Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintza hezituagoa, eraginkorragoa eta absentismo gutxiagokoa abiatuko duen akordioa erdietsi du Herrizaingo Sailak Erne, Esan eta Euspelekin

2011.eko abuztuak 12

Bigarren Jardueraren arautzeak suposatu du 100 milioi euroko ekarpena aurreikusten zuen funtsa indargabetu ahal izatea

Herrizaingo Sailak akordioa erdietsi du Erne, Esan eta Euspel sindikatuekin. Hitzarmen hau Ertzaintzako sindikatuetako kideekin izandako elkarrizketaren eta negoziazioaren ondorioa da eta polizia hezituagoa, eraginkorragoa eta absentismo gutxiagokoa sustatuko du. Herrizaingo Sailak eta sindikatuek batzarrak eta harremanak izan dituzte bi urtez adostasun puntu honetara heltzeko bidean, non, krisi ekonomikoa eta aurrekontuen egoera kontuan izanda, 2007tik luzatutako lan baldintzen Hitzarmen Arautzailea berritu duten eta agenteen aldarrikapen historikoen parte bati erantzun zaion.

Hitzarmenak honako ekarpen hauek egingo ditu: Herrizaingo Saileko arduradunei giza baliabideen kudeaketa hobetzen jarraitzeko aukera eskainiko die, ordezkapenak modu eraginkorrean kudeatu ahal izatekoa eta absentismoaren aurka egiteko neurriak martxan jartzekoa, Ertzaintza modernizatzekoa eta agenteei baliabide eta heziketa hobeak eskaintzekoa, besteak beste.

Akordioak Ertzaintzako agenteen aldarrikapen historikoei erantzuten die, hala nola, Bigarren Jardueraren arautzea eta garapen profesionala bermatzea, baina bere helburuen artean badu ere lan-baldintzak hobetzeko eta bake sozialeko giroa sortzeko asmoa. Modu honetan, Sailaren nahiz Ertzaintza osoaren ahalegin guztiak zentratu ahalko dira herritargoari zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzean.

Herrizaingo Sailak eta sindikatuen ordezkariek esfortzu handia egin dute, hasierako jarreretan amore emanez, datozen hiru urteei begirako hitzarmena adosteko bidean.

Beharrezko izapidea jarraituko duten lau dekretutan gauzatu dira hitzarmenak. Lehenbizikoak Bigarren Jarduera arautuko du eta 2012ko uztailean sartuko da indarrean Poliziaren Legearen Laugarren Aldaketa onartu ondoren. Dekretu honen bitartez, hala nahi duten 56 urtetik gorako ertzain orok gauez patruilatzeari uko egiteko eskaera luzatu ahal izango dute, goizeko eta arratsaldeko txandetan soilik aritzeko asmoz inolako murrizketa ekonomikorik gabe.

Era berean, kalte fisiko edo psikikoaren ondoriozko Bigarren Jarduera arautzen da. Modu honetan, Bigarren Jarduerari heltzen dioten agenteek lan administratiboetan, eraikinen babesan, arreta telefonikoan edota akademian irakasle gisa ariko dira, besteak beste, mediku epaimahaiaren txostena jaso ostean.

Urtero, dekretu bidez, kalte fisikoaren edo psikikoaren ondoriozko Bigarren Jarduerari gordetako lanpostu kopurua zehaztuko du Herrizaingo Sailak. Era berean, Sailak erabakiko du lanpostu hauetatik zeintzuk ez diren aintzat hartuko Segurtasun Batzordeak bere sasoian adostutako 8.000 agenteko gehienezko kopuruaren baitan. Erabaki hau aukeren eta aurrekontuko lehentasunen araberakoa izango da.

Edozein modutako Bigarren Jarduerari heldu dioten agente guztiek 60 urterekin hartu beharko dute erretiroa.

Akordioak aurreikusten du Hitzarmen Arautzaileak destinorik gabeko Bigarren Jarduera ordaintzeko 1998ko funtsaren inguruko puntua indargargabetzea. Aurreko Jaurlaritzek ez zuten funtsa sortu ere egin eta gaur egun hura eguneratzeak 100 milioi euroko inbertsioa suposatuko luke.

Absentismoaren aurkako borroka

Bigarren dekretuak zerbitzuaren arrazoi berezien ondoriozko kalte-ordainak arautzen ditu datozen urteetan, hala nola, deiak, bidaia-sariak, bidaia kostuak, ostatua, eta abar.

Hirugarren dekretuak luzatutako Lan Baldintzen Hitzarmen Arautzailearen inguruko aldaketak eta hobekuntzak batzen ditu. Berrikuntzen artean, ertzainen osasunaren gaineko kontrolaren areagotzea bermatzeko neurriak, absentismoaren kontrako borroka, produktibitate-osagarria, amatasun eta aitatasun-baimen eta lizentziak, eta abar. Hitzarmen Arautzailea indarrean izango da 2013ko abenduaren 31ra arte.

Garapen Profesionalerako dekretuak, bere aldetik, barne-igoerako txanda arautzeko helburua du, agenteen inplikazioa, zerbitzu-denbora eta heziketa edota merezimenduzko egintzak kontuan izanda, besteak beste. Garapen Profesionalerako Dekretuaren ezarpena mailakakoa izango da. 2012an zehar hasiko da eta lehenbiziko hiru mailetakoa 2015eko abenduan bukatuko da. Laugarren mailakoa, ordea, 2016an hasiko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)