Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

20 euskal enpresatako 60 ordezkari ETEentzako berrikuntza erradikaleko proiektu batean aitzindari izango dira

2011.eko abuztuak 25

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren eta IK4-ren bitartez abiarazitako proiektu pilotua da.

Proiektu horren bidez, orain arte I+Garekin lanik egin ez duten Euskadiko enpresa txikietara hedatuko da I+Ga . 

Euskadik BPGaren % 2 inguru inbertitzen du I+G+Ban eta ehuneko hori bat dator EBko batez bestekoarekin, Espainiako batez bestekoa nabarmen gaindituz. 

Eusko Jaurlaritzak I+G+Ba indartzeko ahaleginean dihardu. Oraingoan, Euskadiko 20 ETEtako 60 ordezkari (enpresako hiruna) aitzindari izango dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) eta IK4 Research Alliance-ren bitartez abiarazi duen "Berrikuntza Erradikaleko" proiektu pilotu batean. Proiektuaren helburua zera da, orain arte I+Garekin lanik egin ez duten Euskadiko enpresa txikietara I+Ga hedatzea. 

Proiektua aurten gauzatuko da, azken lauhilekoan, eta berrikuntza erradikaleko proiektuak identifikatu eta definituko dira, Euskadiko ETEetan I+Ga sustatzearren. Ikerlan-IK4 aliantzak landu duen prozesu baten bitartez gauzatuko da, prozesu egituratu, sistematiko eta optimizatu baten bitartez. Abantaila nagusietako bat kostu txikia da, betiere enpresen ordu-inbertsioaren kostuari dagokionez. IK-4ren metodologiarekin, hilabete horietan honako hauek lortu nahi dira: alde batetik, inplikatutako langile guztiek inbertitutako 1.000 orduan negozio-posizionamenduarekin bat datozen berrikuntza-proiektuak identifikatu eta definitzea, lehiakortasunean eragin nabarmena izanik; eta bestetik, esperientzia pilotua izatea ETEetan berrikuntza sistematikoa indartzeko jardueren metodologiari, teknologiaren ekarpenari eta jarraipen-prozesuari dagokienez. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Euskadiko enpleguaren % 87,6 ETEetan eta mikroETEetan kokatuta dagoela, hau da, 250 langile baino gutxiagoko enpresetan.                                                                                                                                                                                                                                  

Euskadik BPGaren % 2 inguru inbertitzen du I+G+Ban eta ehuneko hori bat dator EBko batez bestekoarekin, Espainiako batez bestekoa nabarmen gaindituz. Oraingoan, Sailak 52.000 €-ko inbertsioa egingo du Spriren bitartez eta, horri esker, gure enpresen lehiakortasuna areagotu nahi da. 

Programa hori Compite estrategiatik sortu da eta bere asmoa Euskadik aurrera egitea da, ikerketaren eta teknologiaren alorreko erreferente gisa Euskadik Europan duen posizioan aurrera egitea; laneko helburu hori 2010-2013 Lehiakortasun Planean nahiz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2010eko Planean jasota dago. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abuztuaren 25a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan