Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Gasteiz, hiru atxilotu drogarekin trafikatzeagatik

2021-08-30
 

Ertzainek 45 eta 36 urteko bi gizon eta 32 urteko emakume bat atxilotu zituzten ostiralean Gasteizen, droga-trafikoaren delitua leporatuta. Gasteizeko Guardiako Epaitegitik 45 urteko gizona espetxeratzeko agindua eman zuten. Atxilotuek erabiltzen zuten pabiloian speeda, “estasi” pilulak, haxix zatiak, nahasteko substantzia, dirua eta bi arma simulatu aurkitu zituzten. Pabiloiko gune batean marihuana hazten zuten, eta argindarrera legez kanpoko konexio bat zuten.

Azken hilabeteotan Arabako hiriburuan droga-trafikoarekin lotuta egindako ikerketaren bidez jakin ahal izan zen Arriaga-Lakuako pabiloi batean substantzia sorgorgarrien trafikoarekin zerikusia zuten jarduerak egiten ari zitezkeela, eta inguruan zaintza-dispositibo bat jarri zuten, beraz.

Joan den ostiral goizaldean, polizia-operatiboko kideek gizon bat geldiarazi zuten pabiloitik irten zenean. Gizonak denbora laburra egin zuen barruan, eta plastikozko poltsa bat eta motxila bat hartuta irten zen. Susmagarria identifikatu ondoren, hauts baten 52 gramo zituen poltsatxo bat aurkitu zioten, dirudienez, speeda, bai eta 20 estasi pilula, haxix zati bat eta termozigilatutako hainbat poltsa ere. Agenteek jakin ahal izan zutenez, salgaiak pabiloian eskuratu berri zituen. Patruilak konfiskatu egin zituen denak eta susmagarria atxilotu zuen, droga-trafikoa leporatuta.

Handik ordu batzuetara, eta epailearen agindua hartuta, sartu ziren agenteak pabiloian, eta barruan gizon bat eta emakume bat aurkitu zituzten. Hasiera batean sarrera debekatu zieten agenteei, eta ez zuten ireki nahi izan hainbat segurtasun-sarraila zituen atea.

Pabiloi barruan 100 bat gramo speed zituzten hainbat ontzi, estasi pilula ugari, marihuana kukuluak, haxixa, nahasteko substantzia eta trafikatzaileek erabili ohi dituzten beste hainbat objektu aurkitu zituzten. Bestalde, ustez marihuana hazteko prestatuta zegoen gune bat ere aurkitu zuten, eta bertan hutsik zeuden lorontziak, haizagailuak, lanparak, landareak hazteko produktu kimikoak… aurkitu zituzten. Agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, bertako argindarraren konexioa legez kanpokoa zen.  Lekuan bi su-arma simulatu eta dirua ere aurkitu zituzten.

Horren guztiaren aurrean, atxilotu eta, ondoren, polizia-egoitzara eraman zituzten pabiloian aurkitu zituzten bi pertsonak. Dirudienez, bi pertsona horiek bertan bizi ziren une horretan eta biek aurrekariak dituzte droga-trafikoagatik.

Larunbatean Agintari Judizialaren aurrera eraman zituzten, goizaldean arrastatu zuten beste pertsonarekin batera, eta epaileak pabiloi barruan atxilotu zuten gizona espetxeratzeko agindua eman zuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan