Euskadiko baxurako arrantza-ontziek 9.536tonako harrapaketekin itxi dute hegaluzearen arrantzaldia

2021-08-16

Arantxa Tapia: “Aurtengo udako zailtasunak zailtasun, arrantzaleen jarduera bikaina izan da”

  • Arrantzaldia abuztuaren 16an, 00:00etan, itxi da, eta azken urteotako laburrena izan da
  • Euskadiko ontzien arrantza Estatu osokoaren % 57 da
  • Euskadiko barkuek pandemiak eragindako zailtasunei egin behar izan diete aurre, bai eta espezie honen arrantzan lehia areagotu izanari ere, eta kuoten banaketa antolatua ezartzea premiazkoa dela jartzen du agerian horrek
  • Euskadiko ontzien arrantza-sistema jasangarri eta errespetuzkoaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak pelagiko irlandarren Ondarroako deskargak salatu ditu

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, sektoreko hainbat ordezkarirekin batera, hegaluzearen 2021eko arrantzaldia itxi du, Euskadiko ontziei zegokien ia kuota osoa bete baita.

Sailburua Hondarribian izan da aurtengo udan Euskadin egingo den azken deskarga ikusten, eta in situ jarraitu du arrainaren salerosketarako goizeko enkantea.

Tapia, Eusko Jaurlaritzako arrantza-arloaren arduradunek, Bittor Oroz sailburuordeak eta Leandro Azkue zuzendariak, lagunduta egon da, eta azpimarratu du aurtengo udako zailtasunak zailtasun, Euskadiko ontziek egin duten kanpaina bikaina izan dela eta sektoreak profesionaltasunez eta arduraz bete duela bere konpromisoa.

Datuak

Euskadiko arrantza-ontziek 9.536 tona arrantzatu dituzte azken urteotako arrantzaldi laburrena izan denean, abuztuaren 16ko 00:00etarako ixteko agindua eman baita.

Kuota hori Estatuko arrantza osoaren % 57 da. Ehunekoa oraindik ere esanguratsua da, baina hegaluzearen arrantzak beheranzko joera du Euskadin, Asturiaseko eta Kantabriako ontziak ere modalitate horretan sartzen ari baitira aukera kontuak direla eta. Alde batetik, espeziea kostaldetik hurbil arrantzatzen delako eta, bestetik, beste espezie batzuen arrantza, besteak beste, legatzarena, murriztu egin delako. Horren ondorioz, adierazitako ontziek beste espezie batzuen arrantza atsedenaldian uztea erabaki dute eta hegaluzearen arrantzan aritu dira.

Tapiak Ministerioari eskatu dio kuotak banatzeko, sektoreak hobeto planifikatu ahal izan dezan jarduera

Arantxa Tapia sailburuak, alde horretatik, adierazi du, Euskadiko ontziek egin behar izan duten ahalegin gehigarria, gainerako lurraldeetako ontziekin “lehia bizian” lan egin behar izan baitute. Bestalde, berretsi du hegaluzearen kuota banatu egin behar dela, ontziari, kofradiari edo autonomia-erkidegoari atxikita, ontziek aurrerantzean profesionaltasunez, behar bezala planifikatuta eta ondo antolatuta lan egin ahal izan dezaten, aurtengo estresik gabe.

Arrantza jasangarria: Eusko Label zigilua, kalitatearen bermea

Hegaluzea arrantza-sistema tradizionalez harrapatu dute, eta produktuaren trazabilitatea erabat bermatuta. Arrantzatzen den unetik, piezari Eusko Label zigilua jartzen diote, eta kalitatearen eta jatorriaren zigilu horrek adierazten du, besteak beste, pieza bakoitza zein ontzik harrapatu duen.

Zigilua jartze horrek sektorearen inplikazioa eskatzen du, arrandegietara joaten diren kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin dezaten erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, hau da, Euskadiko hegaluzea dela eta kalitatezkoa.

Ontzi pelagikoek Ondarroan egindako deskargak salatu dituzte

Hegaluzea banan-banan harrapatzeko arte horrek ez du zerikusirik Irlandako ontziek erabiltzen dituzten sare pelagikoekin harrapatzeko sistema agresiboarekin, eta harrapatzen dituzten hegaluzeak udaz uda, baita aurten ere, Ondarroako portuan deskargatzen dituzte.

Eusko Jaurlaritzak behin berriro ere adierazi du ez dagoela ados arrantza-sistema horrekin, eta behin baino gehiagotan salatu izan du Ministerioaren eta Europako Batzordearen aurrean. 2018 urtean Euskadiko Administrazioak dekretu bat onartu zuen Euskadiko portuetan deskarga horiek debekatzeko, baina Estatuko Administrazioak zintzilik utzi zuen lehia askearen kontuagatik.

Alde horretatik, Tapia sailburuak adierazi duenez, “arrantza pelagiko hori eragozteko dauden mugak ikusita, oraindik ere gehiago baloratu behar dugu Euskadiko arrantzaleen jarduna eta emaitza”. Sailburuak Euskadiko ontziekiko konpromisoaren aldeko deia egin du, eta adierazi du administrazio gisa, gizarte gisa eta kontsumitzaile gisa, horren arabera jokatu behar dugula eta arduraz kontsumitu behar dugula. “Ingurumenaren jasangarritasunaren aldeko konpromisoa eta sektoreari begirunea eta enpatia adieraztea da”, esan du.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eugenio Elduaien. Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioko presidentea