Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak nahitaezko azterketa teknikoa egiten ez duten ziklomotorrak detektatzeko bigarren kanpainari ekin dio

2011.eko abuztuak 04

Euskadin ia 47.000 ziklomotor daude erregistratuta, eta nahitaezko azterketa teknikoa egin behar zutenetatik gutxi gorabehera % 65ek ez zuten azterketa egin.

Joan zen udan egindako lehen kanpainaren ondorioz, IAT egin behar zuten ziklomotorren kopurua % 11,42 handitu da.

Ziklomotorrekin lotutako istripuetan izaten diren biktimak 15etik 17ra urte bitartekoak dira. Arrazoi horiengatik ospitaleratzen direnen % 70ak bizi osorako tratamendua behar izaten du, edo bestela, denbora oso luzerakoa.

Eusko Jaurlaritzak nahitaezko azterketa teknikoa egin ez zuten ziklomotorrak detektatzeko eta zigortzeko lehen kanpainari ekin zion joan zen udan. 2008az geroztik, legeriaren arabera, ibilgailu mota horrek kontrola pasa behar du Euskadin, eta datuen arabera ziklomotorren titularren erdiak baino gehiagok ez dute betebehar hori bete. Euskadin erregistratuta dauden ia 47.000 ziklomotorretatik, IAT nahitaez egin behar dutenen % 65ek ez dute azterketa egiten, gaur egun eskura ditugun datuen arabera.

Egin zen lehen kanpainak estatistikak hobetu ditu. 2009. urtearekin alderatuta, 2010. urtean 560 lehen azterketa gehiago egin dira, hau da, % 11,42 gehiago, eta ez-onartuen ehunekoa 8,05 puntu jaitsi da.

Hala eta guztiz ere, Jaurlaritza hainbat jardun bultzatzen ari da kontrol hori pasa behar duten ziklomotor-jabeak kontzientziatzeko eta datuetan hobekuntza bat lortzeko, azken helburua denok betebehar hori bete dezatela izanik. Batetik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak triptiko bat egin du, eta Euskadin ziklomotor baten titular diren guztiei, mota horretako ibilgailuak saltzen dituzten saltokiei eta lurraldeko autoeskolei pertsonalki bidali die. Bestetik, Sailak berak Ertzaintzarekin beharrezko kontaktuak egin ditu ertzainek eta udaltzainek lurraldean zehar dabiltzan ziklomotorrak kontrola ditzaten, dagokion aldizkako azterketa egin ez duten ziklomotor guztiak detektatzeko.

Legearen eskakizunak betetzeko premia horren arrazoiak honako hauek dira bereziki:

-Ziklomotorrek ibilgailuen % 6 osatzen dute, baina trafiko-istripuen % 18an egoten dira inplikatuta.

-Ziklomotorren istripuetako biktimek 15-17 urte izaten dituzte.

-Arrazoi horiengatik ospitaleratzen direnen % 70ak bizi osorako tratamendua behar izaten du, edo bestela, denbora oso luzerakoa. 

Absentismo horren ehunekoa murrizteko xedez, abuztutik aurrera, kontrol zorrotzak jarriko dituzte eta azterketa egin behar bai baina egin ez duten ziklomotorren gidariak zigortu egingo dituzte. IAT azterketa egiteko betebeharra bete ez duten ibilgailuei edo azterketa egin bai baina bide-segurtasunari larri eragiten dioten baldintza teknikoak betetzen ez dituztenei 200 eurotik gorako isunak jarriko zaizkie.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abuztuaren 4a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko