Emakume eta gizonen arteko bataz besteko urteko soldata-arrakala 7.213 eurokoa da Euskadin

2021-09-15
  • Arrakalak 1,7 puntu egin du behera 2015etik, baina oraindik % 22,6koa da: gizonen urteko batez besteko irabazia 31.790 eurokoa da, eta emakumeena 24.757 eurokoa
  • Datorren larunbatean, irailak 18, Emakumeen eta Gizonen arteko Soldata Berdintasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da

 

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak argitaratutako azken txostenaren arabera, "Soldata-arrakala Euskal Autonomia Erkidegoan", Euskal Autonomia Erkidegoko gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala % 22,6koa da, eta ehuneko hori 1,7 puntu murriztu da 2015etik. Txosten hau egiteko datuak Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) 2020an argitaratutako azken Soldata Egiturari buruzko Laurteko Inkestatik (EAES) lortu dira. Inkesta hori da argitaratutako azken laurteko inkesta sexuaren arabera bereizitako soldatekin.

Zehazki, emakumeen eta gizonen urteko batez besteko irabaziaren soldata-aldea 7.213 eurokoa da. Gizonek batez beste 31.970 euro irabazten dute urtean, eta emakumeek, berriz, 24.757 euro. Euskal Autonomia Erkidegoko langile bakoitzeko urteko irabazia 28.470 eurokoa da, Estatuko handiena. Europako neurketan erabiltzen den orduko batez besteko irabaziari dagokionez, EAEko soldata-arrakala %9,55ekoa da, eta, beraz, 2015ean erregistratutakoa baino txikiagoa, orduan %12,83koa izan baitzen. Jarduera-sektorearen arabera, soldata-arrakala handiena zerbitzuen sektorean dago (% 21,8), eta ondoren, industria-sektorean (% 17,2). Emakundek bere webgunean argitaratutako txostenean datu guztiak kontsulta daitezke.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, soldata-arrakala "gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna errepikatzen eta iraunarazten duen egiturazko arazoa da", eta, beraz, gizarte-eragile eta administrazio guztien erantzukizuna da hori ezabatzen laguntzea. Landaidaren hitzetan, "soldata-arrakala arazo konplexua da, egiturazkoa eta dimentsio anitzekoa, eta horri heltzeko ere erantzun integrala behar da, inplikatutako eragile eta esparru guztietatik etorri behar duena". Administrazioaren aldetik, konpromiso hori Berdintasunerako, Justiziako eta Gizarte politiketako Sailak Emakunderen bidez bultzatzen duen Euskadin soldata-arrakala murrizteko Estrategian eta ekintza-planean islatzen da. Plan horretan, Jaurlaritzako sailek arrakalaren aurkako ekintzak biltzen dituzte.

2019-2020 Ekintza Planaren ebaluazioa egin ondoren, diagnostikoa eguneratzeko eta 2021-2025 akzio plan berri bat planteatzeko fasean gaude gaur egun. Orain arte osatutako neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: sexuaren ziozko soldata-diskriminazioak zuzentzeko ikuskapen-kopurua handitzea, langileei sexuagatiko soldata-diskriminaziorik ez izateko eskubideari buruzko informazioa ematea, eta pizgarriak eskaintzea, besteak beste, ikasketa tekniko eta teknologikoetan emakume gehiago sartzeko.

Bestalde, besteak beste, soldata-arrakala murrizten laguntzeko, Emakundek urtero deitzen ditu enpresei zuzendutako laguntzak, diagnostiko bat eta berdintasun-plan bat egiteko laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko. Diru-laguntza horren zenbatekoa bikoiztu egin da aurten, 200.000 eurotik 400.000 eurora. Landaidaren hitzetan, "beste neurri batzuez gain, beharrezkoa da enpresetan berdintasunaren kultura sartzea, eta berdintasunari buruzko diagnostikoak eta planak egiteak aurrerapen handiak ahalbidetzen ditu ildo horretan".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak