Eusko Jaurlaritzak espainiako gobernuari helarazi dio EAEn bizi diren 18 familia afganiarren kezka

2021-08-31
  • Migrazio Zuzendaritzara jo dute Afganistanen dauden ahaideei buruzko informazioa eskatzeko
  • Artolazabalen ustez, Share proposamena eta babes komunitarioko programa Afganistango krisiari aurre egiteko ezinbesteko bi tresna dira

Vitoria-Gasteiz, 2021/08/31

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari helarazi dio Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta laguntza eske Xabier Legarreta Migrazioko zuzendariarengana jo duten 18 familia afganiarren zerrenda. Familiek, batez ere, euren senitartekoei buruzko informazioa eskatzen dute; izan ere, ezin dira haiekin komunikatu, bai jada herrialdetik irten direlako bai oraindik ezin izan direlako Kabuletik irten.

Etsipengarria den egoera horretan, familiek Eusko Jaurlaritzara jo dute laguntza eske, eta honek Espainiako Gobernuari helarazi dizkio informazio osoa eta haien kontaktuak, haien eskaerari erantzun ahal izateko. Era berean, Ministerioaren eta familien arteko bitartekaritza-lana egiteko eskaintza ere egin du.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Beatriz Artolazabal sailburuaren eta Lide Amilibia sailburuordearen bidez, etengabe dago José Luis Escrivák zuzendutako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioarekin harremanetan. Bi jakinarazpenen bidez jarri dituzte Espainiako Gobernuaren esku sailak dituen baliabideak.

“Berriz ere helarazi nahi izan dugu laguntzeko prest gaudela milaka herritar afganiarrek bizi duten egoera ikaragarriaren aurrean”, jartzen du sailburuak izenpetutako gutunean.

Escrivá ministroari bidalitako gutunean, Artolazabal sailburuak Share proposamenaren aldeko apustua berretsi du. “Badakigu une latzak direla, eta Eusko Jaurlaritzak berriz ere Share proposamena jarri nahi du mahai gainean, migrazioaren erronkaren eta une hauetan bizi dugun krisialdi humanitarioaren aurrean erantzun partekatua eta solidarioa emateko konpromisoa hartzea planteatzen duen ekimena. Proposamenaren bidez Europako, Estatuko eta eskualdeko eremuan, eta zeharka, migratzaileen edo asiloa eskatzen dutenen harrerarako eta inklusiorako ahalegina lurraldeen arabera banatzeko erabakia adostu nahi da”.

Afganistango krisiari aurre egiteko ezinbesteko tresna gisa sailburuak azpimarratu duen beste ekimena babes komunitarioko programa da, eta programa horren bidez Eusko Jaurlaritza aitzindaria da Europan errefuxiatuen harreran. “Zuk ezagutzen duzu programa hori”, adierazten dio Artolazabalek Escrivári, “Euskadin indarrez ari gara sustatzen, bertan parte hartzen duten pertsonen integrazioari begira emaitza onak lortzen ari baita”.

Lehenengo fasean siriar jatorriko bost familia finkatu dira Euskadiko lurraldean harrerako udalerrietan bizi diren pertsonen laguntzari esker, haien harreran, egokitzapenean eta integrazioan inplikatu baitira. Hori horrela izanda, programa beste bi urtez berritu da, eta une hauetan tokiko taldeak sortzeko fasean dago. Valentziak eta Nafarroak, besteak beste, galdetu dute programan honen funtzionamenduaz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak