Berriak Hezkuntza

630,5 milioi euro ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2021-9-14)

2021-09-14

 

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuen 2021-2022 ikasturteko hezkuntza-itunak gauzatu ahal izateko gastu aurreikuspena. Gastu aurreikuspen hau 630.570.605,57 eurokoa da, 7.157 gela ituntzeko. 

Kopuru oso horretatik, 210.190.201,91 euro 2021eko iraila-abendua aldiari dagozkio, eta gainerako 420.380.403,66 euroak, 2022ko urtarrila-abuztua aldiari. 

2021eko otsailean, 2021-2022 ikasturtean itundu beharreko gelen eskariak aurkezteko epea ireki zien Hezkuntza Sailak itunpeko ikastetxeei. Honako ikasketa hauek itundu daitezke: Haur Hezkuntza (bigarren zikloa), Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Era berean, Hezkuntza Bereziko gela egonkorrak eta zereginen ikasketarako gelak ere ituntzen dira. 

Eskaera horien ebazpena egin ondoren, 2021-2022 ikasturte honetan 311 itunpeko ikastetxe daude Euskadin: 34 Araban, 158 Bizkaian eta 119 Gipuzkoan. Orotara, 7.157 itunpeko gela batzen dituzte guztien artean, gorago aipaturiko unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetakoak. 

Hezkuntza-itunen bidez, ikastetxe pribatuetako irakaskuntza-jardueratik eratorritako gastuak finantzatzen dira, aurrez aipaturiko etapa horietan. Ikastetxean itunduriko talde kopuruaren arabera kalkulatzen den diru-kopuru hori, pertsonal gastuetara bideratzen da (izan irakasle, ez irakasle edo gainerako hezitzaileak), nahiz ikastetxeen ohiko funtzionamenduak eragindako gastuetara.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko