Berriak Segurtasuna

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uda lehorra izan da Euskadi osoan, eta hotza itsasertzean

2021-09-08
  • Ekaina oso hezea eta beroa izan zen
  • Bestalde, uztaila eta abuztua oso lehorrak eta hotzak izan dira, eta batez ere itsasertzean izan dira hotzak

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, aurtengo uda, ekainetik abuztura bitartean, lehorra izan da, eta aldaketa handiak izan dira leku batzuetatik bestera. Bestalde, itsasertzean hotza izan da eta barnealdean normala. Ekaina oso hezea eta beroa izan zen, eta uztaila eta abuztua oso lehorrak eta hotzak, bigarren kasu horretan batez ere itsasertzean.

Euskalmeten arabera, uda hasiera, ekaina, oso hezea izan zen lurralde osoan. Berez, Arabako Errioxan, Arabako Mendialdean, Goierrin eta Donostialdean mende honetako ekaineko prezipitazio totalen errekorrak hautsi ziren (Páganos 103,5 l/m²; Navarrete 114,5 l/m²; Ordizia 127,4 l/m²; Ereñozu 190,5 l/m²). Aldi berean, hilabete beroa izan zen, eta Euskadiko batez besteko tenperatura batez besteko normala baino 0,4 ºC altuagoa izan zen.

Era berean, ekainean bota zituen ekaitz zaparradek ere mende honetako intentsitate-errekorrak hautsi zituzten Euskalmeten estazio batzuetan, besteak beste, Iturrietan, Estandan, San Prudentzion, Ameraunen, Andoainen, Cerrojan, Punta Galean, Arboledan eta La Garbean.

Uztailari eta abuztuari dagokienez, berriz, hilabete oso lehorrak izan dira. Berez uztaila oso lehorra izan da barnealdean eta lehorra itsasertzeko eskualdeetan, eta Gernika-Bermeo eta Donostialdea eskualdeetan, berriz, normala. Abuztua, bestalde, erabat lehorra izan da Arabako Lautadako eta Donostialdeko zenbait lekutan. Gipuzkoako estazio batzuetan XXI. mendeko abuzturik lehorrena izan da, adibidez Zarautzen, Andoainen, Altzolan, Arrasaten, Oñatin eta Lasarten; Donostian, berriz, abuzturik lehorrena izan da 1962tik.  

Horrela, mende honi dagokionez, uztaila Mediterranio isurialdeko bigarren edo hirugarren lehorrena izan da, eta abuztua, berriz, Euskadi osoko hirugarren lehorrena.

Tenperaturaren portaera ere antzekoa izan da uztailean eta abuztuan. Bi hilabeteetako batez besteko tenperatura hotza edo oso hotza izan da itsasertzean, eta normalizatzen joan da barnealdera egin ahala. Horrela lurralde osorako 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoa baino 0,4 ºC eta 0,3 ºC  azpitik ibili da.  Beroaldi bakarra izan da, hain zuzen ere, Araba erdialdeari eta hegoaldeari eragin ziona, eta abuztuko tenperatura maximo altuenen erregistro historikoak utzi zituen estazio batzuetan (Kanpezu 41,4 ºC; Páganos 39,3 ºC; Moreda 39,5 ºC eta Illarduia 39,9 ºC).

Gainera, intsolazioa urte-sasoi honetan isurialde kantauriarrean ohikoa denaren azpitik egon da (% 10 inguru azpitik), eta bereziki izan da baxua kostaldean. Mediterranioko isurialdean, aldiz, intsolazioa % 7 handiagoa izan da.

Muturreko egoera meteorologiko gehienak ekainean erregistratu ziren, eta Segurtasun Sailak guztira 12 abisu hori eta alerta laranja bat aktibatu zituen, guztiak ekaitzengatik. Uztailean eta abuztuan 9 abisu hori aktibatu ziren beroagatik eta baso-sute arriskuagatik, guztiak Araban.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko