Berriak Segurtasuna

Astigarragan 500 pertsona baino gehiagoko legez kontrako jaia desegin du Ertzaintzak

2021-08-27

Gaur goizaldean, inguruko auzokoek ohartarazi dute jende ugari biltzen ari zen festa bat egiten ari zirela Astigarraga (Gipuzkoa) inguruko baserri batean. Bertaratu direnean patruilek ehundaka pertsona aurkitu dituzte, ibilgailu partikularretan, taxietan eta festa horretara joateko antolatutako autobus pribatuetan iritsitakoak.

Gaur, ostirala, goizaldeko 1:30ean Ertzaintzari ohartarazi diote jende asko biltzen ari zen festa bat egiten ari zirela Astigarragako (Gipuzkoa) landa-eremuko baserri batean. Patruilak iritsi direnean egiaztatu ahal izan dute ehundaka gazte zeudela baserriaren kanpoan zein barruan. Une horretan, autobus pribatu batzuk zeuden aparkatuta eta pertsona gehiago iristen ari ziren taxietan eta ibilgailu partikularretan. Agenteek kalkulatu zuten 500 pertsona baino gehiago egon zitezkeela bertan. Legez kontrako festa bat zenez gero, agenteek 150 pertsona baino gehiago identifikatu zituzten, bertatik irteten ziren neurrian.  

Festaren ustezko arduradunaren arabera —bertan zegoen eta hala identifikatu zen—, festa pribatua zen, eta sarrera bat ordaindu ondoren sar zitekeen bertara eta barruan edariak ere zerbitzatzen ziren. Agenteek egiaztatu zuten baserriaren kanpoaldean eszenatoki bat ere instalatuta zutela. 

Bestalde, patruilek festako askotariko elementuak konfiskatu zituzten, hala nola bafleak, ke-makina bat eta argiztapen-elementuak. 

Hernaniko Ertzain-etxeak ikerketa abian du Jendaurreko Ikuskizunetako eta Jolas Jardueretako Legea urratzearen ondoriozko administrazio-prozedura irekitzeko.  

Alkohol- eta droga-kontrola

Bestalde, Gipuzkoako Trafiko Unitateak kontrol bat jarri du inguruan, festa utzi behar zuten gidariei alkoholemia- eta droga-testak egiteko. 

Salaketak Zumaian

Era berean, Zumaian (Gipuzkoa) gaur goizaldean kalean elkarrekin musika entzuten eta edari alkoholdunak kontsumitzen ari ziren 16 pertsona identifikatu dituzte. Guztien aurkako salaketak jarri dituzte, COVID-19aren ondoriozko osasun-araudia ez betetzeagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan