Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek lau pertsona erreskatatu dituzte Aiako Harrian, Zumaiako flyschean eta Apilaizen

2021-08-24

Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek, gaur arratsaldean, galdutako mendizale bat erreskatatu dute Aiako Harrian, mareak harrapatutako bi pertsona Zumaiako flyschean eta istripua izan duen mendizale bat Apilaizko eskalada-eremuaren inguruan.

Arratsaldeko hirurak eta laurdenetan, mendizale batek Sos Deiak 112 zerbitzura deitu du eta jakinarazi du galdu egin dela Aiako Harria inguruan (Oiartzun) ibilbide bat egiten ari zenean. Hori jakinik, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko helikoptero bat eta Gipuzkoako suhiltzaileak mobilizatu dira. Aireontziak arratsaldeko hirurak eta erdi inguru aurkitu eta erreskatatu du galdutako pertsona. 60 urteko gizonezkoa osasun-egoera onean zegoenez gero, hurbileko puntu batera eraman dute, Ertzaintzaren patruila batek bere ibilgailura hurbil zezan.

Arratsaldeko laurak eta erdi inguru, bikote batek laguntza eskatu dio Sos Deiak 112 zerbitzuari; itxuraz, Zumaiako flyscharen ibilbidea egiten ari zirela mareak harrapatuta geratu dira. Gurutze Gorriaren ontzi bat eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko helikoptero bat hurbildu dira pertsona horiei laguntzera. Arratsaldeko bostak inguru aurkitu dituzte, eta Zaintza eta Erreskate Unitateko helikopteroak erreskatatu ditu. Ondoren, 23 eta 24 urteko bi emakumeak Zumaiako kanpinaren ingurura eraman dituzte, han baitzuten autoa.

Era berean, arratsaldeko laurak eta erdi inguru, mendizale bat erori egin da Apilaizko (Araba) eskalada-eremuaren inguruan. Arabako suhiltzaileak eta Ertzaintzaren patruila bat joan dira istripua izan duen gizona laguntzera, eta anbulantzia batera eraman dute. Anbulantziak Gasteizko Santiago Ospitalera eraman du. Zaurituak, 36 urtekoak, lesioak zituen bi orkatiletan eta aldakan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan