Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du Euskal Espeleologoen Elkargoarekin larrialdien eta babes zibilaren arloan (Gobernu Bilera 2021-9-21)

2021-09-21
  •  Hitzarmenaren helburua da bi aldeen arteko lankidetza antolatzea arrisku larriko eta hondamendi edo lazeria publikoko egoeretarako
  • Lankidetza-hitzarmenak dakar Segurtasun Sailaren irizpide eta lehentasunekin bat datorren jarduera-programa bat gauzatzea 

Eusko Jaurlaritzak eta Unión de Espeleólogos Vascos – Euskal Espeleologoen Elkargoak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute larrialdien eta babes zibilaren arloan arrisku larriko eta hondamendi eta lazeria publikoko egoeretan jarduteko. Hitzarmenak inplikatzen du jarduera-programa zabal bat gauzatzea Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren lehentasunei eta irizpideei jarraituz. 

Hitzarmen berriak aurrekoa, bi aldeek 1994an izenpetu zutena, ordezkatuko du, eta inplikatzen du, beste ekimen interesgarri batzuen artean, elkargoari izendatutako jardueren urteko programa elkarrekin prestatzea. Jardueren artean leudeke baliabideak mobilizatzea, elkargoko kideei zuzendutako formakuntza-programak diseinatzea eta ariketak eta simulakroak antolatzea. 

Horrez gainera, elkargoak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari aurkeztu beharko dio larrialdi-egoeretan erabil edo mobiliza daitezkeen eta erabilgarri dauden baliabide eta bitartekoen zerrenda zehatza. 

Unión de Espeleólogos Vascos – Euskal Espeleologoen Elkargoaren ezaugarria da boluntarioen parte-hartzean oinarritutako kudeaketaren malgutasuna, eta horrek ahalbidetzen du programa eta zerbitzu espezializatuak premiaz antolatzea. Euskal Espeleologoen Elkargoak eskarmentu handia du larrialdi-egoeretan herritarrei laguntzeko eta babes zibilaren arloko lanetan, eta Eusko Jaurlaritzarentzat balio handiko lankidetza-erakunde eraginkorra da, beraz. 

Hitzarmen hau lau urtez egongo da indarrean, izenpetzen den egunetik zenbatzen hasita.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko