Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Babestutako alokairuko etxebizitza-parkea handitzeko apustua berretsi egiten du Eusko Jaurlaritzak

2011.eko uztailak 29

Etxebizitza Sailak adierazi nahi du joan den asteartean Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako kontratu mistoa erabat legezkoa dela, aginduzko legezkotasun-txosten guztiak baititu. Kontratu horren arabera, inbertsiogile pribatu batek gutxienez 4.000 etxebizitza babestu lagako dizkio Jaurlaritzari. Eragiketa honen bidez, Eusko Jaurlaritzak 4.000 etxebizitza bideratu nahi ditu alokairu babestura 20 urtez gutxienez. Beraz, ez da inondik inora ondare publikoa saltzeko eragiketa.

Etxebizitza horiek zuzenean kudeatuko ditu Jaurlaritzak eta Etxebideren erregistroan izena emanda daudenei alokatuko zaizkie, hau da, legeak ezarritako betekizun guztiak betetzen dituztenei. Alokairu babestuko ohiko errenta ordainduko dute. Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak asteartean azaldu zuen bezala, etxebizitza horiek beti egongo dira babestutakoen merkatuan kalifikazio iraunkorra baitute. Zenbait kasutan, kalifikazio hori Jaurlaritza honek emandakoa da. Onartutako kontratuaren arabera, inbertsiogile pribatuak beti mantenduko ditu etxebizitza horiek babestutako merkatuan.

Etxebizitza Sailak, 2010-2013ko Etxebizitzako eta Hiri Berrikuntzako Plan Zuzentzailearen bidez bere gain hartutako konpromisoekin bat, bi helburu nagusi izan ditu ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-kontratu hau diseinatzerakoan: alokairura bideratutako etxebizitzak eskuratzea, etxebizitza-sozietateak saneatzea eta diru-sarrerak lortzea alokairuko eta etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien sustapenak eraikitzen jarraitu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak gogoratu nahi du joan den apirilaren 1a arte Alokabide sozietate pribatua zela, eta eraikitako 1.072 etxebizitzak, inbertsiogile pribatuak orain Alokabideri erosiko dizkionak, sozietate pribatu batenak zirela duela lau hilabete arte. Alokabideren ondarea ondare publiko iragankorra da, izan ere, 15 urtera sal daitezkeen etxebizitzak baitira. Bost urte baino gehiagoko etxebizitzak ziren, hain zuzen, eta haien salmentarekin sortutako diru-sarrerak esku pribatuetara zihoazen. Gobernu honek erabaki zuen, hain zuzen ere, Alokabideri izaera publikoa ematea. Horrela, etxebizitza horiek kontrol publikopean geratu ziren. Behin betiko kalifikazioa ere eman zien, babestutako etxebizitza bihurtzeko betiko.

Jaurlaritzak onartutako eragiketarekin, beraz, salmentako diru-sarrerak esku publikoetara pasatzea lortuko da, baita etxebizitza horiek alokairuan egoteko epea handiagotzea ere, beste 20 urtez egongo baitira alokairu-merkatuan. Aldi berean, Alokabide saneatuko da eta finantza-entitateei berme gehiagorekin eskatu ahal izan die finantzazioa bere eginkizunarekin jarraitzeko, hau da, alokairu publikorako etxebizitzak kudeatzen jarraitzeko.

Bestalde, eraikitzen ari diren 1.875 etxebizitza salduko dizkio Visesak inbertsiogile pribatuari, gauza logikoa, Visesaren eginkizuna baita -beti izan da- eraikitzea eta etxebizitza babestuak saltzea, gero. Kontuan hartu behar da, hala ere, 1.875 etxebizitza horietatik 1.242 baino ez zirela sozialak eta alokairurakoak zirela. Eragiketa honekin, beraz, Jaurlaritzak beste 633 etxebizitza eskuratuko ditu alokairurako. Bestalde, etxebizitza horiek eraiki eta saltzea konplikatua zen, finantzaketa arazoak baitzituzten bai Visesak eta bai Alokabidek.

Arriola sailburuak bere agerraldian esan zuen legez, babestutako alokairurako parkea handitzeaz eta alokairu-politika eraginkorrekin jarraitzeko diru-sarrerak lortzeaz gain, eragiketa honekin sozietateak saneatzea lortuko da beren eginkizunak jarraitu ahal izateko, hau da, babestutako etxebizitza eraiki eta kudeatzea.

Alokairua bultzatzeko formula berritzaileak eta irudimentsuak behar dira, baita askotariko neurriak bateratzea ere.  Horrela bada, Jaurlaritzak mantendu egingo du Bizigune programa eta urte amaieran bitartekaritza programa bat onartuko du. Horren arabera, aseguru bat ordainduko du errentaren ordainketa bermatzeko eta kalteei aurre egiteko merkatu librekoa baino errenta baxuagoaren truke. Hori guztia, babestutako alokairu-eskaintza handitzeko eta ahalik eta pertsona gehienei irits dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan