URAk Abadiñoko N-634 errepidetik Trañapadura industrialdera sartzeko zubia ordezkatzeko obrak lizitatu berri ditu

2021-09-17
  • 20 metroko argia eta ibilguan zutaberik izango ez duen zubi berriak egungo zubia ordezkatuko du: bateragarria izango da Sarria ibaiaren zabalera handitzeko lanak egindakoan ibilguari emango zaion zabalera berriarekin
  • Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1,7 milioi eurokoa da (BEZa barne), eta 9 hilabeteko egikaritze epea aurreikusten da

URA-Uraren Euskal Agentziak—Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikita— N-634 errepidetik Abadiñon (Bizkaia) Trañapadura industrialdera sartzeko zubi bat eraikitzeko obrak lizitatu berri ditu. Zubi berriak 20,20 metroko argia izango du, eta bateragarria izango da Sarria ibaiaren etorkizunean izango duen ibilguaren zabalerarekin, hura egokitzen denean, inguruan uholde-arriskua murrizteko, haren sekzioa zabalduz.

Obren lizitazio-aurrekontua 1,7M €-koa da (BEZa barne), eta lanak amaitzeko aurreikusitako epea 9 hilabetekoa da,  esleipenaren unetik aurrera.

Abadiñoko hirigunea Uholde Arrisku Handiko Eremuan dago (UAHE) ES017-BIZ-9-1. Zubi hori ordezkatzea Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean zehaztutako egiturazko neurrien artean dago.

Proiektuak bi helburu ditu. Alde batetik, zubi berri bat sortzea, uholdeen emariak ibilguan zehar aise jario dezan, eta, Sarria ibaiaren ibilgua handitzen denean, zubi berria eta ibilguaren zabalera berria bateragarriak izan daitezen.

Bestetik, jarduketa honi esker Bizkaiko udalerriko poligono garrantzitsuenetako baterako irisgarritasun-arazoak konponduko dira, industrialderako sarbidea zuzenean N-634 errepidetik berreskuratuz. Horretarako, zubiaz gain, errepidearen ondoko bide bat egokituko da, ibilgailuak poligonora sar daitezen errazteko.

Era berean, jarduketa-plangintzan aurreikusi da egun dagoen zubia eraistea, industrialdeko enpresa baterako sarbidea ematen zuena. Zubiak sekzio eskasa zuen  uholdeen emariei bide emateko. Horrela,  ur-laminaren altuera murriztea ahalbidetuko da  ibaian gora, ur askoko gertakarietan.

Lankidetza-hitzarmena sinatzea

Abadiñoko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, proiektuaren obrak egiten laguntzeko konpromisoa hartzeko baldintzak arautzeko.

Hitzarmenaren arabera, Udalak URAren esku uzten ditu jarduketa gauzatzeko behar diren lursailak, eta 1,2 milioi euro ordaintzeko konpromisoa hartzen du: sarbideak eraiki eta urbanizatzeari dagozkion lanak ordaintzeko.

Uraren Euskal Agentziak, bere aldetik, 2021etik 2022ra bitartean beste 500.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartzen du, egungo zubia eraisteko, ibilgua egokitzeko eta zubi berria egiteko, bai eta eragindako zerbitzuak berrezartzeko ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak