Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariarekin batzartu da Bartzelonan

2021-08-26
  • Katalunia eta Euskadiko hezkuntza arduradunek arlo estrategiko ezberdinei loturiko beren esperientzia eta proiektuak partekatu dituzte

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilari Josep Gonzàlez-Cambrayrekin batzartu da gaur goizean. Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Sailak Bartzelonan duen egoitzan egin den aldebiko bilera honetan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuorde eta Xabier Aizpurua Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearekin osatu da. Administrazio gonbidatzailearen aldetik, Hezkuntza Saileko idazkari nagusi Patricia Gomà, Hezkuntza Eraldatzeko idazkari Nuria Mota eta Kontseilariaren kabinete buru Neus Fornells ere parte hartzaile izan dira.

Bileran zehar, pandemiaren egoera eta honek eskola-jardueran izan duen eragina aztertzeaz gain, erkidego bakoitzak hainbat arlo estrategikotan garatzen dituen esperientzia eta proiektuen inguruko informazioa partekatu dute bi taldeek. Landu diren gaien artean, ondokoak dira nabarmentzekoak: langileen kudeaketari loturiko gaiak; digitalizazioa eta eraldatze digitala; unibertsitate-sistemarekin ezarritako lankidetza-esparrua eta aipatu sistemak unibertsitatetik kanpoko hezkuntzari dagokionez garatzen dituen ikerketa-proiektuak; atzerriko ikasleak eskolatzeko estrategia eta politikak; edo hezkuntza inklusiboa bermatzeko gauzatzen ari diren proiektuak.

Kataluniako agintariek, halaber, Euskadiko Lanbide Heziketa eredua eta, bereziki, Euskadiko Lanbide Heziketa Duala ezagutzeko interesa agertu dute. Azken gai hau Kataluniako agintariek hurrengo hilotan Euskadira egingo duten bisita batean sakontasunez jorratuko da.

Bilera amaitu ostean, bi aldeek topaketaren balorazio baikorra egin eta hasitako harremanean sakontzen jarraitzeko konpromisoa agertu dute, bi hezkuntza-sistementzat aberasgarri gertatzen baita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak