Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz sailburuak hasiera eman dio 2021-2022 ikasturteari

2021-09-08
  • Hasi da 2021-2022 ikasturtea Euskadin, 366.000 ikasle pasatxo dituela unibertsitateaz besteko mailetan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Gasteizko Luis Elejalde - Rogelia de Álvaro Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean izan da gaur goizean, 2021-2022 ikasturte berriaren hasiera dela eta. Sailburuarekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea izan dira bisitan, baita Aintzane Arrese Hezkuntzako lurralde-ordezkaria ere. Gasteizko Udalaren aldetik, Jon Armentia hirugarren alkateordea izan da ekitaldian.

Luis Elejalde – Rogelia de Álvaro ikastetxe publikoak Gasteizko El Pilar auzoari ematen dio hezkuntza-arreta. Haur eta Lehen Hezkuntzako 400 ikasle baino gehixeago ditu ikasgeletan (2-12 urteko ikasleak). D hizkuntza-ereduko 2 lerroko ikastetxea da, eta 45 irakasle inguru arduratzen dira bertan ikasleen hezkuntzaz.

366.697 ikasle

Bertako zuzendaritza-taldearekin batera ikastetxea bisitatu ondoren, Bildarratz sailburuak ikasturte berriaren hasierako datu nagusiak azaldu ditu; pandemiaren eraginpean egingo da hirugarren ikasturtea da.

2021-2022 ikasturtea irailaren 8an hasi da Euskadin, 366.697 ikaslerekin unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan, hau da, Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara arteko ikasleak. Zifra horrek adierazten du orotako ikasle kopurua %1,41 jaitsi dela iazko ikasturtearekin alderatuta.

Jaiotza-tasak behera egin izanaren ondorioz, ikasle kopuruak behera egiten jarraitzen du, beheko etapetan bereziki: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Haur Hezkuntzan, %5,08ko beherakada izan da 0-2 urteko etapan, eta %6,21ekoa 3-5 urtekoen artean, aurreko ikasturtearekin alderatuta. Lehen Hezkuntzan, ikasleak %1,79 jaitsi dira aurten. DBHn eta Batxilergoan, zifra nagusiek ez dute aldaketa nabarmenik izan.

Sarea eta hizkuntza ereduak

Seme-alabak eskolatzeko familiek aukeratzen duten sareari dagokionez -sare publikoa edo sare itundu-pribatua-, hautu hori aurreko urteetakoaren antzekoa da, nahiz eta erdiek baino gehiagok egiten duten publikoaren aldeko hautua. Familien %51,2k sare horren alde egiten du, eta % 48,8k pribatu edo itunduaren alde.

Hizkuntza-ereduei dagokienez ere, azken urteetako joerari jarraitzen dio: D eredua da gehien eskatzen dena ikasleen guztizkoaren artean, eta gora egiten du Haur Hezkuntzan: 3-5 urteko adin-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dena eta 0,7 puntu igo da. D ereduan ikasleen %81,9 daude; B ereduan %15,3; eta A ereduan, berriz, %2,9.

Lanbide Heziketan, irailaren 6ra arteko matrikula-datuak daude eskura, eta egun horretara arte 44.486 ikasle matrikulatu dira. Lanbide Heziketan matrikulatzeko epea irekita izango da ekainaren 15era arte (ekainean irekitako onarpen-prozesuan parte hartu ez zuten ikasleak libre geratzen diren plazetan inskribatu ahal izango dira).

Covid baliabide gehigarriak

Hedabideen aurreko agerraldian, Bildarratz sailburuak hezkuntza-komunitate osoak joan den ikasturtean egindako lan bikaina nabarmendu du, bai eta aurreko urtean metatutako esperientzia baliagarria ere. Baina zuhur azaldu da, Covidak oraindik hemen jarraitzen duela gogoratuz.

Hori dela eta, Hezkuntza Sailak joan den ikasturtean jarri zituen aparteko baliabide guztiak mantenduko ditu, bai higiene eta segurtasuneko materialak, bai errefortzu profesionalak ere: irakasleak, garbitzaileak, jantokietako langileak eta sukaldeko langileak.

Ildo horretan, ikasturte honetan hezkuntzari buruz gehiago eta pandemiari buruz zertxobait gutxiago hitz egiteko itxaropena agertu du, baita arreta hezkuntzarako funtsezkoa den figura batean jarriko den itxaropena ere: irakaslearen figuran, hain zuzen ere. Bildarratzek adierazi du ikasturte honek irakaslearen figurak dagokion prestigio soziala berreskuratzeko balio izatea nahi lukeela, hauen konpromisoa eta gizarteari egiten dioten ekarpen guztia agerian geratu baitira, beste behin ere.

Ikasturte berrirako erronkak

Gaur hasi den ikasturte berrirako erronken artean, ikasleen eta irakasleen ongizate emozionala eta osasun mentala nabarmendu ditu sailburuak, urte eta erdi baino gehiagoan bizi izaten ari garen pandemia-egoeraren eragin negatiboa minimizatzea ahalbidetuko duten hezkuntza-jarduerekin jorratu beharreko alderdi gisa.

Alderdi emozionalarekin batera, zuzentzen duen sailak landuko dituen beste gai batzuk ere hizpide izan ditu, hala nola: hezkuntza-lidergoko programak bultzatzea; digitalizazioa garatzeko programak; konplexutasun handieneko ikastetxeei autonomia handiagoa emateko ekintzak; komunikazio hobea indartzeko programak, testuinguru eleaniztunean; edo eskola plurala eta inklusiboa indartzen lagunduko duen estrategia baten aldeko apustua.

Hezkuntza Hitzarmena

Baina Hezkuntza Sistemak aurrera egiten jarrai dezan, Bildarratz sailburuak hau eguneratzen eta modernizatzen lan egiten jarraitu beharra berretsi du: estrategia komun bat definitzea, non hezkuntza eragileek eta eragile politikoek datozen urteetarako erronka eta estrategia nagusiak adostuko dituzten.

Bildarratzek adierazi duenez, "Hezkuntza gure gizartearen parte da, eta aurrera egiteko ilusioa dugu. Elkarrekin lan egiten jarraitu behar dugu hobetzeko, gizartearen mesedetan. Hezkuntza-komunitate osoaren artean ahalik eta akordio zabalena lortzen ahaleginduko gara. Gure Hezkuntza modernizatzeko, eguneratzeko eta hobetzeko aukera dugu. Datozen 30 urteetako erronkei eta helburuei erantzuteko oinarri bat adosteko aukera. Badakit akordioa beti dela zaila, baina ziur nago arlo honetan, Hezkuntzan, eta une honetan, gai izango garela jarrerak hurbiltzeko eta elkarrekin lan egiteko".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak