Berriak Osasuna

Gotzone Sagarduik azpimarratu du elkartasun kontua dela txertoa jartzea eta kutsatzeak saihesteko arauak betetzea

2021-08-19

Gotzone Sagardui Osasun saileko sailburuak txertoa jarri gabe duten pertsona guztiei lehenbailehen hitzordua hartzeko deia egin die "norberaren alde eta ingurukoen alde", eta "txertoa jartzea elkartasun kontua" dela azpimarratu du. Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketa batean, Osasun sailburuak adierazi du "Euskadiko biztanleen % 100ek txertoa jartzeko aukera erabili dezaten nahi dut". Horren harira, infekzioa hartu eta txertoa hartu ahal izateko epea bi hilabetera laburtu ostean, egoera horretan daudenei 40.000 SMS baino gehiago bidali dizkietela, eta, dagoeneko, horietako 12.000 lagunek txertoa jasotzeko hitzordua dutela iragarri du.


Aurten 12 urte betetzen dituzten haurren txertaketari dagokionez, Pzifer eta Moderna fitxa teknikoan ezarritako gutxieneko adina betetzen duten hilabeteetan txertoa hartzeko aukera eskainiko zaiela jakinarazi du Osasun sailburuak.


Egoitzetako segurtasun-neurriei buruz galdetuta, Gotzone Sagarduik esan du Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru-Aldundiek zentro horietako segurtasun-neurriak etengabe egokitzen ari direla unean uneko egoera epidemiologiko zehatzaren arabera.


Horrez gain, Gotzone Sagarduik gogora ekarri duenez, "Pandemia egoeran ez da jaietarako garaia. Birusak uzten diogun edozein zirrikitu erabiltzen du, eta garrantzitsua da maskarak etengabe erabiltzea, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta pilaketak saihestea. Aurten, jairik ez. Datorren urteko jaiez erabat gozatzeko ".


Bestalde, Osasun sailburuak jakinarazi du, koronabirusa dela eta ZIUn dauden hamar pazientetik seik ez dutela txertoa jarrita, eta gainerakoak dosiak jaso aurretik kutsatu ziren pertsonak direla, edo, gutxienez, immunitaterik sortu ez dutenak, eta gogorarazi du "txertoa ez dela hutsezina, nahiz eta birusaren aurrean babesteko tresnarik onena izan".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak