Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Historiako uztailarik onena Euskadirentzat, 264.000 turista eta 500.000 gaualdi baino gehiagorekin

2011.eko abuztuak 22

Gaur argitaraturiko Eustaten datuen arabera, Euskadik 25 hilabeteko hazkunde jarraitua izan du bidaiarien sarrerari dagokionez

Turisten sarrerak 2011. urtean, uztaila barnean hartuta, 1.300.000tik gora izan dira, iaz baino % 7 gehiago. Atzerriko turismoaren hazkundea % 12koa izan da Bizkaian, % 6koa Gipuzkoan eta % 3koa Araban. Eusko Jaurlaritzak Euskadi esperientzia-destino bihurtzeko abiarazitako ekimen berriarekin uztartzen dira datu horiek, bisitarien eskari berriak betetzeko hogeiren bat esperientzia eskainiz.

2011ko uztailak tope historikoa ezarri du berriz ere euskal turismoarentzat. EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak gaur eman ditu aditzera Euskadiko hotel-establezimenduetan joan den hilean sartutako turistei buruzko datuak, eta tope berri bat ezarri du, uztailarik onena eta historiako bigarren hilabeterik onena izan dela baieztatuta, 2010eko abuztuaren ondoren.

Azken hilabeteko hazkundearekin, 25 hilabete jarraituko hazkundea metatu da Euskadiko turismo-sektoreari dagokionez. Etengabeko igoerez betetako bi urte oso, 2009ko uztailetik hasita.

Uztailean 264.045 bidaiari-sarrera izan dira Euskadin, iazko hilabete berean baino 22.880 turista gehiago, hau da, % 9ko hazkundea. Azpimarratzekoa da Bizkaiko datua, turisten kopurua % 16 handitu baitu, ondoren Arabak % 7 eta Gipuzkoak % 3. 2011. urtea osorik hartuta, Euskadik 1.300.000 turistatik gora jaso ditu uztailera arte, 2010. urtean baino % 7 gehiago.

Atzerritarren sarrera ere handitu egin da, Bizkaian % 12, Gipuzkoan % 6 eta Araban % 3. Bereziki azpimarratzekoak dira Frantziatik, Iberoamerikatik eta Estatu Batuetatik etorri direnak. Atzerriko turisten jatorria, Eusko jaurlaritzak iaz abian jarri zuen www.tveuskadi.net Euskal Turismoaren Interneten bidezko telebista-kanalean antzemandakoen jatorriarekin bat dator; kanal horrek urtebete bete du hilabete honetan.

Gaualdiei dagokienez, historian bigarren aldiz 500.000 gainditu dira hilabete bakarrean, eta 2011. urtean, uztaileko datuak barne, ia 2.500.000ra iritsi dira, iazko hilabete bera % 10ean gaindituz.

Euskadiko hotel-alojamenduetako batez besteko egonaldiaren hazkunde txiki bat izan da, 1,95 egunera iritsiz uztailean, 2010. urteko lehen seihilekoaren batez besteko % 1,80aren gainetik.

Euskadi 'Esperientzia-destinoa'

Eusko Jaurlaritzak 20 esperientzia baino gehiago abiarazi izanarekin uztartzen dira datu bikain horiek. Berriki izandako Euskal Turismoaren 2010-2013 aldiko Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren aurkezpenaren ondoren, ekimen horiek abiarazi dira Euskadira iristen diren turistei eskaintzeko, eta bisitari guztien eskura daude Eusko Jaurlaritzaren www.euskaditurismo.net turismo-atarian. Ekimen horiekin, bisitarien eskari berrietara egokitzen da eskaintza, paisaiak ikuste eta ibilbideak egite hutsa baino zerbait gehiago bilatzen baitute bisitariek, Euskadiko hainbat leku eta bizimodu hurbiletik ezagutzeko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzaren helburua bisitatzen gaituenaren leialtzea gehitzea da.

Tokiko agenteen lankidetzarekin, honako hauek izan dira martxan jarritako esperientziak: 'Euskadiren erroak: Gernika', 'Katedral baten sekretuak: Santa Maria Katedrala', 'Gastronomia arte bihurturik: ikasi Daniel Garcíarekin', 'Euskadi jatorrizko bertsioan: baserriko bizimodua. Bizi zaitez euskal familia batean', 'Bestelako begirada. Uki ezazu zerua Gasteizen', 'Barruan daramazun chefa', 'Flyscharen ibilbidea: bidaia zirraragarria denboran zehar', 'Ardoaren kultura, upategiz upategi', 'Kantauri Itsasoko perla' eta 'Gora bihotzak: Aitzgorri, tontorrik garaiena'.

Horiei guztiei beste esperientzia batzuk gehitu dizkiegu duela gutxi: 'Bilbo zure oinetan', 'Euskadiko benetako pintxoak', 'Ordiziako azoka', 'Hiru izarreko dastaketa', 'Balmaseda, egin ezazu zeure eltzekoa', 'Aiaraldea, txakolinaren ahogozoa', 'Gastronomia tailerra: berrikuntza', 'Pintxoak egiten hasteko ikastaroa', 'Txangoak itsaso zabalean', 'Txakolina Bakion', 'Burdinaren ibilbidea' eta 'Lekeitio arrantzalea'.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak abian jarritako turismo-estrategia guztien helburua, Euskadiko turismoa lehiakortasuna eta bikaintasuna oinarritzat hartuz garatzea eta lurraldeko ekonomiarentzat zutabe bihurtzea da, datozen urteetan enplegua eta aberastasuna sortzeko, 2010-2013ko Lehiakortasun Planak eta 2010-2013ko Turismoaren Marketin Planak ezartzen duten bezala.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan