Eusko Jaurlaritzak eta Elgoibarko Udalak Elgoibarko Memoriaren ibilbidea aurkeztu dute

2021-09-19
  • Beatriz Artolazabal sailburuak iragarri du Gogora Institutuak Memoriaren Ibilbide berriak bultzatzeko asmoa duela.

  • Ekitaldian, Euskadiko gerrako lerro eta fronteetako beste udalerri batzuetako alkateak eta ordezkariak izan dira.

  • Elgoibarkoa Memoriaren lehen Ibilbidea da Gipuzkoan.

  • 2018 ezkero, Memoriaren 20 ibilbide gauzatu dira.

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Ane Beitia Elgoibarko alkateak Elgoibarko Memoriaren Ibilbidea aurkeztu dute herriko Aiastia auzoan. Haiekin batera izan dira Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea; Jon Gambra Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia eta Elgoibarko Udaleko zinegotziak. Ekitaldian izan dira halaber, Mungiako, Turtziozko, Zallako, Markina-Xemeingo, Berritxuko eta Etxebarriako alkateak eta Eibarko eta Berangoko Udaleko ordezkariak.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Elgoibarko Udalak bultzatutako Elgoibarko Memoriaren Ibilbidea Altzola auzoaren eta Kalamua gailurraren artean igarotzen da, eta Gerra Zibileko herriko agertoki garrantzitsuenetatik pasatzen da, hala nola Zirardamendi, Aiastia-San Migel, Morkaiku eta Kalamua gainetatik. Gaurko ekitaldian ibilbide horren tarte bat aurkeztu dute: Zirardamendi - Aiastia-San Migel.

Ekimen honen aurkezpenean, Beatriz Artolazabal sailburuak Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen proiektua aipatu du. Lege horren 23. artikuluan, Euskadiko memoria historikoaren lekuak, ibilbideak eta espazioak aipatzen dira esanahi historiko eta sinbolikoko, memoria kolektiboko eta balio eta askatasun demokratikoen defentsako lekutzat. Ildo horretatik, Artolazabal sailburuaren hitzetan: "mugarri bat da memoriaren lekuen eta ibilbideen proiektu horretan", "mugarri honekin Elgoibarren hasten gara, non duintasunaren kolunbarioak gure aintzatespena sinbolizatzen baituen; mugarri honek konpromiso bat dakar Euskadiko gerrako beste ibilbide eta eremu bereziki esanguratsu batzuekiko, bai Gipuzkoa eta Bizkaia artean egonkortutako frontearen fronte horretan, bai beste lerro eta fronte batzuetan".

Aurkezpenean, Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Patxi Juaristi eta Iñaki Goiogana ikertzaile eta kolaboratzaileek ere hartu dute hitza. Behin aurkezpena amaituta, bertaratutakoek Zirardamendiko hobietaraino oinez egin dute ibilbidea. Bertan, inguru horretan hil ziren gudariei eta milizianoei urteroko lore eskaintza egin diete.

Elgoibarko memoriaren ibilbidea

Elgoibarko Memoriaren Ibilbidea Altzola auzoaren eta Kalamua gailurraren artean hedatzen da, eta Gerra Zibileko agertokirik garrantzitsuenetatik igarotzen da, hala nola Zirardamendi, Aiastia-San Migel, Morkaiku eta Kalamua gainetatik. 

Gaurko ekitaldian ibilbide horren tarteetako bat aurkeztu da: Zirardamendi - Aiastia-San Migel. Tarte hori seinaleztatuta dago Aiastiako frontoiaren inguruan jarritako informazio-panel baten eta Zirardamendiko hobiak adierazten dituzten zenbait seinaleren bidez. Leku jakin horretan hiru baliza jarri dira, hobi bakoitzeko bana, leku zehatza seinaleztatzeko, eta balizek QR kode bat dute, Gogora Institutuaren webgunean desobiratze horiei buruzko informazioa zabaltzeko.

Oroimenaren ibilbide hau, inguruan hil ziren Gerra Zibileko biktimen aitorpen instituzionala da, eta, era berean, diktadurak errepublikar eta matxinatuen aldeko borrokalarien gorpuzkiak berreskuratu eta ohoratzeko ezarri zuen desberdintasuna gogorarazten du.

Gudu hartan Carlos Borbon Orleans komandante frankista ere hil zen, bere omenez, erregimenak Morkaikuko gurutze handia eraiki zuen, Zirardamenditik gertu, zenbait kilometrotara ikus daitekeena. Aitzitik, Zirardamendiko batailako biktimen kide izandako gudari ohiek 20 zentimetro eskaseko gurutze txiki bat jarri zuten, oroimen gisara, kideak hil ziren lekutik gertu.

 

Memoriaren ibilbideak

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Memoriaren Ibilbideak diseinatu eta egitea sustatzen du, udalei eta toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen ildoaren bidez.

Horrela, 2018 ezkero, Memoriaren 20 ibilbide gauzatu dira, horietako 14 Burdin Hesia igarotzen zen udalerrietan; ibilbide bat San Pedro mendian zehar, Amurrio eta Urkabustaizko (Araba) eta Urduñako (Bizkaia) udalerrietatik igarotzen dena; Gernikako (Bizkaia), Zigoitiko (Araba), Zallako (Bizkaia), Markinako (Bizkaia) eta Galdakaoko udalerriek Memoriaren ibilbide bana dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak