Berriak Hezkuntza

Bildarratz sailburuaren eta Castells ministroaren arteko bilera

2021-09-13
  • Jokin Bildarratzek eta Manuel Castellsek aldebiko lehen bilera izan dute gaur arratsaldean; bertan, Espainiako Gobernuak proposatutako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren Proiektua zein Euskal Unibertsitate Sistemaren berezitasunak aztertu dituzte
  • Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate Ministerioari adierazi dio zein diren lege-proiektuetan jasotako edukietan adostu beharrekoak, eta elkarrizketan jarraitzeko prest dagoela azaldu dio

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Manuel Castells Unibertsitate ministroak bilera izan dute gaur arratsaldean Madrilen, Unibertsitate Ministerioaren egoitzan. Bertan izan dira, era berean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Jose Manuel Pingarron Unibertsitate idazkari nagusia ere.

Bi arduradunek egin duten aldebiko lehen bileran, Bildarratz sailburuak ministroari eta bere taldeari ezagutarazi dizkie Euskal Unibertsitate Sistemak dituen ezaugarri nagusiak: Euskadin egoitza duten hiru unibertsitateek – Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea – osatutako ekosistema izatea, unibertsitatearekin eta ikerketarekin lotutako gainerako eragile eta erakundeekin batera. Unibertsitate publikoari eta irabazi-asmorik gabeko bi pribatuei lotutako "Kontratu Programa", 4Gune klusterra,  Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia (Unibasq) edo Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa bezalako tresnek berezitasun bat ematen diote Euskal Unibertsitate Sistemari, bestelako antolaketa eta funtzionamendu-eredu batzuekiko.

Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa

Azken urteotan eraginkortasuna eta emaitzak erakutsi dituzten ezaugarri eta berezitasun horiek kontuan hartu beharrekoak dira, sailburuaren iritziz, etorkizuneko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa adosteko orduan. Ildo horretan, bileran, Bildarratz sailburuak ministroari helarazi dizkio Ministerioaren lege-proiektuak jasotzen dituen zenbait eduki, eta Euskadin defendatzen den hobekuntza-ikuspegiarekin bat ez datozenak.

Jokin Bildarratzek adierazi du, adibidez, ez dela behar besteko aurrerapausorik egiten Euskadik ikasleak erakartzeko edo irakasleak kontratatzeko duen gaitasunean. Bi gai horiek garrantzi handikoak dira, eta egungo idazketarekin onartuz gero, inboluzioa esan nahi izan lezake Euskal Unibertsitate Sistemarentzat. Adibidez, funtzionarioen ratioa handitzeak eragin negatiboa izango luke unibertsitateko irakasleen lan-karrera bat ezartzean, eta, beraz, euskal unibertsitateak estatuko funtzionario-figuretan nagusiki oinarritutako Estatuko eredua bete beharko luke.

Desadostasunerako beste elementu batek 35. artikuluarekin du zerikusia (inbertsioari dagokiona). Artikulu horrek adierazten du Estatuak eta autonomia-erkidegoek datozen hamar urteetan hezkuntzako gastu publikoa handitzeko plan bat adostuko dutela, era horretan mugak jarriz euskal erakundeek unean-unean Euskal Unibertsitate Sistemarako egin eta diseinatu nahi dituzten politika ekonomikoei.

Unibertsitateko Bizikidetzaren Legea

Espainiako Gobernuak onartu nahi duen Unibertsitate Bizikidetzaren Legea ere aztertu da bileran. 1954ko Dekretu bat ordezkatzeko sortuko litzatekeen Lege horrek, oinarrizko araudi bihurtuko luke bere edukia unibertsitate guztientzat. Eusko Jaurlaritza Dekretu hori ordezkatzearen alde agertu da, zaharkitua baitago, baina unibertsitate mailan tramitatzearen aldeko apustua egin du, unibertsitateek berek diseinatu ahal izan ditzaten beren unibertsitate-bizikidetzako arauak, eurek ezagutzen baitituzte ondoen beren ezaugarriak eta beharrak.

% 100eko presentzialtasuna

Pandemiari dagokienez, eta aurreko ikasturtea babesteko hartutako erabakien inguruan, Hezkuntza sailburuak ministroari azaldu dio Euskal Unibertsitate Sistemak ikasturte honetan %100eko presentzialtasuna lortu nahi duela, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateetako errektoreek abuztuaren 27an egindako bileran adostu zuten bezala. Apustu hori, Bildarratzen iritziz, Estatuko unibertsitate guztietara hedatu beharko litzateke.

Bileraren ostean, Jokin Bildarratz eta Manuel Castells elkarrizketarako prest agertu dira, bileran identifikatutako gaiei heltzeko asmoz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak