Euskadik adierazi du afganistango errefuxiatuak hartzeko prest dagoela

2021-08-17

 

Xabier Legarreta Migrazioko eta Asiloko zuzendariak azpimarratu du “Euskadi herri solidarioa izan da, da eta izango da”, eta adierazi du kezkatuta dagoela Afganistango egoerarekin, “bereziki emakumeen eta nesken eskubideak urratzeari dagokionez”.

Vitoria-Gasteiz, 2021/08/17

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean bertan jakinarazi dio gobernu zentralari, Afganistango egoera larriaren ondorioz babes bila ari diren herritarrak hartzeko prest dagoela.

Xabier Legarretak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Migrazio eta Asiloko zuzendariak, adierazi du larrialdi horrek eragindako pertsonen esku jarri dituztela dauden plazak, “ezarriko den antolaketaren arabera, eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzat ditugun baliabide propioen baitan”. Legarretak batez ere helarazi du “Eusko Jaurlaritzaren kezka Afganistanen urratzen ari litezkeen eskubideen inguruan, bereziki emakumeen eta nesken kasuan”.

“Euskadi herri solidarioa izan da, da eta izango da, eta erantzukizun partekatua banatzeko mekanismo zehatzei dei egiteko premia alde batera utzita, krisi humanitario honen aurrean erantzun solidarioa emateko konpromisoa hartzen du”, adierazi du Beatriz Artolazabalek zuzentzen duen Saileko Migrazioko zuzendariak.

SHARE proposamena

Legarreta SHARE proposamena une hauetan Afganistanen milaka pertsonari eragiten dien egoera honetan erabiltzearen alde agertu da. “SHARE proposamenak erantzunkidetasun-printzipioa erakusten eta ezartzen du migrazioaren erronkaren, migrazioaren alderdirik zaurgarrienen, aurrean, eta Europako esparruan zeharkako helmena du”. Eusko Jaurlaritzaren SHARE proposamenak elkartasunaren betebeharra arduraz eta modu sistematizatuan partekatzeko mekanismo zehatz bat du. Jaurlaritzak 2018ko irailaren 19an eman zuen ezagutzera, eta urte horretako urriaren 10ean aurkeztu zuen Eskualdeen Europako Batzordearen Osoko Bilkuran.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak