Berriak Segurtasuna

Josu Erkoreka Auzitegi Konstituzionalak isunen inguruan emandako epaiaren harira: "Niri pertsonalki ez zait gustatzen eta ikuspegi juridikotik oso objektagarria iruditzen zait"

2021-09-02

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Radio Popular – Herri Irratiako “Egun on Bizkaia” saioan. Bertan, Auzitegi Konstituzionalak lehen alarma egoeran jarritako isunen inguruan emandako epaia kritikatu du. "Niri pertsonalki ez zait gustatzen eta ikuspegi juridikotik oso objektagarria iruditzen zait", adierazi du. Gainera, "Justizia egitera etorri beharko lukeen epaiak konparaziozko bidegabekeria egoerak sortzen ditu, justizia ekitatiboaren ikuspuntutik jasangaitzak direnak", gaineratu du.

Erkoreka sailburuak azpimarratu du egindako ahalegin guztia, denbora eta diru asko inbertituta, "ezerezean" geratuko da, "alarma egoera vs salbuespen egoera" lehiagatik , eta, hau, ez dela pozgarria Segurtasun Saileko arduradunentzat ezan du, "baina Auzitegi Konstituzionalak bere eskuduntzak eta eskumenak ditu, epaia eman du, eta, guk gustuko ez badugu ere, betearazi egin behar da, ez dago beste erremediorik", adierazi du.

Halaber, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "harrituta" dago gozamen pertsonalari uko egin nahi ez dioten pertsonen erreakzio hedonistekin, nahiz eta beste pertsona batzuen osasunean ondorioak izan ditzakeen jarrera honek. Erkorekaren arabera, herritarrek gehien nabaritzen dutena da jarrera horiek ordena publikoan izan dezakeen eragina eta, hala badagokio, poliziak osasun publikoko arauak betetzeari uko egiten dioten pertsonen kolektibo horrekin izan dezakeen talka; baina azpimarratu du arazoa sakonekoa dela "nire ustez, polizia-arlotik haratago doan gai bat da, eta zerikusia du balioekin, hezkuntzarekin eta nortasun kolektiboarekin".

Bestalde, Segurtasun sailburuak transferentziei buruz ere hitz egin du, eta, ikasturte politikoa hastearekin batera, elkarrizketei berrekingo dietela esan du. "Espero dut hemendik abendura bitartean kronograman aurreikusitako 9 transferentziak gauzatzea", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak