“Euskararen diskurtsoak enpresetan” jardunaldia antolatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak

2021-09-10

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak jardunaldi bat antolatu du lan-munduan euskararen gainean dauden diskurtso nagusiak aztertzeko.  “Euskararen diskurtsoak enpresetan” izenburupean, eremu sozioekonomikoan euskara nola edo zenbateraino aldatu den aztertuko dute, kontuan izanik pertsonak, enpresen egoera eta ingurua ere aldatu egin direla. Horrekin batera, bereziki teknologia aurreratuen sektoreak euskararen gainean duen diskurtsoa ere aztergai izango da, enpresa teknologikoak traktoreak direlako sarritan lan-munduan.

Jardunaldia datorren ostiralean, irailaren 17an, egingo da, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Telematikoa izango da, zoom plataformaren bidez. Hizlariak, ordea, elkarrekin egongo dira, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren eskutik, zenbait ikerketa-lan egin dira gai horien inguruan, eta horietako biren emaitzak aurkeztuko dira jardunaldi honetan:

  • Emunek “EuskaraGoiTek, hizkuntza-kudeaketaren gaineko diskurtsoa teknologia aurreratuko sektorean” lana aurkeztuko du. Teknologia aurreratuaren sektorea estrategikoa da lan-munduan, trakzio-funtzioa betetzen duelako. Horren ondorioz, euskarak lan-munduan posizio hobea lortzeko, estrategikoa izan daiteke teknologia aurreratuaren sektorean ere aurrerapausoak ematea. Lan honetan sektore horretako diskurtsoak aztertu eta sailkatu dituzte, eta euskararentzat aukera eta mehatxu izan daitezkeen narratibak identifikatu dituzte.
  • Elhuyarrek, berriz, “Lan-munduko euskara-planen transmisioa. Motibazioa, diskurtsoa, balioak” lana aurkeztuko du. Duela hiru hamarkada lehen euskara-planak abian jarri zirenetik aldaketa ugari izan dira, eta lan honen bidez aztertu dute zertan diren gaur egun orduko ametsak, asmoak, nahiak, balioak…, edo nola arrazoitzen duten gaur egun euskara bultzatu eta indartu beharra.

Jardunaldiaren hasieran, Ana Urkiza idazle eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariak inspirazio-hitzaldia egingo du; horren ondoren, lanen emaitzak aurkeztuko dira; eta bukatzeko, Karmelo Aiestak hitzaldia emango du etorkizuneko gakoak azpimarratzeko. Amaieran, parte-hartzaileek aukera izango dute iritzia emateko eta ekarpenak egiteko.

Programa:

  • 10:00-10:10. Sarrera: Josune Zabala Alberdi (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaria).
  • 10:10-10:30. Inspirazio hitzaldia: Ana Urkiza Ibaibarriaga.
  • 10:30-11:15. Ikerlanen aurkezpena.
  • 11:15-11:35. Etorkizuneko gakoak: Karmelo Aiesta Sagarduy.
  • 11:35:11:55. Ekarpenak, galderak eta hausnarketak.
  • 11:55-12:00. Itxiera: Maddi Etxebarria Bilbao (Elhuyar) eta Josune Zabala Alberdi (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaria).
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak