Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Onda Vasca irratian

2021-09-20

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Onda Vasca irratiko "El Primer Café" saioan. Bertan, ikasturte-hasiera eta zuzentzen duen sailak une honetan esku arteran jorratzen hainbat gai izan ditu hizpide sailburuak.

Hasi berri den 2021-2022 ikasturtearekin, Bildarratzek nabarmendu du ikasturtea ondo hasi dela, baina aste honetan eta hurrengoan zer bilakaera izango duen ikustea nahiago izan du, garapena hobeto baloratu ahal izateko. 12 urtetik gorako ikasleen txertaketaren prortzentaje altua txalotu du, baina gogorarazi du, adin horretatik beherako txertorik ez badoela oraindik, eta beraz, fokua Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan jarrita dagoela orain. Hori dela eta, zuhurtziaz jokatzeko deia egin du berriro ere.

Unibertsitateari dagokionez, azpimarratu du ikasturte honetarako helburua, pixkanaka, erabateko presentzialtasunera iristea dela, Euskal Unibertsitate Sistemak ezarriak dituen beste lau helburu nagusiez gain: kalitatean eta bikaintasunean sakontzen jarraitzea; unibertsitateak enpresarekin eta ekoizpen-sarearekin duen harremana; berrikuntza eta ikerketa; eta nazioartekotzearen esparrua. Hezkuntza sailburuak, gainera, nabarmendu du Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateak (EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatea) eta Hezkuntza Saila era koordinatuan¡ ari direla lanean, eta "eredutzat" jo du izaera hain desberdineko hiru unibertsitatek modu koordinatuan lan egitea.

Hezkuntza Legea

Hezkuntza Lege berriari buruz galdetu diotenean – Lehendakariak 2022rako aurreratu zuen lege hori tramitatzeko aurreikuspena, aurreko astean egindako Politika Orokorreko Eztabaidan –, Bildarratz pozik agertu da eztabaida horretan alderdi politikoek izan duten jarrera positiboarekin. Hezkuntzak ebaluazioa, hobekuntza eta XXI. mendera egokitzea behar dituela esan du, "Europan erreferente izan gaitezen".

Ildo horretan, lan diskretua eskatu du sailburuak, Hezkuntza Saila egiten ari den eran, eta positibotzat jo du alderdi politikoak dokumentuak aurkezten hasi izana eta Sailarekin eta hezkuntza-eragileekin batera lan egiteko borondatea erakutsi izana, Sailak lehenagotik lantzen ari den gaiak mahai gainean jarriz, hala nola ikastetxeen autonomia, ikasleen ahalduntzea edo hezkuntza-sistemaren deszentralizazioa.

Horretarako, aurreratu du Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin urriaren 22rako kongresu bat antolatuko dela, eta bertan teknikariak, profesionalak eta irakasleak gonbidatuko direla hausnarketa egiteko hezkuntzaz, euskararen inguruan, inklusioaren inguruan, segregazioaz – mota guztietako segregazioaz, zehaztu du – edo immigrazio-prozesuaren inguruko hainbat gairi buruz gogoeta egiteko. Bildarratzek azpimarratu du prozesu irekia dela, "herrialde batentzako hezkuntza prozesua baino gauza garrantzitsuagorik ez dagoelako, etorkizuna baitago jokoan".

DBHko ebaluazioei buruz galdetuta, Hezkuntza sailburuak azaldu du Saila curriculum-kontuak aztertzen ari dela, baina ikasleen etengabeko ebaluazioaren balioa nabarmendu nahi izan du. Konpetentzien ebaluazioak etengabekoa izan behar duela esan du, ikasleak egunez egun nola egin duen hobera baloratuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak