Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak 35 miloi euro baino gehiago bideratu ditu enpresentzako I+G+Bko inbertsiora, soilik bi programatan

2011.eko abuztuak 16

Euskadik BPGaren % 2 inguru inbertitzen du I+G+Ban eta ehuneko hori bat dator EBko batez bestekoarekin, Espainiako batez bestekoa nabarmen gaindituz

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 1.140.000 € bideratu ditu enpresetan teknologoak eta ikertzaileak kontratatzeko Ikertu programaren bidez; eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 5ean amaitu zen. Halaber, Sail horrek berak Etorgai programaren diru-kopurua handitu egin du, 28 milioitik 34 milioi eurora.

Euskadik BPGaren % 2 inguru inbertitzen du I+G+Bn eta ehuneko hori bat dator EBko batez bestekoarekin, Espainiako batez bestekoa nabarmen gaindituz. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren bitartez, 35 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu soilik bi programatan, horretara bideratutako baliabideak etengabe handitzeko joerari jarraiki.

Ikertu programan 1.140.000 € esleitu dituzte laguntzak emateko 2011ko eta 2012ko ekitaldietan. Zenbateko horrekin Euskadiko enpresei diru-laguntzak emango zaizkie teknologoak eta ikertzaileak kontratatzeko. Programaren bitartez, alde batetik, giza kapital zientifiko-teknologikoa enpresetan eta enpresa-elkarteetan gaitzeko eta espezializatzeko laguntza emango da; eta, bestetik, enpresetako I+G+Ba bultzatuko da, ikertzaileak eta teknologoak kontratatuz.

Abuztuaren 5ean amaitu berri da programa horretarako eskaerak aurkezteko epea eta, orain arte, 60 eskaera telematiko kontabilizatu dira; programari esker, goi-mailako prestakuntza zientifikoa eta teknologikoa duten berrogeita hamar bat profesional, gutxienez, kontratatu ahal izango dituzte euskal enpresetan. Kontratazio horiekin Euskadiko enpresa-sarearen lehiakortasuna areagotuko da eta horixe da, hain justu, iaz Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Lehiakortasun Planaren ardatz nagusia, munduan duen posizionamendua hobetuz.

Programa horrekin batera, Euskadiko enpresek Etorgai programa ere badute eskura; Etorgai programan ere baliabideak handitu dituzte (6.066.162 € gehiago). 2010eko abenduaren 20an onartu zen datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsioa, 28 milioi euroko inbertsioarekin, honela banakatuta: 8 milioi 2011. urterako, eta 2012. eta 2013. urteetan 10 milioi urte bakoitzean.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ustez programa indartu egin behar da beharrezkoak diren funtsekin Euskadiko enpresek egungo egoera ekonomikoan I+G+Baren inbertsioan urrats bat atzera ez egiteko. Horregatik, aurrekontua igotzea onartu da eta, horren ondorioz, datozen hiru urteetan honako partida hauek banatuko dira: 2011. urtean 11.660.264 euro, 2012. urtean 12.405.898 euro eta 2013. urtean 10.000.000 euro.

Euskadin industria-ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko proiektu integratuak egiten laguntzeko programa da Etorgai. Programa horren helburua honako hau da: sortzen den jakintza berria baliagarria izatea, eta horretaz gain, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobeak sortzera ere bideratu behar du, edo bestela, interes estrategikoa duten teknologiak txertatzera, edo patente berriak eta oinarri zientifiko-teknologikoa duten enpresa berriak sortzera. Zeharka bada ere, programa horrek enplegua sortzen laguntzen du, baita euskal produkzio-sarearen posizio teknologikoa hobetzen ere.

Programa horien asmoa Euskadik aurrera egitea da, ikerketaren eta teknologiaren alorreko erreferente gisa Euskadik Europan duen posizioan aurrera egitea; laneko helburu hori 2010-2013 Lehiakortasun Planean nahiz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2010eko Planean jasota dago.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan