Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Hitzarmenaren aldeko apustua berretsi du Bildarratzek, “hezkuntzaren inguruko eztabaida zabal bat, datozen 30 urteetarako”

2021-09-09

2021-2022 ikasturte hasi eta biharamunean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadi Irratian izan da gaur goizez. Ezer baino lehen, ikasturte berriak dakartzan alde onak edo abantailak nabarmendu ditu, hala nola, aurreko urtean Covid-19ren aurrean metatutako eskarmentua, baliabide gehigarriak eta txertaketa prozesu aurreratua. Hiru elementu hauek ikasturteri konfiantza handiagoz ekitea ahalbidetuko dute Bildarratzen esanetan. Dena den, zuhurtziaz jokatzen jarraitu beharra azpimarratu du. Printzipio horixe erabili du Hezkuntza Sailak ere, zuhurtzia, zehaztu duenez, bai protokoloa osatzerakoan, bai ikasturte honetarako iazko baliabide gehigarri berberak mantentzerakoan ere (baliabide profesionalak zein materialak).

Baliabide hauen inguruan sailburuak berretsi du, pandemiaren bilakaera edozein dela ere, ikasturte osoan zehar mantenduko direla irakasle gehigarri hauek eskoletan, ikastetxe bakoitzak erabakitzen duen zereginetan.

Alde horretatik, ikasturte honetan arreta behar izango duen beste alderdi bat ere hizpide hartu du: alderdi emozionala, ikasleena zein irakasleena. Azken urte eta erdian tentsio handiz egin dute lan irakasleek, pandemia tarteko, eta aurten ere ager daiteke horrek eragindako estresa, Bildarratzek azaldu duenez. Alde honetatik, Hezkuntza Sailetik ipinitako baliabide gehigarriak ere lagungarri izango direla ziur agertu da.

Hezkuntza Hitzarmena

Dena den, solasaldiaren tarterik zabalena Hezkuntza Sailetik bultzatzen ari den Hezkuntza Hitzarmenak hartu du. “Hezkuntzaren inguruko eztabaida zabal bat, datozen 30 urteetarako”, esan du Bildarratzek, hezkuntza komunitatearekin, gizarte eragileekin zein alderdi politikoekin landu beharrekoa. Hitzarmen horretan mahai gainean jarri eta jorratu beharreko hainbat elementu ere zehaztu ditu sailburuak, hala nola, hizkuntzaren inguruko adostasuna, gizarte kohesioa, sareen arteko oreka, hezkuntza sistemaren deszentralizazioa, edo beste erakunde batzuekiko harremanak –udalekikoa bereziki-, beste zenbait elementuren artean.

Hezkuntza komunitateak aurreko ikasturtean erakutsi du, sailburuaren hitzetan, gai dela denok batera lan eginez egoera zailetan aurrera egiteko, eta itxaropena azaldu du “Hezkuntza Hitzarmen baten inguruan ere lanean batera aritzeko gai izango garela”.

Aurreratu du, gainera, udazken honetan pauso inportanteak ikusiko direla, lanean hasita baita Hezkuntza Saila. Era berean, hausnarketa prozesu honen baitan kokatu du aniztasunaren eta atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzearen inguruan egin beharreko gogoeta sakona ere.

Ikasturte berrian, sindikatuekiko harremanari eusteko nahia ere erakutsi du Hezkuntza sailburuak, eta orain arte, urte honetan,  berak zuzentzen duen Sailak 103 bilera izan dituela haiekin gehitu du. Era berean, itunpeko sarearekin ere harremanak etengabeak direla nabarmendu du.

Azken urteetan jaiotza tasan gertatzen ari den jaitsieraz galdetuta, berriz, egoera hau hezkuntza sistema hobetzeko aukera on bat dela azaldu du, eta era horretan ikusi behar dela gaia.

Azkenik, irakaslearen figura eta honek duen garrantzia azpimarratu du Hezkuntza sailburuak. Bildarratzen esanetan, irakaslearen figura ahaldundu eta indartu beharra dago, egiten duten lana aitortu beharra. Horretarako, aurreko ikasturtean eta pandemia betean izan duten zeregina hartu du hizpide, eta lan horrek gizartearentzat oro har izan duen balioa ekarri du gogora, bai alderdi ekonomikotik bai familien kontziliazioari dagokionean.

2 iruzkin
  • 2021-09-10

    Eten digitala murrizteko gehiago egitea pertsona desberdinek, gauzek denbora daramatenean konektatuta eta adingabeek ere konektatzen direnean kontroletik ihes egin dezaketenean, zenbat eta segurtasun-iragazki gehiago egin, orduan eta zalantza handiagoa geratzen da autentifikazio-metodo gehiago erabiltzeko, on-line eskubide eta betebeharrak gogoratuz, ulertzen denean hizkuntzaren konplexutasuna irakurtzen dena ulertzeko denbora behar dela pertsona batzuek ez dezaten hizkuntza bat baino gehiago jakin.

  • 2021-09-10

    Hacer más por disminuir la brecha digital distintas personas, cuando las cosas llevan tiempo conectadas y pueda escaparse el control cuando los y las menores también se conectan, cuantos más filtros de seguridad mejor quedando la duda utilizar más métodos autentificación recordando los derechos y obligaciones on-line cuando se entienda se entiende lo que se lee complejidad de lenguaje requiere tiempo de comprensión a algunas personas no dominen distintos idiomas.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak