Amaitzear dira Zaldibarko zabortegia egonkortzeko eta egokitzeko lanak

2021-08-27
  • Eusko Jaurlaritza amaitzear da Zaldibarko luiziaren ondorengo larrialdi-jarduketaren barruan modu subsidiarioan egiten ari zen lana

Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 31n emango ditu amaitutzat Zaldibarko zabortegia egonkortzeko eta egokitzeko lanak. 18 hilabete hauetan, hau da, luizia jakin zen unetik bertatik, Eusko Jaurlaritzak modu jarraituan eta etenik gabe egin du lan bertan.

Hasierako premiazko neurriak aldatu behar izan dira unean-unean sortu diren premien arabera, betiere helburu hauek kontuan hartuta: 

  • Desagertutako pertsonak erreskatatzea, Joaquín Beltránen eta Alberto Sololuzeren bilaketa-erritmoa arinduz.
  • Ingurumenari beste kalte batzuk eragin dakizkion saihestea.
  • Zabortegia egonkortzea.

Azken hilabeteotan, hau da, bilaketa-lanak maiatzaren 14an amaitu zirenetik, zabortegia egonkortzeko lanekin jarraitu da, eta bildutako hondakinak sostengatzen dituen zabortegiaren behealdean egin dira lanak. Zehazki, lan hauek egin dira: zeharkako ebakidura bat hondeatu da, zabortegia eusten duen oinarrian zehar; dike frontal gehigarri bat egin da; eta dentsitate handiko materialez egindako kokote bidezko goratua egin da.

Jarduketa horiei esker, ziurta daiteke gaur egun zabortegia kokatzen den lur eremua egonkorra dela eta ingurua etorkizunean ere egonkorra izango dela; halaxe frogatzen dute egonkortasuna kontrolatzen duen estazioaren bidez etengabe egin diren neurketek. Isurketa-guneko eremuetan egindako erregistroen bidez, ziurtatu ahal izan da egindako obrek mugimendurik gabeko egitura egonkorra sortu dutela.

Maiatzetik gaur arte, zabortegia egonkortzeko 132.000 metro kubiko material erabili da; horietatik 42.000 m³ dikeari dagozkio, eta 90.000 m³ kokoteari dagozkio. Materialen ekarpen eta mugimendu handi horrek egunean 140-150 kamioiren zirkulazioa ekarri du.

Bestalde, uren gaineko ingurumen-eragina saihesteko obrak egin dira. Horretarako, isurketa-gunea aldi baterako zigilatu da buztin-materialen bidez eta drainatzeak instalatu dira, barneko drainatzeak (eskualdeko saneamendura bideratzen direnak) zein kanpoko drainatzeak (euri-urak alboetako ubideetara bideratzen dituztenak, infiltraziorik izan ez dadin). Helburu horrekin berarekin, zabortegiaren azaleraren profilak kanpoaldera begira dauden malda txikiak ditu, ura meta ez dadin edo infiltra ez dadin.

Zaldibarko zabortegia behin betiko ixtea 

Orain, ingurumen-baimen integratuan finkatutako betebeharrak eguneratu beharko dira, irristatzearen ondoren sortutako egoera berriari lotutako eskakizunak jaso daitezen. Horretarako, kontuan hartu beharko dira behin betiko zigilatzea, zabortegia itxi ondoko mantentzea eta lixibiatuen tratamendua.

Etorkizunean, beraz, zabortegian ezin izango da inolako hondakinik hartu, itxi ondoko lanetara mugatuko baita.

 

2 iruzkin
  • 2021-08-27

    Eremu horretan alertak zergatik ez ziren garaiz iritsi eta alderdi guztiek zergatik ez zituzten tratatu ikertzea, garai berriekin prebentzio-kontrol egokirik izan ezean. Kontrol aktibo dinamiko handiagoa bihurtzen da, pasiboak izan daitezkeenez gain.

  • 2021-08-27

    Investigar por qué las alertas se daban en la zona no llegaron a tiempo ni fueron tratadas por todas las partes a falta de control preventivo adecuado con los nuevos tiempos zonas se permitieron anteriormente, se vuelve más control activo dinámico además de los que puedan ser pasivos.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak