qrcode

Euskadin bizi diren 21.000 bat gaztek jasoko dute aurten etxean lehenengo Gazte Txartela

2021-09-03
  • Txartela doakoa da, eta deskontuak eskaintzen ditu kulturarekin, heziketarekin, garraioarekin, osasunarekin edo ostatuarekin zerikusia duten zerbitzu eta produktuetan
  • Gazte Txartela European Youth Card moduan ere erabil daiteke kontinente zaharreko 38 herrialdetan, eta Nazioarteko Gazte Aterpekide Txartel moduan mundu osoko 80 herrialdetan

 

Vitoria-Gasteiz, 2021/09/03

Gasteizko Artium museorako sarreran %50eko deskontua, lau sarrera biren prezioan Bilboko Arte Ederren Museora sartzeko edo doako sarrera Zarauzko Photomuseumerako; horiexek dira Gazte Txartelaren abantailetako batzuk.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak 21.200 pertsona inguru gonbidatu ditu aurten Gazte Txartelarekin bat egitera. Txartela erabiltzeko baldintza bakarra da Euskadiko udalerri batean erroldatuta egotea eta 14 eta 29 urte bitartean izatea. Txartela posta bidez bidaltzen da.

Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak “tresna praktiko hau erabiltzera” animatzen ditu gazteak, “esperientziak bizitzeko eta jarduerez gozatzeko aukera emango” baitie.

Bestalde, Gazte Txartela Europan homologatuta dagoen eta European Youth Card Association (EYCA) – Europako Gazte Txartelen Elkartean dagoen euskal gazte-txartel bakarra da. Alde horretatik, kontinente zaharreko 38 herrialdetako 6 milioi pertsonak baino gehiagok dute gazte-txartel hau, eta Nazioarteko Aterpekide Txartel moduan ere erabil daiteke mundu osoko 80 herrialdetan.

Agurtzane Llanok azpimarratu duenez, txartelak “bidaiako laguntza-asegurua du barne, erabat doakoa eta mundu osoan balio duena, eta etxean jaso ondoren Gazteaukera.eus webgunean aktibatu behar da”. Aseguruak estaltzen du 105 egunera arteko egonaldia, eta laguntza espezifikoa ematen du larrialdi egoeretan.

Gazte Txartelak deskontuak eskaintzen ditu 2.000 bat dendetan, kirol-eremuetan eta aisialdikoetan erosketak egiteko eta zerbitzuak erabiltzeko. Deskontu horiek guztiak interesgarriak dira adin-tarte horretako pertsonentzat. Adibidez, autoeskoletan, arte-prestakuntzako zentroetan edo etengabeko prestakuntza-zentroetan erabil daitezke deskontuak. Besteak beste, Euskal Herriko Kirol Federakundeak % 20ko deskontua egiten du antolatzen dituen ekitaldietako sarreretan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak urtero pack bat oparitzen die Gazte Txartela dutenei: erabilera bakarreko deskontu-kupoi berezien app bat. Horrez gainera, aldian behin lehiaketak eta zozketak egiten ditu, web-orriaren bidez, eta sarietan bidaiak, ikuskizunetarako sarrerak, liburuak edo teknologia oparitzen ditu.

Euskaditik kanpora, Gazte Txartela duenak beste autonomia-erkidego batzuetako gazte-txartelek eskaintzen dituzten abantaila berberak izango ditu. EYCA barruan egonik, abantaila berberak izango ditu Europako edozein hiritan.

 

1987tik

Eusko Jaurlaritzak 1987an jarri zuen abian Gazte Txartela, Euskadiko gazteen bizi-kalitatea areagotzeko, kultura eta ondasun materialak, bai eta hainbat eratako zerbitzuak ere, eskuratzeko abantaila ekonomikoak sustatuz.

Hasiera batean, 14 urtetik 25 urtera bitarteko gazteentzako bakarrik zen. Gero, 1993an sortu zen EYCAk 26 urtera arte luzatzea sustatu zuen. Jaurlaritzak 2007an 30 urte bete arte luzatu zuen estaldura. Horrez gainera, erakunde laguntzaileak pixkanaka ugaltzen joan dira, bai Gazte Txartelari lotutako abantailen kopuruan bai kalitatean.

https://www.gazteaukera.euskadi.eus/gazte-txartela/hasiera/

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak