza-hitzarmenetik sortu da.
  • Mota horretako lehen topaketa da Estatuan.

Vitoria-Gasteiz, 2021/09/22

José Antonio Rodríguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordeak eta Martín Zabalza Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren biktimen erroldak jardunaldia aurkeztu dute gaur Bilbon, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan. Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak eta Cesar Layana Memoriaren Nafarroako Institutuko dokumentazio saileko buruak lagundu diete.

 

Gaurkoa Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren biktimak aztertzen dituzten datu-baseen inguruko jardunaldia da, esparru autonomikoan. Era berean, mota horretako lehen topaketa da Estatuan. Bertan, hainbat ikerketa-proiekturen ordezkariek parte hartzen dute, proiektu horiek instituzionalak, asoziatiboak edo akademikoak izan, autonomia-erkidegoetan egiten ari diren ekimen guztiak bateratzeko, haien ikerketen ondorioak partekatzeko eta baterako lan-ildoak aztertzeko. Diego Blazquez Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzako zuzendariak ere parte hartu du jardunaldian, eta Marc Andreu Herrea Illes Balear Uharteetako Memoria Demokratikoaren zuzendari nagusiak ere parte hartu du.

 

Jardunaldi hau Gogora Institutuaren eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren baterako ekimena da, eta EAEko eta Nafarroako gobernuek memoriaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan aurtengo ekainean sinatu zuten lankidetza-hitzarmenetik sortu da.

 

Parte-hartzaileei eta bertaratutakoei ongietorria emateko hitzaldian, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak zoriondu egin du topaketa hau ahalbidetu duen bi erakundeen arteko lana, elkarrekin lan egin nahi izatearen "benetako konpromisoaren" isla baita, "Gure memoria-politiken oinarri diren printzipioak eta balioak partekatzen ditugulako". Eta beste ekimen bateratu batzuk sortzeko asmoa agertu du.

 

Rodríguez Ranzek, halaber, autonomia erkidegoen artean eta Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzako ordezkarien artean ezagutza partekatzeko, lankidetzan aritzeko eta transferitzeko borondatea dagoela adierazi du. Zentzu horretan, honakoa esan du: "Memoriak ez luke kolorerik edo banderarik izan behar, oroimenak egia, duintasuna, justizia, aitortza esan nahi duelako, inoren monopolioa ez diren printzipioak, guztion ondarea izan beharko lirateke".

 

Azkenik, Jose Antonio Rodriguez Ranz sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak biktimekiko eta dagozkien eskubideekiko duen konpromisoa: egia, duintasuna, justizia eta aitortza. Alde horretatik, biktimen zentsuek egia lortzen eta duintzen laguntzen dute, eta, horretarako, identifikatu, pertsonalizatu, biografiak gizatiartu eta heriotzen inguruabarrak dokumentatu egiten dituzte. Sailburuaren hitzetan, memoria ez da iragana bakarrik, etorkizuna ere bada, eta bizikidetzarako gakoa da.

 

Hizlariak eta proiektuak

Inaugurazio hitzaldia Queralt Solék eman du, historia garaikidean doktorea eta Bartzelonako Unibertsitateko Historia eta Arkeologia Saileko irakaslea. Gaur egun, Bartzelonako Unibertsitateko ordezkaria da Memorial Democratic-eko Batzorde Zientifikoan. Azken urteotan, Erorien Haranaren historian zentratutako ikerketa-ildo bat landu du, eta, horren ondorioz, Estatuak (2021) ikerketa bat enkargatu dio bere senideak mausoleo frankistatik ateratzeko eskatzen duten pertsonei buruz.

 

Ondoren, Lourdes Herrastik eta Jon Penchek Euskadiko Giza Eskubideen urraketei (1936-1978) buruz Gogora Institutuak bultzatutako proiektuari buruz hitz egin dute. Lourdes Herrasti doktorea da, Historian lizentziaduna, osteoarkeologian espezializatua, giza eskubideen urraketen ikerketan aditua eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Saileko kidea. Jon Penche EHUko Historia Garaikidean doktorea da, eta gaur egun UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako ikertzaile kontratatua da. II. Errepublikan eta Gerra Zibilean aditua Euskadin, Gogora Institutuaren "giza Eskubideen urraketa Euskadin" proiektuaren barruan, ikerketa-taldearen koordinazioaz arduratzen da.

 

Fernando Mendiolak "Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentala" proiektua aurkeztu du. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historia Garaikideko irakasle titularra da, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtseko zuzendaria eta Historia eta Ondareko dekanordea. 2003tik errepresio frankista ikertzen ari da, batez ere gerrako presoen lan behartuak, eta gai horri buruzko hainbat argitalpen argitaratu ditu Estatuan eta nazioartean.

 

EAEko eta Nafarroako proiektuei buruzko ponentzia horien ondoren, beste autonomia-erkidego batzuetako proiektuak azaldu dira:

 

-. Cost Humà de la Guerra Civil (Catalunya): Oriol Dueñas (Memorial Democràtic).

-. Todos los Nombres (Andaluzia): José Luis Gutiérrez Molina.

-. La Memoria Recuperada (Valentziako Erkidegoa): Francisco Sevillano (UA)

-. Víctimas de la Dictadura en Castilla La Mancha: Manuel Ortiz Heras (UCLM)

-. Nomes e Voces (Galizia): Emilio Grandio Seoane (USC)

-. Víctimas de la Guerra Civil y de la represión franquista en Asturias: Carmen García (UNIOVI)

 

Jardunaldiaren amaieran, hildakoen eta errepresaliatuen errolda partekatu baterantz mahai-ingurua egin dute hizlari guztiek eta Diego Blazquez Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzako zuzendari nagusiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak