Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak bizikidetzarako Udaberri 2024 plana aurkeztu du, “kontraste prozesua” amaitu eta hainbat kolektiboren ekarpenak jaso ondoren

2021-09-21

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Udaberri 2024 Planaren behin betiko testuaren berri eman du, ekarpen eta kontraste-prozesua amaitu ondoren. "Hilabete hauetan jasotako kontraste, hausnarketa eta ekarpen horien ondorioz, hasierako dokumentua aberasten duten alderdiak gehitu edo indartu ditugu", azaldu du Artolazabalek.

Udaberri 2024 Bizikidetzarako, Giza Eskubideetarako eta Aniztasunerako Planak honako printzipio hauetan oinarritutako elkarbizitza-eredu bat eraikitzen jarraitzea du helburu: pertsonaren duintasuna, terrorismoaren eta indarkeriaren erabateko deslegitimazioa, giza eskubideen berme eta babes eraginkorra, eta aniztasuna zaindu eta garatu beharreko balio gisa onartzea.

Dokumentuak “giza eskubideen urraketa larriko” bost hamarkadei eta “Euskadin askatasunen aurkako atentaturik zuzenenari” eta ETAren indarkeriarik gabeko azken hamar urteei egiten die erreferentzia, eta hori guztia “benetako diagnostiko itxaropentsu” batetik abiatuta, “ikasgai” batzuk geratzen diren arren. “Iraganari buruzko hausnarketa kritikoan bereziki ETAren terrorismoa eta indarkeria erabili edo justifikatu dutenei, interpelazioa egin behar zaiela azpimarratu nahi dugu”, gaineratu du.

Era berean, dekalogoak terrorismoaren eta beste indarkeria-adierazpen batzuen biktimen aitortza “legala, instituzionala, soziala eta morala” egiten du; halaber, “gure memoria” eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, eta “nortasun propioa” duen eta euskal ereduan jasotako helburu birsozializatzailea duen espetxe-politika baten defentsan jarraitzen du. Gainera, “etorkizuneko bizikidetza-eredua eraikitzean, gazteriak izan beharko lukeen garrantzia azpimarratzen dugu plan honetan”, esan du Artolazabalek.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak, bere aldetik, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onatutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2021-20222erako Galeseko, Flandriako eta Korsikako eskualdeekin lankidetza teknikoko proiektuak babesteko deialdia. Guztira 40.000 euro banatuko dira alde biko harremanak sendotzea eta Euskadirentzako estrategikotzat jotzen diren kanpoko beste eskualde batzuekin itunak eta lankidetzak finkatzeko helburuarekin. 

Segurtasun arloan, bi lankidetza-hitzarmen sinatzea erabaki du gaurko Gobernu Kontseiluak. Alde batetik, Segurtasun Sailaren eta Euskadiko Gurutze Gorriaren Batzorde Autonomikoaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu da, bereziki zaurgarriak diren kolektiboekin, adinekoekin eta migratzaile edo errefuxiatuekin, erlazionatutako Segurtasun Plan Nagusiaren babesean, horien segurtasunak izan ditzakeen mehatxuei aurrea hartu ahal izateko. Eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren eta Unión de Espeleólogos Vascos – Euskal Espeleologoen Elkargoaren arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu da, larrialdien eta babes zibilaren arloan arrisku larriko eta hondamendi eta lazeria publikoko egoeretan jarduteko. Hitzarmenak inplikatzen du jarduera-programa zabal bat gauzatzea Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren lehentasunei eta irizpideei jarraituz.

Ekonomia eta Ogasun saiali lotuta, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko arriskuen aseguramendua esleitzeko kontratu-prozedura berri baterako jarduerei hasiera ematea, lizitazio-prezioaren bi urteko aurreikuspena 60.480.000 eurokoa izango delarik.

Halaber, Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Euskal Autonomia Erkidegoko udalei diru-laguntzak emateko deialdia, batetik, udalerrietako informazio geografikoa hobetzeko, eta, bestetik, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturako osagaiak geoEuskadi geoatariaren bidez berrerabiltzean edo integratzean oinarritutako baliabide edo zerbitzu geografikoak ezartzeko.

Azkenik, Kultura eta hizkuntza politikari dagokionez, Bingen Zupiria sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak 60.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu duela gaur Euskadiko Piraguismo Federazioarentzat, Orbeldin, Usurbilen, ur bizien kanala eraikitzeko proiektua finantzatzeko.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du, baita txertaketa prozesuaren inguruko informazioa ere. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako profesionalei eskerrak emateko abiarazi duen kanpaina aurkeztu du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak