Garamendik eskumenen higadura eta Estatuak Gernikako Estatutua ahuldu izana salatu du

2021-09-10
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak ‘Higadura isila’ liburua aurkeztu du, konstituzio-doktrinaren eta Estatu araudiaren bidezko eskumen higadurari buruzko txosten juridikoak biltzen dituena
     
  • Euskal autogobernuak pairatzen duen eskumen higadura kritikatu du, euskal erakundeentzat eta gizartearentzat kaltegarria baita

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Gernikako Estatutuaren higadura eta ahultzea salatu du, Estatuko legediaren, jurisprudentzia konstituzionalaren eta Espainiako Estatuaren botere arauemaile eta exekutiboaren bitartez. Sailburuak Eusko Jaurlaritzak egindako defentsa judizial, instituzional eta politikoa nabarmendu du, EAEko Autonomia Estatutuan jasotako eskumenen higaduraren aurrean, Estatuak eta Euskadik adostutako eskumenen banaketa "bortxatuz".

Horrela, Garamendik autogobernuaren eta Gernikako Estatutuaren egoera baloratu du, 'Higadura isila' liburua aurkezteko agerraldian. Liburu horretan, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiko langileek eta abokatuek egindako txosten juridikoak jaso dira, Estatuko botereek Euskal Autonomia Erkidegoaren ahalmen esklusiboak ingeniaritza juridikoko bide desberdinen bidez hustutzeari buruz. Zentzu horretan, autogobernu aitortuaren defentsa judiziala beharrezkoa dela esan du, "sarritan Espainiako Gobernuaren zentralizazio bultzadaren ondorioak pairatzen baititu". Bere ustez, "Euskal administrazioen gaitasunetan pixkanaka-pixkanaka eskua sartzea eta, batzuetan, laminatzea, hainbat motatako ingeniaritza juridikoaren bidez, ohikoa da Estatuaren aldetik".

Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, egindako agerraldian, Sailburuak azpimarratu du liburu hau eskumenen higadurari buruzko txosten juridikoekin argitaratu dela, "Euskal autogobernuak pairatu duen eta pairatzen duen eskumenen higadurari buruzko argi-lausoa ematen duelako". Adierazi duenez, "Higadura isila, etengabea eta, batez ere, oso kaltegarria da erakundeen eta euskal gizarte osoaren interesentzat".

Teknika juridiko eta politikoak Praktika hori Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak aldarrikatzen duen legezkotasunean egon ohi dela nabarmendu ostean, Sailburuak ohartarazi du "kaltegarria" dela euskal estatutu-itunaren espirituari eusteko, Euskadin zenbait politika publiko "zapuztu" egin baitira.

Begoña Perez de Eulate Autogobernu Zuzendariarekin batera izan da Garamendi agerraldian, eta azaldu duenez, eskumenen higadura "urte askotan zehar izan diren teknika juridiko eta politikoen" bidez gertatu da. Horietako bat da Estatuaren zeharkako eskumen-tituluak eskatzea eta aplikatzea, autonomia erkidegoen eskumen esklusiboko gaiei buruzko legeak egiteko. Beste bide bat da salbuespenezko arrazoietara jotzea Konstituzioak Estatuari gordetzen ez dizkion funtzio betearazleak esleitzeko.

Estatuak beste teknika zentralizatzaile bat ere erabiltzen du, Estatuaren gastu boterea eskumen autonomikoko politika publikoetan eragiteko erabiltzean oinarritzen dena. Praktikan, finantza-injekzio horiek baliatzen ditu bere eskumen eremutik kanpo dauden sektoreen jarduera zuzentzeko.

Garamendik Euskadiren gaitasun esklusiboen higaduraren adibide batzuk azaldu ditu, eta, besteak beste, laguntza sozialari buruzko bat azpimarratu du, "Gure Estatutuak eskumen esklusiboak ematen baitizkigu". Hala gertatu zen desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren erregulazioarekin, eta Eusko Jaurlaritzak horiei buruzko dekretu bat onartu zuen, gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboarekin bat etorriz. Horren ondoren, Estatuak Errege Dekretu bat eman zuen gai horri buruz. Eusko Jaurlaritzak euskal eskumen esklusiboen defentsan erantzun zuen, baina Auzitegi Gorenak 2017an ebatzi zuen auzia, Estatuko araudia ondo babestuta zegoela eta horrek aparkaleku-txartel horiei buruzko euskal dekretuaren erregulazioaren zati handi bat lekuz aldatzea zekarrela onartuta.

Garamendik Eusko Jaurlaritzaren defentsa judizialaren garrantzia azpimarratu du. Arlo judizialean, defentsa hori bi prozeduratan gauzatzen da: konstituziokontrakotasun-errekurtsoa, Estatuko arau bati buruzko konstituziokontrakotasun-zalantza oinarrituak sortzen direnean; eta eskumen-gatazka positiboa (Estatuari araua edo egintza indargabetzeko aurretiazko errekerimendua egiteko).

Bestalde, Perez de Eulatek esan du liburuan jasotako txosten juridikoek aukera ematen dutela doktrina konstituzionalean egin diren aldaketak ezagutzeko, erkidegoen eskumenei kalte egiten dietelako. Adierazi duenez, txostenek doktrina eta gizarte aldaketa horiek ezagutzea ahalbidetzen dute, “aztertu eta gure autogobernuak modu seguru, dinamiko eta iraunkorrean aurrera egin dezan".

Liburu formatoan Azterlan hori joan den legegintzaldian hasi zen egiten, Gobernu Programan jasotakoa betez; zehazki, 172. konpromisoan, "Autogobernuaren defentsa aitortua" izenekoan, jasotakoa betez. Hori guztia "Estatuaren araugintza-ekintzak eta Konstituzio Auzitegiaren doktrinak gai edo eskumen titulu jakin batzuetan autonomía erkidegoek dituzten eskumenen higaduraren balorazioa barne hartzen duen azterlan bat egitea" helburu deklaratuta.

Lan xehe horren emaitza txosten juridikoak dira, liburu formatuan bilduak, gaian interesa duen edonork erraz eta eroso kontsultatu ahal izan dezan, eta iturri desberdinetan bilaketak egin beharrik izan ez dezan. Liburua Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) argitaratu du eta zenbait aditu juridikok egin dute: José Andrés Blasco, Luken Larburu, Javier Moreno, Zelai Nikolas eta Luis María Rousse, baita Begoña Pérez de Eulate bera ere, azterlanaren koordinatzailea izan dena. Liburuak Garamendi Sailburuaren, Sabino Torre Araubide Juridikorako Sailburuordearen eta Santiago Larrazabal Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslearen aitzinsolasak ditu hasieran.

Higadurari buruzko txostenek arlo askotariko politika publikoez dihardute, hala nola gizarte laguntza eta zerbitzuetan, osasunean, hezkuntzan, toki-araubidean, ingurumenean, funtzio publikoan, enpleguan, etxebizitzan, lurralde antolamenduan, nekazaritzan, merkataritzan, kanpo ekintzan eta foru zuzenbide pribatuan. Liburua gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da ('Higadura isila' izenburupean), eta ia 700 orrialde ditu. Horrek, berez, Estatuak Euskadiren gaitasunetan duen esku-sartzearen bolumenaren ideia bat ematen du.

2 iruzkin
  • @Aitor__1
    2021-09-10

    Comentario de Twitter:
    RT @garamendiol: 🔗Informazio gehiago @Irekia-n: https://t.co/Ssf0jEKImD

  • @garamendiol
    2021-09-10

    Comentario de Twitter:
    🔗Informazio gehiago @Irekia-n: https://t.co/Ssf0jEKImD

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak