Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

EAEko gasolindegietan eskaintzen den erregaiaren % 98 segurua da ingurumenarentzat eta ibilgailuentzat

2011.eko abuztuak 24

Eusko Jaurlaritzak EAEko 168 gasolindegitatik 236 lagin hartu ditu eta horietatik 171 aztertu ostean, soilik 3 kasutan atzeman du anomaliaren bat. 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak EAEko gasolindegietako erregaiaren urteko kalitate-kontrola egin zuen 2010ean. Azterketa horretan, honako erregai mota hauen osagaiak aztertzen dituzte: A-B eta C gasolioa, gasolina 98 eta 95 eta biodiesela. Azterketen emaitzak positiboak izan ziren bai ingurumenarentzat, baita ibilgailuen motorrentzat ere; izan ere, soilik 3 laginetan atzeman zuten legez eskatutako substantzien kontrakorik. 

Eusko Jaurlaritzak, bere langileen bitartez, 236 lagin hartu zituen 168 gasolina-zerbitzugunetatik (100 Bizkaian, 84 Gipuzkoan eta 52 Araban). Azterketa-lanetarako ahalmena esanbidez eman zaion laborategi batek guztira 171 lagin aztertu zituen (70 Bizkaian, 59 Gipuzkoan eta 42 Araban). Laborategian egindako azterketetan, erregaia osatzen duten substantzien mailak alderatzen dira, horietako bakoitzak aldez aurretik finkatutako marjinak betetzen ote dituen hautemanez. Guztien artetik soilik 3 laginetan atzeman zituzten anomaliak. Hona hemen atzemandako akatsak: Gipuzkoan, A gasolioaren 2 laginek ez zituzten betetzen ur-edukiaren eta uhertasunaren parametroak (gardentasuna eta distira), eta Bizkaian, A gasolioaren lagin 1ek biodiesel gehiegi zeukan, onartutakoa baino gehiago. Hala ere, mugak zertxobait gainditzen zituzten arren, 3 kasu horietan atzemandako parametroak ez dira kaltegarriak establezimendu horietan depositua bete zuten ibilgailuentzat. 2009. urteko kontrolean 11 laginek izan zituzten anomaliak; beraz, azken urte honetan kopurua nabarmen murriztu da. 

Azterketa hori egiteko, lagin bakoitzaren hiruna unitate hartu dira (3x236= 708 lagin). Lehen azterketan lortutako soluzioa egiaztatzeko, bigarren proba bat egin da, betiere lehen azterketan proba gainditu ez badu. Bi horiek bat ez zetozenean baino ez zen egin hirugarren proba, eta horrelako kasuetan, hirugarren proba horren bitartez zehaztu zen zuzeneko ondorioa. Produktu bakoitzean 10-15 parametro aztertu ziren (sufrea, ura, karbono-hondakinak, errautsak, dentsitateak, zetano-indizeak, partikula solidoak, distira eta gardentasuna, besteak beste). 

Erregaiaren kalitatea garrantzitsua da ingurumenaren ikuspegitik begiratuta, zeren motoreen emisio kutsagarrietan eragiten baitu, eta horren ondorioz, baita airearen kalitatean ere. Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ere emisioen kontrol monitorizatua egiten du 100 laginetan. 

Azken urtean, Eusko Jaurlaritzak lagin gehiago hartu ditu azterketa egiteko (lehen 198 eta orain 236), emaitza sinesgarriagoa lortzearren. Nolanahi ere, azken urteetan ateratako ondorioa hauxe da: Euskadin eskaintzen den erregaiaren kalitatearen emaitzak bikainak dira. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abuztuaren 24a

 

Iruzkin bat
  • @eocenico
    2011.eko abuztuak 24

    Comentario de Twitter:
    Vía @irekia_news el combustible suministrado en gasolineras vascas es seguro medioambientalmente http://t.co/TQX0dlb

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan