Berriak Segurtasuna

Josu Erkorekak erantzukizunerako deia egin du eta iragarri du dispositibo berezi bat zabaldu dela "ordena publikoan asaldurak saihesteko eta ideia desberdinak modu baketsuan adierazteko"

2021-09-18

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Henri Parot ETAko presoaren inguruan Euskadiko hainbat udalerritan deitutako mobilizazioen harira, erantzukizunerako deia egin du, eta adierazi du Ertzaintzak dispositibo berezi bat abiarazi dela ordena publikoan asaldurak saihesteko, "arazorik egon ez dadin eta modu baketsuan ideia desberdinak adieraz daitezen". Guztira, 33 mobilizazio deitu dituzte.

Gaur indarrean sartu den dekretu berriari dagokionez, eta kontzertuetan zutik dantza egin daitekeen ala ez zalantzan, Erkoreka sailburuak argitu du dekretuak ez duela inolako aurreikuspen espezifikorik kontzertuetan dantzatzeko aukerari buruz, eta gaineratu du gehienezko edukiera eta baldintza batzuk jasotzen dituela, pertsona bakoitzari esleitutako kokaleku, esaterako. "Diskoteketan zutik dantzatzeko aukera jasotzen du dekretuak, salbuespen gisa", esan du Erkoreka.

Estadioen % 60ko edukierari dagokionez, lehendakariordeak esan du ez dakiela klub guztiek hori ahalbidetzeko hartu beharreko neurri prest dituzte ala ez, ez baitzuten aurreikuspenik. "Printzipioz, aukera legala irekita dago, ez dakit klubek zenbateraino hartu dituzten beharrezko neurriak hori posible izan dadin", adierazi du. Bestalde, Ertzaintzak dagokion ikuskapena egingo duela esan du.

Indarrean dauden osasun arauak ez betetzeaz eta izandako gorabeherez galdetuta, Segurtasuneko sailburuak esan du, oro har, ez dela ezer aipagarririk izan, botiloien bat edo beste, besterik ez. Hala ere, ordena publikoaren asaldurarekin zerikusirik ez duen gertaera puntual baten berri eman du, "etxebizitza bateko festa batean, pertsona bat erre da gel hidro-alkoholikoarekin eta metxero batekin", zehaztu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak