Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak defendatu du Justizia "funtsezko zerbitzu publikoa" dela eta "zerbitzatzen duen gizartearen beharrak ase" behar dituela

2021-09-08
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Eusko Jaurlaritza bat dator gero eta Justizia "modernoagoa, arinagoa, eraginkorragoa eta digitalizatuagoa" lortzeko helburuarekin, arreta berezia jarriz kolektibo ahulenen irisgarritasunean

  • Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du espetxe-erakundeen eskumena bere gain hartzeko prozesuan, "Justizia hurbilagoa, leheneratzailea eta pertsonak ardatz dituena bultzatzeko" konpromisoari eutsiz

Iñigo Urkullu lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lagunduta, Espainiako Abokatuen Elkargoen Gobernu Batzordeen VIII. Jardunaldien inaugurazioan izan da, eta, bertan Justizia "funtsezko zerbitzu publikoa" dela defendatu du, "Zerbitzatzen duen gizartearen beharrak ase behar dituena"; horrela, "Justizia gero eta modernoagoa, arinagoa, eraginkorragoa eta digitalizatuagoa" lortzeko helburuarekin bat egin du. "Gure eskumenen barruan, justizia humanizatzea eta gatazka sozialak konpontzea da gure helburua, kolektibo ahulenen irisgarritasunean arreta berezia jarriz", zehaztu du.

Horretarako, Eusko Jaurlaritza baliabideen eta azpiegituren arloko hainbat ekimen lantzen ari da, bere eskumenen barruan. Ildo horretan, Urkulluk azaldu du bulego judizial berriaren ezarpena bultzatuko dela; azpiegitura judizialen programa integrala gauzatuko dela eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta irisgarritasun unibertsala lehenetsiz; Justizia digitalaren planean aurrera egingo dela, epaitegien eta auzitegien digitalizazio integrala lortzeko, espediente judizial elektronikoa burutuz; edo "familia-elkarguneak" handitzeko prozesua areagotuko dela.

Besteak beste, honako helburu hauek ditu Eusko Jaurlaritzak: bitartekaritza judizialaren doakotasuna bermatzea eta Gazte Justiziako bosgarren Plana garatzea; indarkeria matxistaren biktimei arreta berezia ematea, Justiziaren eremuan emakumeen aurkako indarkeriaren jarduera-plana garatuz; eta hizkuntza-normalizazioko planean aurrera egitea, Justiziaren eremuan euskara erabiltzeko eskubidea gauzatzeko.

Lehendakariak, bere hitzaldian, espetxeen eskumena Jaurlaritzaren gain hartzeko egindako aurrerapenak ere azpimarratu ditu: Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege-proiektua eta Gizarteratzeko Euskal Agentzia berriaren lege-proiektua, "Aukerak" izenekoa, onartu izana. Hori guztia, "Udaberri" izeneko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Aniztasunaren aldeko Estrategia integral berriaren esparruan. "Euskadiko terrorismoaren eta indarkeriaren "negu gordinaren" ondoren, etorkizuneko etapa berri baten hasieran, gure orientazioa eta konpromisoa Justizia hurbilagoa, leheneratzailea eta pertsonak ardatz dituena bultzatzea da", azpimarratu du Lehendakariak.

Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian izan dira, besteak beste, Bakarto Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Juan Mª Aburto Bilboko alkatea, Pablo Zapatero Justiziako Estatu idazkaria, Denis Itxaso Gobernuaren ordezkaria eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak