ASTEKLIMAren bigarren edizioak euskal herritarrak mobilizatu nahi ditu klima-aldaketaren aurrean

2021-09-20
  • Publiko guztientzako 200 jarduera inguruk osatuko dute Euskadiko Klima eta Energiaren Astea herritarren agendan energia- eta klima-trantsizioaren erronka jartzeko
  • Ekimenak –tailerrak, jardunaldiak, bisitak, erakusketak...– irailaren 24tik urriaren 3ra bitartean egingo dira Euskadiko lurralde osoan
  • Gobernu Kontseiluak 3.480.000 euroko diru-laguntza lerro bat onartuko du bihar garapen jasangarria sustatzen duten tokiko ekintzetarako

Klima-aldaketa eta energia dira gizarteak epe labur eta luzera aurre egin beharreko erronka nagusietako bi, eta euskal herritarrak horren jakitun dira. Horrela ondorioztatzen da Eusko Jaurlaritzak joan den martxoan herritarren pertzepzioari buruz egindako azterketatik; izan ere, inkesta egindako pertsonen % 80k adierazi zuen klima-krisia arazo larria dela eta 10etik 9k badakiela jokabideak aldatu beharko dituela hari aurre egiteko. Testuinguru horretan, eta ekintza orok –txikia izanda ere– garrantzia duelako ideiarekin, ASTEKLIMA itzuli da, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea.

Aurten irailaren 24tik urriaren 3ra bitartean izango du bigarren edizioa, eta Euskadi beteko du herritarrak mobilizatzera zuzendutako jarduerekin. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatuta Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta EEE-Energiaren Euskal Erakundearen bidez, ASTEKLIMA 2021en udalek, toki-erakundeek, elkarteek eta sektore pribatuak ere aktiboki parte hartzen dute.

Euskadik klima-ekintzarako konpromisoari eusten dio, Europako politikekin bat etorriz; eta joan den maiatzean Europako Itun Berdearekin bat egin zuen, eta etorkizun jasangarriago baterako bere ibilbide-orria proposatu zuen: Basque Green Deal. Isuriak murrizteko eta energia berriztagarriak sortzeko helburuak txertatzeaz gain, Basque Green Deal-ek garapen-eredu bidezkoa eta jasangarria dakar, industria eta teknologia ardatz nagusi gisa dituena.

 

 

Tokiko inplikazioa

ASTEKLIMAren helburu nagusia da herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea nahitaezko energia- eta klima-trantsizioaren aurrean. Horretarako, hiru lurralde historikoetan banatutako ehunka jarduerak baino gehiagok kalean bertan jarriko dute erronka, adin guztietako publikoek konponbidearen parte izan daitezen eta energia- eta klima-trantsizioak bizimoduan aldaketak eragingo dituela ikas dezaten.

Jarduera horietako asko udalerriek edo toki-erakundeek antolatuko dituzte, joan den uztailean Ihobek abiarazitako laguntzen deialdiari esker. Edizio honetarako, inoiz baino azkarrago kudeatu zen deialdia, hilabete eta erdian, eta erabat gainditu du 2019koa.

Duela bi urtekoarekin alderatuz, jarduera-kopuruak marka gainditu du: guztira, toki-erakundeek bultzatutako 157 jarduera antolatuko dira (lehen edizioan 64 jarduera antolatu ziren). Aurten 61 udal dira, mankomunitate bat eta administrazio-batzorde bat, ASTEKLIMA 2021i beren proposamenak aurkeztu dizkiotenak, 865.000 biztanle baino gehiago bilduz. 109.000 eurotik gorako aurrekontua izango dute.    

Erakusketak, tailerrak, antzerkia, zinema, haur-jolasak, ipuinak, bizikleta-ibilaldiak, hitzaldiak, bisita gidatuak, lehiaketak... adibideetako batzuk dira. Euskadiko Klima eta Energiaren Astean programatutako jarduera guztiak asteklima.eus webgunean kontsulta daitezke.

Ekitaldi ofiziala PreCOPen

Udal-erakundeek antolatutako jarduerez gain, ASTEKLIMAren ekitaldi nagusietako bat “Urban Klima 2050: Euskadin egokitzapena finantzatzeko agente anitzeko lankidetza” nazioarteko jardunaldia izango da. Jardunaldia irailaren 30ean egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Europako Life Urban Klima 2050 proiektuaren –Euskadiko klima-ekintzarako proiekturik handienaren– aurrerapen nagusiak ezagutzera emango dira bertan.

Eusko Jaurlaritzak sustatuta, nazioarteko jardunaldi hau PreCOP26 All4Climate-Italy 2021eko programa ofizialaren barruan dago. Klimaren Gailurraren ataria izango da: aurten Glasgown egingo da urriaren 31tik azaroaren 12ra.

ASTEKLIMAren ekintzen hasiera Zumaian izango da, Zumaiena Ikastetxean, bertan inauguratuko baita "2030 Baso Magikoa" gunea. Gune natural berri hau ikasteko leku bihurtuko da, eta bi urteko lan gogorraren ondoren, topagune izan nahi du iraunkortasunarekin eta ingurumenarekin lotutako jarduerak garatzeko. ASTEKLIMAn sustatuko diren beste ekintza batzuk Mutrikuko olatuen plantara, Ispasterreko biomasa-zentrora eta Oñatiko zentral hidroelektrikora egindako bisita gidatuak izango dira; hainbat jardunaldi tekniko Aclima, BC3 edo UPV/EHU erakundeek, besteak beste, sustatuak; Kutxa Ekoguneko Bihotz Berdeak familia-tailerra; Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren barruko hezkuntza-jarduerak, eta Bridgestonek sustatutako bizikleta solidario herrikoiak.

Gainera, ingurumen-hezkuntzako zentroen Ekoetxea sareak programazio berezi bat diseinatu du ASTEKLIMAn zehar sarea osatzen duten lau zentroetan –Urdaibai, Meatzaldea-Peñas Negras, Azpeitia eta Txingudi–. Bertan, klimari buruzko Scape Box bat muntatzea nabarmentzen da, mugikortasun jasangarria, uraren erabilera edo hurbileko produktuen kontsumoa, besteak beste, jorratzeko.

Jarduerei buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri: www.asteklima.eus .

Garapen jasangarria sustatzeko diru laguntzak 

ASTEKLIMAn jasotako ekintzen sentsibilizazioaz gain, Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarrian aurrera egin nahi du, eta, beraz, bihar Gobernu Kontseiluak ia 3,5 milioi euroko diru-laguntza lerro bat onartuko du, toki-erakundeei laguntzeko, udal-ekintza EAEko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-lehentasunekin lerrokatu dezaten. Honako lan-ildo hauek aurreikusten dira:

Honako lan-ildo hauek aurreikusten dira:

  • Kutsatutako lurzoruak. Lurzoruaren kalitatea ikertu, prebenitu eta berreskuratzeko lanak sustatzen dituzten ekintzak, hutsik dauden lurzoru artifizializatuen inbentarioak egitea barne.
  • Klima-aldaketa. EAEn klima-aldaketaren ondorioak murrizteko, arintzera (berotegi-efektuko gasen isuri garbiak murriztea), CO2 xurgatzera eta egokitzera (plangintza eta ekintzak) bideratutako ekintzak.
  • Natura-ondarea. EAEko aniztasun biologikoa eta geologikoa kontserbatzen, lehengoratzen edo hobetzen laguntzen duten ekintzak.
  • Ekonomia zirkularra. Tokiko zirkulartasuna sustatzen duten ekintzak.
  • Jasangarritasunerako hezkuntza. Tokiko Agenda 21 edo Tokiko Agenda 2030 eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak.

2007tik 2020ra (biak barne) 1.802 proiektu lagundu dira diruz, 59,47 milioi euro guztira. Iaz 163 proiektu lagundu ziren diruz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak