Lehendakariak Sempervirens espiritua partekatu du, “etorkizunari itxaropenez begiratzen diogu, iraganeko esperientzia eta gehien sufritu dutenekiko elkartasuna ahaztu gabe"
-
Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin die Covid-19ko biktima guztiei Sempervirens parkean
-
Jasandako sufrimenduaren oroitzapena eta gizarteak adierazitako konpromiso- eta elkartasun-espiritua bizirik mantentzeko borondatea berretsi du lehendakariak
Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan da Sempervirens parkean egin den Covid-19ko biktima guztiak oroitzeko eta aintzatesteko ekitaldian. Ekitaldi horren bidez, senitartekoren bat galdu duten familia guztiei elkartasuna adierazi zaie eta pandemia honetan arlo guztietako profesionalek egindako ahalegina aitortu da.
Biktima guztien oroimenez landatutako sekuoiaren eta oroitzapenezko plaka baten inguruan egin da ekitaldia; eta musika pieza labur batek eta Lehendakariaren hitzaldiak osatu dute.
Pandemia aldarrikatu zenetik bizia galdu duten 4.700 pertsona baino gehiagoren familiei zuzendu zaie lehendakaria, hurbiltasun-, dolumin- eta elkartasun-sentimendua helarazteko, bai eta erakundeek eta gizarteak jasandako sufrimenduaren oroitzapenari eusteko duten borondatea adierazteko ere. Gainera, gizarteak pandemian erakutsitako konpromisoa eta elkartasuna bizirik mantentzeko nahia azaldu du, "pandemiaren biktima bakoitzarekiko enpatia gorpuzten eta oroimenean sustraitzen laguntzen digu".
Sempervirens
Sequoia parkea egokitu egin zen Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, Sempervirens parkea (beti berdea), oroitzapenaren, elkartasunaren eta itxaropenaren parkea bihurtzeko. Birmoldaketan, bere monumentaltasunagatik, 1860an landatutako eta 2014an lehortutako sequoia erraldoia mantentzea erabaki zen, "zuhaitz lehorra izan arren, bere indarrak eta sendotasunak memoria kolektiboaren iraupena irudikatzen laguntzen baitute", adierazi du Lehendakariak.
Iaz, gune horren inaugurazioa zela eta, Sempervirens barietatearen Sequoia bat landatu zen biktima guztien oroimenez. Zuhaitz gaztea da, eta, Lehendakariaren hitzetan, zoritxarraren aurrean konplizitatearen eta lankidetzaren indarra irudikatzen ditu. Ildo horretan, Urkullu lehendakariak azpimarratu du Sempervirens-ek, une honetan, garai berri bati ekiteko itxaropena sinbolizatzen duela, tunel pandemikoa atzean utzi eta errekuperazio pertsonala eta emozionala, soziala, ekonomikoa eta bizikidetzakoa, hasteko.
"Gaur, Sempervirens espiritua partekatzen dugu, etorkizunari itxaropenez begiratzen diogu, iraganeko esperientzia eta gehien sufritu dutenekiko elkartasuna ahaztu gabe", azpimarratu du Urkulluk.
Ahaleginari aitortza
Parke honek zerbitzu publikoetako profesionalek egindako ahalegina ere gogorarazten du. Gaurko ekitaldian, oinarrizko zerbitzuetako profesionalen lana, boluntarioen ahalegina eta erantzun zibikoa emateko konpromisoa hartu zuten pertsonak ere errekonozitu dituzte.
Gasteizko Sempervirens parkean egindako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako sailburuez gain, ahaldun nagusiak, hiru hiriburuetako alkateak eta euskal erakundeetako, Eudeleko, Arartekoko, alderdi politikoetako eta epailetzako ordezkari na gusiak ere izan dira.