Berriak Lehendakaritza
Eu

Patxi López. Hitzaldiak 2009/11

2011.eko abuztuak 03

Deskargatu:

  • ePub: bateragarria edozein gailutan
  • PDF

AURKIBIDEA

Mintzaldi politiko zenbaitetarako hitzaurreak

Sarrera

HITZALDIAK 2009

HITZALDIAK 2010

HITZALDIAK 2011

MINTZALDI POLITIKO ZENBAITETARAKO HITZAURREAK

José María Ruiz Soroa

Aristotelek azaldu zuen, duela mende asko politikak, ez zuela zerikusirik arrazoi logikoarekin, baizik eta arrazoi erretorikoarekin, ez baitu nahi ez eta lortzen ere inolako argudiorik frogatzea, baizik eta konbentzitzea eta borondateei eragitea soilik. Hau da, politika, posible eta gertagarri denaren eremukoa da, inolaz ere ez ziur denaren eremukoa. Nolanahi ere, egungo politika mediatikoak itsustu egin du baieztapen hori, eta baieztapen horren ataletako bat baizik ez du hartzen, eta, hala, erretorika hutsa, slogan hutsa, apaingarri hutsa bihurtu den diskurtso politiko batez, arrazoia eta arrazoiak ahaztu dituen diskurtso bihurtu den diskurtso politiko batez itorik eta samindurik gabiltza denok. Eta filosofoak ez zuen hori mintzagai: arrazoiaren erabilera erretorikoa arrazoi mota bat da, eta hala izan behar du beti.

Hemen biltzen ditugun López Lehendakariaren mintzaldiak adibide benetan ezohikoak dira, ez direlako oso maiz entzuten gure artean, arrazoiari eragin nahi dioten erretorikaz horniturik baitatoz, argudio arrazoigarriak berariaz proposatu nahi dituen erretorika batez, entzulea gogoetaren nahiz sentimenduaren bidez konbentzitu nahi duen politika batez, politika esateko modu batez. Irudi ederrik ere badakarte mintzaldi horiek, baiki; baina, irudi ederrak ez ezik, arrazoiak ere ugari dira, gogoetak ere bai. Benetan gauza ezohikoa.

Gainera, mintzaldi horiek gizarte- eta historia-ingurune jakin batean gertatu dira, lehen ez bezala, zeren eta, garai batean, Lehendakaritzatik zetozen mintzaldiek, ustez, mobilizatzea baitzuten helburu, doinu nabarmenki heroiko eta garaiez. Diskurtso nazionalista beti izan da diskurtso isiotua, emozio hipostasiatuzko diskurtsoa. Nolanahi ere, gobernuaren diskurtso isiotuekin urteak eta urteak eman ondoren, López Lehendakariak diskurtso lasaia proposatzen du orain gobernutik: arrazoia, emozioaren ordez. Eta hori lortzea, arrakastaz lortzea, ez da erraza izan. Askotan esandakoa da diskurtso nazionalistak balio eta bertute beroak ekartzen dituela hizpidera, ikusleak baiezkoa berehala ematea bilatzen duten horietakoak: herria, nazioa, aberria, tradizioa, bizitzeko gure modu bereziak, Nietzschek ukuiluko berotasuntxoa deitzen zion hori gure artera ekartzen duen guztia. Aldiz, diskurtso demokratikoak itxura batean hotzak diren bertuteak ekartzen ditu hizpidera, gizartea baitu gogoetagai, eta, gizartea, diskurtso horretan, herritarren telefono-zerrenda soil gisa uler baitaiteke. Eta, izan ere, inor ez da inoiz bere hiriko telefono-zerrendarekin hunkitu izan. Bada, hara non, diskurtso hauek erakusten dute ez duela zertan nahitaez horrela izan, pertsonek eta herritarrek osatutako gizarteaz ere hitz egin ahal dela berotasunez, ezberdinek osatutako gizarteaz ere hitz egin ahal dela berotasunez: nahikoa da balio egokiak aurkitu eta erabiltzea, balio demokratikoak, alegia.

Diskurtso hauetan, gakoa, pluralismoa da, bere esanahi zuzenaren arabera ulerturik. Mintzagaia ez da hainbeste euskal gizartea espainiar gizarte erkideaz besteko gizartetzat ulertua, nahiz eta benetan izan ezberdina. Ez, hemen gizarte hori osatzen duten pertsona ezberdinez ari gara; benetan axola duen diferentzia ez da kolektiboarena, taldearena (identitatearen mamu itogarri hori), baizik eta pertsonei eragiten dietenak: kultura-ezberdintasunak, klase-ezberdintasunak, heziketari dagozkionak, bizitzako arrakastari dagozkionak. Ezberdintasun horiez arduratu behar du politikariak gobernutik. Zeren eta ezberdintasun horietako batzuei eutsi egin behar baitzaie, nork bere bizimodu ona bilatzeko behar duen giza askatasun ezin ezabatuzkoaren adierazpide baitira, eta, aldiz, besteak, beste ezberdintasun horiek, zuzendu egin behar baitira, guztiek izan dezaten benetan aukera nork bere bizitza-proiektua gauzatzeko, guztiek izan ditzaten chance berberak nork bere bizitzaren kontakizuna eraikitzeko orduan. Eta hori guztia, mintzaldi hauek berek erakusten dute, demokraziatik baizik ezin da justifikatu, pentsamendu politikoaren tradizio berezietara jotzeko beharrik gabe. Ez dago zertan nazionalista izan, ez eta sozialista, komunista edo liberala ere izan, gizarte-eredu plurala eta aldi berean bidezkoa defendatzeko: nahikoa da demokrazia benetan aintzat hartzea.

Ezberdinen arteko elkarbizitzaz hitz egitea, lehendakariak behin eta berriz egiten duen gisan, herritarren arteko adostasun behartuzko forma oro hasiera-hasieratik errefusatzea da. Etnizitatea edo nazionalitatea, Euskadin hain maiz ulertu izan diren gisan, adostasun behartuzko forma bat dira. Eta, hemen, proposamen ezberdina aurkeztuko dugu: ezberdinen arteko kontratu soziala, ezberdin izaten jarraitu nahirik (bat ez etorri nahi dute), bakean eta elkartasunean ere bizi nahi dutenen (bat etorri nahi dute) artekoa. Concordia discors izeneko ideialaren moduko zerbait da, gure historia beren gehiegikeriekin markatu izan duten herriaren, nazioaren edo klasearen ideial homogeneizatzaile eta bateratzaileez oso bestelakoa (eta askoz ere baliotsuagoa).

Diskurtso hauetan demokraziaz hitz egiten da asko, originala baino gehiago beste edozer gauza ematen duen ezaugarria izan arren, hasieran bederen: gure egungo egoera politikoak ez darabil besterik ahotan. Baina, nola garatzen den apur-apurtxo batean behatuz gero, irakurlea berehala ohartuko da demokrazia ez dela hemen modu topiko hain hutsal eta ezdeus horretan erabiltzen; hemen demokraziaz hitz egiten da demokrazia arazo zail baten gisa ikusirik, demokrazia ahalmen interesgarri baten gisa ikusirik. Arazoa da, bai, zeren eta egungo demokrazian behin eta berriro ikus litekeenez, balio ezberdin eta askotan elkarren artean kontrakoek (askatasuna eta berdintasuna, indibidualismoa eta elkartasuna, pertsona eta gizartea) egiten baitute bat, elkarrengandik oso urruti zeuden ildo ideologikoen elikagarri izan diren balioek, hain zuzen. Baina, arazo ez ezik, ahalmen-emaile ere bada demokrazia, hobetzeko eskakizun etengabea ere bada bere horretan: demokraziaren balioak aintzat hartuz gero, ezinbestean eraberritu behar da etengabe elkarbizitza.

Bigarren mundu gerra bete-betean zela egindako mintzaldi eder batean, Roosevelt presidenteak, gizarte onaren bere proiektuaz ari zela, herritartasun demokratikoak eskatzen zituen lau askatasunak aipatu zituen: horien artean badira bi oraindik ere behar bestean garatu ez direnak gure artean. Lehenengo-lehenengo, beldurretik askatzea, zeren eta euskal gizartean proiektu totalizatzaile bat gauzatzeko ahalegina egin baita, eta, hain zuzen ere, beldurraren zama ezarri baitio gainean (horrek dakartzan itxuragabekeria publiko eta pribatu guztiarekin). Eta, bigarren, urritasunetik askatzea, oraindik ere erronka premiatsua da gure demokraziarentzat: ongizate-estatuak, hain zuzen ere urritasunaren, zorigaitzaren eta halabeharraren zama gupidagabetik babestu nahi baititu pertsonak, eta uko egin ezin zaion lorpena da. Baina mehatxupean dagoen lorpena da, etengabe zuzendu beharrekoa, iraungo badu. Hala ildo horri jarraituz gero, badago zer esan eta irakurri mamitsurik testu hauetan, bai.

Ondoren datozen hitz hauek, irakurlea bera ohartuko da, pentsalari askok behin eta berriz aipatu izan dituzten zer batzuen erakusgarri dira, alegia, demokrazia ez dela prozedura hutsa, tresna hutsa, zeinahi motako erabaki publikoak hartzeko. Aitzitik, demokraziak oso balio konkretuak biltzen dituela, eta, hori dela eta, ez duela uzten edozein motako erabakiak har daitezen, baizik eta mota batekoak bakarrik: edozein giza ekintzak berez dakarren ezin saihestuzko akats eta hutsegite eta guzti ere, gizarte duinaren ideialera hurbilarazten gaituzten motakoak, pertsona guztiak, inor bere buruaz ezergatik eta inoren aurrean lotsatu beharrik gabe, elkarrekin bizi ahal izateko moduko gizarterantz hurbilarazten gaituzten mota horretakoak, hain zuzen.

 

SARRERA

Ondoren aurkezten diren testu hauek Lehendakariak azkeneko 20 hilabete hauetan, 2009ko maiatzetik (inbestidura-ekitaldia) eta 2011ko urtarrilera (bere gobernuko goi-mailako karguen aurreko mintzaldia) eman dituen hitzaldietatik ateratakoak dira. Bitarte horretan, era askotako mintzaldiak –era askotakoak bai entzuleriari, bai gaiei, bai mintzaldiaren luzerari dagokienez– egin ditu Lehendakariak era askotako foro, gizarte-ospakizun, manifestaldi, legebiltzarreko ekitaldi eta bestelako lekuetan.

Mintzaldi horien aniztasunagatik, hain zuzen, bere ikuspegi politikoaren eta herri honetako testuinguru sozialaren norabide orokorra bistatik kendu gabe erantzun behar izan diote Lehendakariaren mintzaldiok une bakoitzari eta entzuleria bakoitzari.

Oraingo honetarako, beren esanahi ideologikoagatik Lehendakariaren pentsamolde politikoaren ikuspegi zabalago bat ematen duten pasarteak aukeratu dira, hogeiren bat mintzalditik. Lehendakariak zirkunstantzia jakin bakoitzera ongien egokitzen ziren ideiak zabaldu ditu han eta hemen, baina, hala eta guztiz ere, beti eutsi dio gizarte-ereduaz, Estatuaz duen ikusmoldearekin eta, labur esateko, bere helburu politikoen eta politikaz zerbitzu publiko gisa duen ideiaz duen ikusmoldearen oinarrian jartzen dituen balio batzuekiko koherentzia osoa gordetzen duen hari gidari bat.

Mintzaldi-puska sorta honetan daude jasorik gida-hari horren giltzarriak. Askatasunaren, justiziaren, desberdinen arteko elkarbizitzaren, demokraziaren, solidariotasunaren, ongizateko estatua eraikitzearen bidea erakusten dutenak.

“Gutakoentzat”, “gure eskubideak eta askatasunak defendatzeko bizitza arriskuan jartzen duten guztientzat” onarpen-irrikaren aipamen zehatzak aurkituko ditugu. Baita “talde-erantzukizuna, gizarte eta herrialde gisa, erantzukizuna; gure eginkizun morala eta demokratikoa, libreak izan nahi dugulako” gure gain hartzeko deia ere.

Gardentasuna” politikaren ardatzetako bat bezala agertzen da, “gauza publikoa justiziaz, zuzentasunez eta zintzotasunez kudeatzeko betekizuna dugula, eta inolako nahasbiderik, gure kudeaketaren gaineko inolako zalantza-izpirik ezin dugula sorrarazi” aldarrikatzen denean.

Herritar desberdinen arteko bizikidetzaren bilaketak erreferentzia asko ditu, hasi “bizikidetzari uko egiten dioten” eta “bonbek, bala koldarraren zauriek txikitutako gorputzei odola darien herri bat” sortu duten ideia guztia salatzeko eskaritik eta “herritar libreen herria, solidarioa, iraunkorra eta lehiakorra” izango den Euskadi bat, “beren banakako askatasuna taldearen konpromisotik eta gizarte-solidaritatetik sortzen dela ikusten duten hiritarren” herrialde bat, labur esateko, sustatzeko “gizarte-kontratu berri bat” eskaintzeraino.

Zer gara?, zein da gure nortasuna? galderari emateko erantzuna emanda zetorkigun lehen, gure borondateaz landa. Gaur, egokiago, izan nahi duguna garela esan genezake. Gure bizitzan osatuz joan garen nortasuna dugula. Hauxe da XXI. mendeko modernotasunak eskaintzen digun apustu eta aukera handia”.

Ekonomia, solidaritatearen eta kide guztien ardurakidetasunaren ikuspegitik begiratuta, “talde-ondare” gisa interpretatzen da. “Ez da bankuen edo enpresen jabeen jabetza. Denok gara Euskadiren aurreramenduaren eta ongizatearen erantzuleak”. Euskadi “Talentuaren Metropoli” gisa ikusten da, “oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko, ondo prestatuak dauden herritar libreen hiri handi bat”.

Politikak, familiarekin eta zentzu-tradizio handiekin zituen loturak eten dituen gizarte batean, “desberdinen arteko bizikidetza librea bermatzen duen esparru egonkorra” eskaintzen du, eta zentzu horretan, hain zuzen, “are garrantzi handiagoa hartu du”. “Erakunde politiko komunak, herritarrari bere burujabetzarentzako babeslekua ematen dion gizarte-solidaritatea bermatzen duten bizikidetza-arauak, horiexek dira gizarte-errealitate aldakor honetan gaur dugun gauza egonkor bakarra”.

Demokrazia “osotasun bat dela” ulertzen da, eta ezin dela “bakoitzari gehiena gustatzen zaion zatia hartu eta hura banderatzat erabili”. Demokrazia balio-multzo batean oinarritzen den osotasun bat da, eta balio horiek ezean, helbururik gabe gelditzen da sistema demokratikoa”. Zehazki esanda, “pertsonen askatasuna bakoitzak bere bizitza erabakitzeko aukera izan dezan”, “berdintasuna, herritarren arteko zuzentasun- eta justizia-iturri gisa” eta “bizimodu duina eta pertsona guztientzako berdina defendatzea, horiexek dira sistema demokratikoko hiru balio-sail handiak”.

Ongizateko estatua aspaldiko asmoa da, eta ez da galtzen. “Hiru ardatz nagusitan oinarritzen da: jarduera ekonomiko librea arautzen duten arauen kontrol politikoan; norbanakoen errentaren gaineko zerga progresibo bat izatean eta ororentzako zerbitzu publikoak izatean ­–eta orain arte inoiz ez bezalako arrakasta izan du”. Esan beharra dago “ez duela porrot egin, alderantziz baizik. Herritarrarekiko hitzarmena hautsi eta jarduera ekonomikoa arautzen duten arauen kontrol politikoari itzuri egin dioten politika neokontserbadoreek izan dute sekulako porrota. Horregatik, bada, garbi utzi nahi dut Ongizatearen Estatuan erreformak egin nahi ditugula, bai, baina Ongizatearen Estatu horri eusteko eta hobetzeko, ez hondatzeko” Hezkuntza publikoa, osasun publikoa, politika sozialak hobetzeko… ez desagerrarazteko”.

Testu hauetan politika bere zentzurik jatorrenean erakusten zaigu, demokraziaren eraikuntza, nortasun barneratzaileak eta pluralismoa, askatasunarekiko eta solidariotasunarekiko konpromisoa aipatzen zaizkigu. Azken helburua zer eratako gizartea eraiki nahi dugun, gure elkarrekiko konpromisoak zer izan behar duen eta nolako etorkizuna nahi dugun gogoeta eragitea da.


HITZALDIAK 2009

Eusko lur gainean zutunik

Gernikako Batzarretxean Lehendakariaren kargu hartzea (2009ko maiatzak 7)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Eusko lur gainean zutunik, zuon, herritarren ordezkarion aurrean, Gernikako arbolaren azpian, asabez gomutatuz, legea errespetatuz  nire agintea ondo betetzeko hitza ematen dut.

'Maiatza', de Kirmen Uribe

Begira, sartu da maiatza,

Zabaldu du bere betazal urdina portuan

Erdu eta egingo dugu berba betiko kontuez,

Atsegin izatearen balioaz,

Zalantzekin moldatu beharraz,

Barruan ditugun zuloak nola bete.

Erdu, sentitu goiza aurpegian,

Goibel Gaudenean dena iristen zaigu ospel,

Adeoretsu gaudenean, atzera, papurtu egiten da mundua.

Denok Gordetzen dugu betiko besteren alde ezkutu bat.



'Nada es dos veces', de Wislawa Szymborska

Nada sucede dos veces,

y es lo que determina

que nazcamos sin destreza

y muramos sin rutina

Ningún día se repite,

ni dos noches son iguales,

ni dos besos parecidos,

ni dos citas similares

Entre sonrisas y abrazos

verás que la paz se fragua

aunque seamos distintos

cual son dos gotas de agua

 

Gutako bat

Eduardo Puellesen erailketarengatik egin zen manifestazioan egindako hitzaldia (2009ko ekainak 20)

Arratsaldeon guztioi eta mila esker etortzeagatik.

Heldu da berriz egun iluna.

Entzun dugu bonbaren zarata.

Euskaldun hiltzaileak hil digu hiritarra.

Eduardo Antonio Puelles hil dute guztiok makurtu nahian.

Zein garesti egiten zaigun askatasunaren bidea!

Baina ez dute irabaziko.

Ez dakite ez garela berdinak,

Guk hiltzailerik ez dugula onartzen.

Eurak baino hobeak garela.

Hor datza gure indarra.

Eta euren ahulezia.

Negar gazia daukagu aurpegian,

Minak apurtzen digu bihotza,

Baina askatasunaren eskuek biltzen gaituzte,

Guztion indarrak batzeko

Ahotsak elkartzeko,

Guztiok batera "ETA ez" esateko.

 

Eduardo Puelles, euskaldunen askatasuna defendatzeagatik eraildako hiritarra, gutako bat zen. Hari eta hura bezalako beste askori esker, Ertzaintzako, Guardia Zibileko eta Poliziako Nazionaleko kideei esker, puskaka-puskaka, urraduraz eta sufrimenduz, ari gara euskaldunok gure askatasunaren aho-tapoia kentzen.

Horrexegatik nahi dut ozen aldarrikatu gure eskubideak eta askatasunak defendatzeko bizitza arriskuan jartzen duten guztiak, gutakoak direla. Terrorismoaren biktima guztiak, politikari mehatxatuak, epaile mehatxatuak, enpresario mehatxatuak, kazetari mehatxatuak, irakasle mehatxatuak, gutakoak direla, gu geu baikara, gu geu, bakean eta askatasunean bizitu nahi dugunak, gu geu baikara ETArik gabeko eta indarkeriarik gabeko Euskadi bat nahi dugunak, gu geu baikara Euskadi tolerantziaren eta bizikidetzaren lurra izatea nahi dugunak.

Eta gaur, gaur berriz atera gara kalera, berriz jaso dugu ahotsa, Paquiri, Rubeni, Asierri eta Eduardoren familia osoari esateko ez daudela bakarrik, euskal gizartearen parterik handienaren maitasuna, hurbiltasuna dutela; badakigula Eduardok, gure bizitza bermatzearren, egunero jartzen zuela bizitza arriskuan, eta beti egongo garela horregatik eskertuta eta ez dugula inoiz ahaztuko.

Hortzak estututa atera gara kalera, ETAri aurre egiteko eta terrorismoa garaitzeko asmoa dugula esatera. Geure gain hartzen dugula gure talde-erantzukizuna, gizarte eta herrialde gisa; gure eginkizun morala eta demokratikoa, libreak izan nahi dugu-eta.

ETAk gehiena erasotzen duena defendatuko dugu: gure pluraltasuna eta gure dibertsitatea. Diferente pentsatzeko eta sentitzeko eskubidea defendatuko dugu. Gure erakundeak eta gure demokrazia defendatuko ditugu. Biktimen eta mehatxatuen aldean egongo gara, Eskubideko Estatuaren irmotasun osoarekin eta Legearen indar osoarekin gainera.

Eta Euskadiko kaleak eta plazak betetzen jarraituko dugu, hiritar libre eta demokraten espazioak baitira. Eta milimetro bat bakarra ez diegu utziko indarkeriaren zabaltzaileei, isiltasun konplizeei, gure eskubide funtsezkoenak galarazi nahi dituztenei, askatasuna hiltzen dutenei, erailketa babesten dutenei, gorrotoz zamaturiko arimei, faxismoko txibatoei.

Hitzak faltsutzen dituzten horiek, demokrazia gaiztotzen duten horiek, euskaldun herria esaten dutenean, beren nagusiei dieten izumenak beldurtutako mendekoak baizik bilatzen ez dituzten horiek salatzen ditugu gaur. Gaur gure gain hartzen dugu geure talde-erantzukizuna, eta bukatu dela inpunitatea esaten dugu, bukatu dela txanoaren babes ilunaren argudioa baliatzen dutenen harrokeria.

Ozen esan nahi dugu denbora berri bat zabalduko dugula berehala, eta denbora horretan inork ez diela auzokoei ezkutatu behar izango ertzaina edo polizia dela, inork ez dituela bere iritziak beldurragatik isildu beharko, inork ez duela ahotsa beheratu beharko pentsatzen duena esateko, adituko ote duten beldurrez. Gaur dei bat egin nahi diot euskal gizarteari zintzoen duintasunarekin zutik jarri dadin, diferente pentsatzen duena besarka dezan, bestelako identitatea duena defenda dezan, daukagun hoberena zaintze aldera: desberdinak direnen bizikidetza eta berdinak direnen askatasuna. ETAri esateko galdu dutela, ez dutela inoiz ezer lortuko, ez baitiogu haren xantaiari inoiz amore emango. Azpiratu egingo ditugula, elkarrekin eta batuta gaudelako, desadostasunik gabe. Zeren demokratontzat, garrantzitsuagoa baita elkartzen gaituena bereizten gaituena baino.

Biktimen oroitzapenaren gainean eraikiko dela herri hau, eta ez haien borreroen oroitzapenaren gainean. Behar dituzten bitartekoak emango dizkiegula gure Ertzaintzari eta gure Poliziari ETAren kontra borroka daitezen, hura gure bizitzatik behin betiko desagertzea nahi dugu-eta; garrasi bat aterako dela gure eztarrietatik gaur, bihar eta etzi, eta amesgaizto hau desagertzen den arte.

ETA ez. Bakea eta askatasuna.

Bukatzen ari naiz. Joan den igandean, Arkauten, arrosa zuri bat hartu nuen 36. urtean ertzaina izan zen euskaldun baten eskutik. Euskaldun guztion askatasuna defendatzeagatik erail dituzten ertzainen su-ontziko sugarraren azpian jartzeko hartu nuen. Gaur arrosa hori gorria da, berriz ere odolez tindatu delako, baina ez dut monumentu baten azpian jarriko. Gaur haizetara botako dut, lau haizetara, gure herriak eta hiriak korritu eta oraindik lo dauden kontzientziak esna ditzan. Euskadiko haizetara botatzen dut izen hau, Eduardo Antonio Puelles García, Euskadiren askatasuna defendatzeagatik eraila. Haizetara botatzen dut lore hau, orriak denongana irits daitezen.

 

Eskerrik asko.

 

Aldaketarako proposamena

Inbestidura-ekitaldia (2009ko maiatzak 5)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Ganbera honen aurrera nator gaur, Gernikako Estatutuko 33. artikuluan xedatutakoa betez, zuen uste ona eskatzeko, ez bakarrik Lehendakari hautatua izateko, ez bakarrik Gobernu bat osatu eta Gobernu hori gidatzeko, baita Euskadin denbora politiko berri bat zabaltzeko ere. Gure demokrazia eta gure autogobernua indartzeko denbora. Herri honen modernizazio-proiektuan aurrera egiteko denbora; Euskadiren garapenaren alde apustu argi bat egiteko denbora; krisi ekonomikoari aurre egin ahal izateko gizarte-elkarrizketa bat osatzeko denbora; terrorismoren kontra frente guztietan borrokatu eta bakea eta askatasuna sendotzearren, indar politiko guztiak bateratzeko denbora.

Zuen uste ona eskatzen dizuet euskal gizartea bateratzeko, konfrontazio politikoa eta instituzionala desagerrarazi eta banaketaren eta elkarren kontrako blokeen denbora hura atzean uzteko. Politikaren lehentasunak jendearen egiazko arazoak eta kezkak dauden tokian jartzeko. Herri honen eta bertako hiritarren orainaz eta etorkizunaz arduratzeko, eragozpenak, zailtasunak dituzten hiritarren orainaz eta etorkizunaz bereziki.

Zuen uste ona eskatzen dizuet herri hau gobernatzeko eta Euskadi herri hobea, modernoagoa eta indartsuagoa egiteko. Espainiako eta Europar Batasunako buruan egon dadin, giza garapenean eta ongizatean. Azken finean, denok bateratuko gaituen talde-proiektu baten liderra izateko.

Zuen uste on horrekin gizarte honetako pertsona gehien-gehienek partekatuko dituzten proposamenak eta proiektuak bultzatu nahi ditudalako. “Gureak” eta “besteak” dioten diskurtsu banatzaile zaharrak gaindituko dituen Gobernu batekin, den-denok bateratuko gaituen “gu” bat jokatzeko.

Nik lideratu nahi dudan Euskadik bateratu egiten ditu indar politikoak eta sozialak, nortasun-sentimenduak, hizkuntza- eta kultura-munduak, tradizio eta sentikortasun desberdinak, guztion artean herri tolerante, kultu, modernotasunera irekia eraiki dezagun; bere kalitate demokratikoagatik, bere kohesioagatik nabarmenduko den herri bat (eta aldi berean, baita bere pluraltasunagatik eta dibertsitateagatik ere), bere ongizate-mailarengatik eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko duen ahalmenagatik.

 

Euskadi: bizikidetzaren borondatea

Inbestidura-ekitaldia (2009ko maiatzak 5)

Proposamen politikoak Euskadin ez dira inoiz geto itxiak izan, elkarrekin harremanik izan gabe. Beti izan dira, talde guztietan, besteren proposamenak estimatzeko sentikortasuna eta kemena izan duten pertsonak. Lauaxetak, zeinak frankismoak erail baitzuen, bizkaitar meatzarien aldeko poemarik irmoenetako bat idatzi zuen, “Ene Bizkai’ko miatze gorri,/zauri zaree mendi ezian”: Nire Bizkaiko meatze gorri, zauri zarete mendi berdeetan.

Hori da seguruena gure tradiziorik hoberena, nik hemen aldarrikatu nahi dudana: elkarrekin bizitzeko borondatea, gure zilegizko diferentziak gainditzeko eta proposamen politiko desberdinen arteko akordioetara heltzeko borondatea, era horretan euskal gizartearen osotasuna hobeto irudikatu eta denontzako herri bat eraikitzeko.

Hortik etorri zen, hain zuzen ere, Euskadiren sorkuntza entitate politiko gisa: herri honetako sentikortasun desberdinen arteko akordioa. Diferente pentsatzen eta sentitzen duten euskaldunen borondatezko batasunaren adierazpide politikoa da Euskadi. Eta horrexegatik, nahitaez bilatu behar dugu denok, balio demokratikoak errespetatuz, elkarrekin aurrera egiteko modua.

Nik hiritar libre eta burujabeen demokrazia bat proposatzen dut. Hartan, hiritarrek zer izan edo zer egin nahi duten erabaki ahal izango dute. Euskaldunei libre izaten utziko dien Euskadi bat proposatzen dut, hartan ez gobernuek ez erakundeek, inork ez baitie mundua ikusteko forma baztertzaile bat inposatuko.

Eta horregatik, hasieratik bertatik segurtatzen dut nik ez dudala parte batentzat gobernatuko, aitzitik, herriaren osotasunarentzat gobernatuko dut, Gobernu indartsu, sendo eta egonkor baten buruan jarrita. Elkarrizketan oinarrituriko Gobernua, zeina, hain zuzen ere, aldez aurretik nik ordezkatzen dudan taldearekin akordioak egiteko borondatea izan duten haiekin elkarrizketa-ariketa bat egin ondoren abiatuko baita.

 

Gardentasuna

Goi-mailako karguen harreran egindako mintzaldia (2009ko ekainak 11)

Gauza publikoa justiziaz, zuzentasunez eta zintzotasunez kudeatzeko betekizuna dugu, eta ezin dugu inolako nahasbiderik, gure kudeaketaren gaineko inolako zalantza-izpirik sorrarazi.

Askoz ere arduratsuagoak izan behar dugu baliabide publikoekin geure baliabide pertsonalekin baino. Baliabide publikoak ez baitira gureak; euskal hiritarrek utzi egiten dizkigute, guk kudea ditzagun. Eta haietako askok (eta gaur egungo egoeran, askoz ere gehiagok), beren parte alikuota eramaten dute kutxa publikora, eginahal handiak eginez, beren oinarrizko premiei ere uko eginez.

Eta denek espero dute gugandik diru hori, halako eginahalez ematen dutena, zuzentasunez eta zorroztasunez erabiliko dugula, on orokorra bilatuz eta premiarik handienak dituztenentzat zerbitzuak hobetuz.

Eta espero dute gu guztiok zintzoak izatea, irabazi pertsonalik inork ez bilatzea. Sarritan eskatu dugu beirazko poltsikoen politika bat kargu publikoentzat. Oposizioan geunden bitartean eskatu dugu. Eta gaur, Gobernutik, praktikan jarriko dugu. Beirazko poltsikoak izatea denok nahi dut. Inor ez da gobernu honetara aberastera etorri. Areago, nik badakit batek baino gehiagok dirua galduko duela aldaketaren abentura honetan gurekin parte hartzeagatik.

Kargu guztiek zehatz-mehatz betetzea nahi dut bateragaiztasunen araudi osoa. Denok argi izatea nahi dut euskal gizarteari zerbitzu bat eskaintzera etorri garela Gobernura. Eta halaxe frogatuko dugu. Erantzukizun handia dela esaten nuen, baina berebat da ohore handi bat gure herria gobernatu eta gidatu ahal izatea. Ezer ez dago pozgarriagorik politikagintzan zure berdinek (hiritarrek) zugan uste ona izatea baino beren kezken eta premien erantzunak kudea ditzazun. Eta uste on hori merezi dugula frogatuko dugu.

 

Nortasuna

Gaztemundu programako kideen harrera (2009ko uztailak 23)

XXI. mendeko pertsonen sustraiak eraikuntza pertsonalaren metafora bat dira. Gizonak ez gara batere aukerarik gabe ez duten zuhaitz iltzatuak bezalakoak. Nortasun modernoak aukera eta hautu pertsonalen multzo bat dira, eta haiexekin tankeratzen dugu pixkana-pixkana gure nortasuna eta munduan betetzen dugun tokia. Pertsona modernoak ez gara sustrairik gabeak, batzuetan esan ohi den bezala. Sustraia erruz daukagu, hori gertatzen da.

Gizarteek, gero eta gehiago, sustraiak airera bota behar izaten dituzte, mundu osoko pertsonekin konplizitate desberdinak bilatu. Leku askotako beste pertsonekin loturiko pertsonak dira gizarte modernoei indarra eta etorkizuna ematen dietenak. Euskaldunok milaka pertsona ditugu munduan, eta haiek, emigratu zuten euskaldunen ondorengoak direlako, gurekin lotzen dituen konplizitatezko begirada bat dute. Aberastasun handia da Euskadirentzat, baina Atlantikoaren beste aldetik gurekin loturak mantentzeko desira hori, berebat izan dadin zuentzat aberastasuna eta aukera lortu behar dugu.

Biharko mapa berriak ez daude mugez eta kilometro karratuz eginak, jendez baizik, hau da, batasunezko, laguntzazko eta abagunezko loturak mantendu nahi dituzten pertsonez.

Nire gobernua gogor saiatuko da hau egia izan dadin, beren baitan Euskadiren puska bat edukitzen jarraitu nahi duten pertsonek guk eman diezaiekegun laguntza izan dezaten. Euskal Etxeak erreferente bat izaten jarraituko dute guretzat, munduan sakabanaturik dauden borondatezko euskaldunen topagunea. Eta zuek zarete zeuen herrietan gure enbaxadorerik hoberenak.

(…)

Zer gara?; Zein da gure nortasuna? galderak eginda, lehen, erantzuna eman egiten ziguten, zernahi ere zela guk nahi genuena. Gaur, egokiago, izan nahi duguna garela esan genezake. Gure bizitzan osatuz joan garen nortasuna dugula. Hauxe da XXI. mendeko modernotasunak eskaintzen digun apustu eta aukera handia.

Nik espero dut gai izango garela euskaldunak hari interesgarriak zabaltzeko, eta hari horiekin gure artean solidarioak egingo gaituen sare global bat sortu ahal izango dugula. Hemen bizi garenon eta Bilbon jaiotzea erabaki duzuen milaka lagunen artean, hemendik milaka kilometrora bizi bazarete ere.

 

Estatutua

Euskadiren Eguna (2009ko urriak 25)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Estatutua da Euskadi komunitate politiko gisa taxutzen duena, eta halako autogobernu-ahalmena ematen digu, non, geure erakundeetatik beretatik, gure bizitza politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko ia-ia eremu guztietan eragiten duten auziez erabakiak hartzeko ahalmena ematen baitigu. Estatutua da gure erabakitzeko eskubidea bermatzen duen tresna.

(…)

Egia da euskaldunok desberdinak garela. Baina ez gara beste gizarteen desberdinak. Gure artean gara desberdinak. Euskaldun bakoitzak bere modura pentsatzen du, eta bakoitzak bere erara ulertzen du nortasuna: Esaera zahar batek hala dio: "Zenbat buru, hainbat aburu". Pertsona adina iritzi daukagu. Eta hori gizarte gisa dugun aberastasunaren parte da. Eta inork ez lituzke ideiak edo nortasunak inposatu behar herria berdintzeko. Alderantziz, nortasun desberdinak onartzen, errespetatzen eta ulertzen dituen forma politiko bat partekatu behar dugu.

Izan ere, barru-barruan horixe da Estatutua: elkarrekin bizitzea erabakitzen duten euskaldun desberdinen arteko itun bat, desberdintasun horiek errespetatuz eta, autogobernuak geure esku jartzen dituen tresnak erabiliz, gure arazoak konponduz. Horregatik esaten dut autogobernua eta Estatutua topagunea direla. Elkarrekin bizitzea bideratzen duen formula. Euskal hiritarrak gara denok, banakako proiektu pertsonalak ditugun pertsonak. Eta gu guztion batuketak osatzen du egiazko Euskadi hau.

(…)

Estatutua: hiritarren, ideien eta nortasunen batuketa egiteko eta oinarrizko adostasunak zabaltzeko, elkarrizketaren, itunaren eta akordioaren bitartez, aurrera egiten jarraitu ahal izateko guztiontzako izango den herri baten eraikuntzan.

Estatutua: Euskadi sozialean eta euskal hiritarren eskubideen eta askatasunen zabalkundean aurrera egiteko.

Estatutua: herria egituratu eta gizarteko barne-loturak sendotzeko.

Estatutua: dituen ahalmen guztiekin, krisi ekonomikoari buru egiteko.

Estatutua: munduari zabaltzen zaion mugarik gabeko Euskadi batean bizitzeko.

Estatutua: Euskadi definitu dezagun, ez bertako gatazka eta borrokengatik, bere bertako eta bizitza-kalitateagatik baizik.

Eta hauxe da nik gaur hemen erreibindikatu nahi dudan Estatutuaren barne-barneko balioa. Izan ere, nik ez dut testu jakin baten defentsa setatia egin nahi (politikan ez baitago ezin ukitu den testu sakraturik), aldiz, eskubide berdinak dituzten hiritar desberdinen bizikidetza ulertzeko modu horrek suposatzen duen guztia nahi dut nik defendatu.

Nik formula politiko irekia delakoan sinesten dut Estatutuan eta autogobernuan. Demokrazia ere, modu berean, sistema politiko irekia baita: politika demokratikoa aldaketa eta aurrerabidea da. Ezer ez dago aldaezinik. Eguneroko eztabaidek, proposamen politiko berriek taxutzen dituzte pixkana-pixkana arauak eta erakundeak. Gauzak ez dira behin eta betiko erabakitzen: guk ez dugu iraganaren mendekoa den gizarte bat; aurrera egiten duen, aldatzen den eta hiritarren errealitate berriei eta premia berriei egokitzen zaion gizarte bat nahi dugu guk, banakako askatasunak eta demokrazia sakontzen dituen gizarte bat.

Horregatik egiten ditugu etengabe proposamen berriak eta onartzen ditugu lege berriak: baina hori bideratzen duena defendatzen dugu beti: sistema demokratikoa. Politika betiereko eraikuntza, betiereko eztabaida da. Sekula bukatzen ez den desberdinen arteko negoziazioa. Eta demokraziak bideratzen du hori. Eta hobekuntzazko dinamika etengabe horri eusteko modurik hoberena, desberdintasunak ezagutzen, onartzen eta babesten dituzten autogobernu eta Estatutu bat izatea da, nortasun bakarra bilatu gabe, demokraziak pentsatzeko edo politika entenditzeko modu bera bilatzen ez duen bezala.

Estatutua sistema gisa, gure desberdintasunak auzitan jar ditzakegun espazio baten moduan. Agora, plaza publikoa, guztiok elkartu gaitezkeena, hitz egitera, eztabaidan jardutera, negoziatzera eta akordioak egitera.

 

Ekintzaileak

Korta Sariak (2009ko azaroak 12)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Gizarterik gehienek eredu idealak sortzen dituzte, izan nahi genukeenaren gidarien antzekoak direnak. Begiratzeko ereduak, aurrera jarraitzeko. Euskaldunok geure eredua sortu dugu, ekintzaile zorrotzarena. Laburra hitzetan eta oparoa ekintzetan. Gure enpresario-eredua ohorezko pertsona da, hitzaren zentzurik klasikoenean. Interes ekonomikoez gainera, printzipioak dituena. Haren helburu nagusia bere komunitatean aberastasuna sortzea da. Bere herrikideekin bere enpresa-lorpenak partekatu ahal izatea.

Halako batean sorpresa sortzen da, eta gure herrietan aurkitzen ditugu eredu horrekin oso-osorik bat egiten duten pertsona batzuk, enpresario batzuk. Orduan desagertu egiten da eredu idealizatua, eta haren lekuan izen-abizenak dituzten hiritarrak mugitzen dira, burua tente, keinuarekin esanez: horrelakoxeak gera euskaldunak, horrelaxe nahi dugu etorkizunaren aldera jarraitu. Indar isila diren, lanerako mila esku dituzten pertsonak.

Euskaldun horietako bat izan zen José Maria Korta. Eta parez pare topo egin zuen basakeria terroristaren izugarrikeriarekin. Hortzak estutu eta sendo mantendu zen. Hil zuten, baina azpiratu ez. ezin izan zuten azpiratu. Urte askoan Korta bat zegoen tokian orain askoz ere gehiago dauzkagu. Eta hauxe da sari hauen helburua. Urtero elkartzea euskaldunok irabazi dugula, ETAk ezin izan gaituela behin ere azpiratu berresteko. Euskal enpresarioen artean Korta gehiago dugula gaur orduan baino. Horregatik, urtero, euskaldun hauetako batzuei izena jartzen diegu.

 

Biktimak

Terrorismoaren Biktimei Erakunde Omenaldia (2009ko azaroak 29)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Nire mintzaldi hau hasteko, maileguz hartu nahi nituzke paisaia terrorista modu biluzi eta zuzenean deskribatzen duen poema baten hitzak: indarkeriazko ekimenaren hustasun morala eta gizatasun-falta erabatekoa, Euskadin marraztu nahi dugun itxaropenaren Maparen hain kontrakoa:

Bonba tabernan lehertuko da hamahiruak eta hogeietan.

Orain justu-justu dira hamahiruak eta hamasei.

Batzuek oraindik ere ateratzeko astia izango dute.

Beste batzuek, sartzeko astia izango dute.

Terrorista dagoeneko kalearen beste aldean kokatu da.

Distantzia horrek kalte orotatik babesten du.

Eta zineman bezala ikusten da:

Hamahiruak hamazazpi eta berrogei segundo.

Neska bat: oinez doa, zinta berde bat du ilean.

Baina bat-batean autobus horrek estali du.

Hamahiruak hamazortzi.

Neska desagertu da.

Tabernan sartzeko bezain tuntuna izango zen, edo ez.

Hori gero ikusiko da, ateratzen dutenean.

Hamahiruak hogei dira.

Bai motel pasatzen dela denbora.

Heldu dela unea dirudi.

Bai, ez.

Bonba bat: bonba lehertzen da.

Bonbek, bala koldarraren zauriek txikitutako gorputzei odola darien herri bat gara. Urte gehiegi, harrizko bihotza duten terroristek torturatzen eta mehatxatzen gaituztela.

Terroristak, kalearen beste aldean baitago, ez ditu aditzen amen izumenezko deiadarrak, ez ditu ikusten alargunen aurpegian ildoak zabaltzen dituzten malko gaziak, ez du sentitzen nola gau beltza jabetzen den falta direnak maite dituztenen bihotzez.

ama denen oihuek

espantuzko irrintziz

izoztu lezakete

entzumenik ez duen

itsaso zabala.

Terroristak utzi egin dio gizakia izateari. Erruki-izpi oro kanporatu du bere barnetik. Galarazia du betiko pertsonek besteren oinazearen aurrean berez izaten duten erruki hori.

Eta, hala eta guztiz ere, hiltzaile terrorista izan nahi duela ez da inor jaiotzen. Borondatezko ekimen bat da. Horretarako bidaia luze bat egin behar da. Bide hori besteren odolaren aurreko utzikeria sozialak egin du, eta beste hiritarren txaloek bide horretatik bultzatu dituzte euskal gazte asko. Ideia batzuk indarkeriaren aldera hegan egiteko hegoak dira. Terroristak bonbekin hiltzen du eta ideia faltsuekin defendatzen da. Ahari-buru gisa erabiltzen dituzten beste batzuek partekatzen dituzten ideiak dira.

Zer egin behar dugu ehunka euskal gazte hiltzaile bihurtu dituzten ideiekin? Nola izendatuko ditugu? Balek bakarrik ez dute hiltzen; katua sakatzen duenaren borondateak, horrek hiltzen du.

Behin terrorista atxilotuta dagoenean, ezin dugu terrorista izatera bultzatu duen ideologia zigortu gabe utzi. Guk horri terrorismoaren deslegitimizazioa deitzen diogu.

Guk indarkeriaren terrorismoaren deslegitimizazioa deitzen diogu terrorearen ideia totalitarioak eta faxistak esesteko eginkizunari, hegan egiteko gainerakoak beren zerutik bota behar dituztenen ametsak urratzeko eginahalari.

Odolarekin pozointzen dugu

Herri baten izerdia

Bizikidetzari uko egiten dioten ideia guztiak salatu behar ditugu; bidezidor totalitario eta indarkeriazkoetatik beren helburuak inposatzearren, arau demokratikoei uko egiten dieten proposamen politiko guztiak.

Tunel ilun batetik ateratzen ari gara gaur. Irabazten ari gara terroristen kontrako gudua; eta horregatik esan genezake asti gutxi geratzen zaiela. Baina gure sineste demokratikoak sendotu behar ditugu, gizatasunari duintasuna ematen dioten balioak zabaldu behar ditugu, jarrera totalitarioak kanporatuz, euskal hiritarren eskuan ez dadin sekula berriz burdina odoldurik izan.

Ikaragarri urte gogorrak bizi izan ditugu. Berunezko urteak. Isiltasunaren eta lotsa kolektiboaren urteak izan ziren. Urte haietan, bonbaren zalapartaren ondoren, ez zen protesta-ahotsik izaten. Urte haietan, biktimen negarra bera ere isilarazi egiten zen, moralgabekeria kolektiboari ez ziezaion trabarik egin. Ezin defendatuzko bide lasterrak ere bilatu ziren urte haietan terrorismoari eraso egiteko. Bide laster haiek ahulagoak egin gintuen izugarrikeriaren aurrean.

Zorionez, gaur, gehienontzat, haiek urrutiko denborak dira. Inork ez ditu bide lasterrak defendatzen, eta errukia milaka euskal bihotzetara itzuli da. Euskal herritarrak esnatu egin dira beren lozorrotik, eta aurre egiten ari dira beren erantzukizun kolektiboari. Eta hori, neurri handi batean, zuei zor dizuegu. Biktimen ahots isil eta isilaraziari, oso gizarte gutxik erreibindika dezaketen sendotasun demokratikoa erakutsi baituzue. Protesta umila izan zarete. Salaketa etengabea.

“Norbait hiltzen duzunean daukan guztia eta eduki lezakeen guztia kentzen diozu”, esaten zuen Clint Eastwoodek. Baina zuetaz ahaztu zen, terroristak, maite zenituztenak erailez, zuei ere bizitza kendu baitzizuen. Ausentzia etengabe batekin bizi zaretenez ahaztu zen. Beti iraganera begiratzen duten arimez, han beren etorkizuna kendu zitzaielako. Zuek badakizue bizitutako mila bizitzek ezin dutela kendutako bizitza bat ezkutatu.

Baina eskerrak eman nahi dizkizuet. Eskerrik asko, denborarik okerrenetan ere ez diozuelako amore eman ezintasunaren aurrean errenditzeko tentazioari. Zuei esker, euskaldunok, pixkana-pixkana, gizarte duin bat ari gara eraikitzen. Besteren tragediaren aurrean begirada desbideratzeko okerrik ostera egingo ez duen gizarte bat.

Atzo ezagutza eskatzen zenuten, gaur oroimena eskatzen duzue. Baina oroimena zuek zarete. Kopeta jasota ibiltzen ikusten zaituztegunean, bizitu dugun izugarrikeriaz gogoratuko gara beti. Eta hemendik gutxira, ETAren terrorismoari behin betiko gudua irabazten diogunean, orduan ere esan egin beharko da, orduan ere oroimena beharrezkoa izango da.

Oroimena abisua da, arduraz ibiltzeko seinalea, kontzientzien alarma. Ezagutu ez zutenei, gogoratzea da nola hasten den hondamendi moralera daraman bidea. Oroimenak gogorarazten digu hiritarren erailketa gauza hutsala bihur daitekeela; eguneroko gauza bihurtzen dela, eta bizkarra ematen diogula.

Baina oroimena justizia ere bada. Bihar denok gertatua ahanzten badugu; gure oroimen kolektibotik erailketa guztiak ezabatzen baditugu, inor ez bada gogoratzen isuritako odolak eragin duen oinazeaz, orduan gertatu ere ez zen egingo. Eraileak ez dira eraileak izango, haien erailketak ezabatu ditugulako.

Nik oroimena etorkizuneko askatasunaren hazi gisa erreibindikatzen dut; herri duin bat eraikitzeko oinarri gisa, herri horrek bai baitaki zer gertatu zen eta inola ere ez du nahi berriz gertatzerik.

Eta zuei, hainbeste galdu duzuenoi, beste eginahal bat eskatzen dizuet. Irabazi dugu. Terrorismoa bere gainbehera zikin lausoan dago. Gudu hau irabazi dugu: orain etorkizuna konkistatu behar dugu.

Zuen premia dugu. Oroimena beharrezkoa da, sufritu dugun izugarrikeria guztien lekukotasuna, gizarte demokratikook ezin gainditu ditugun mugak suz markatzeko.

Denbora berri baten hasieran gaude. Bestelako gizarte bat eraiki nahi dugu. Hiritar libre eta beldurgabeen gizarte bat. Desberdinen arteko aliantza zigilatzen duen gizarte bat. Tolerantziaren bidez nortasun desberdinekin lotua. Eta zuek gogoraraziko diguzue beti nola denok berdinak egiteko ameskeria, gure dibertsitatea ahaztuz, bizikidetza leherrarazten duen metxa pizten duen. Terrorismoari irabazi diogu, intolerantziari irabazi behar diogu orain.

Eta zuen presentziaren premia dugu euskaldun guztien artean gogaidetasuna, adostasuna ereiteko.

 

Euskara

Euskararen Nazioarteko Egunean irakurritako Manifestua (2009ko abenduak 3)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Behin eta berriro, gaur eta hemen inoiz baino gehiago, euskara eta libertatea elkarrekin lotu nahi ditugu, bereziezin bilakarazi.

Euskarazko kultura demokratikoa, tolerantea eta aurreiritzi gabekoa bultzatu nahi dugu; euskara askatasunaren eta demokraziaren bide-lagun nahi dugu.

Euskara ez da ideologia konkretu baten ondarea. Euskadi, Espainia, Europa eta munduko biztanle ororen ondasuna da, kultura unibertsala hornitzen eta aberasten duen hizkuntza den heinean.

Euskaldunoi eta euskal erakundeei dagokigu hiztunei bidea erraztea. Baina beti era orekatu, emankor eta bazterketarik gabekoan.

Euskara eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza ezin dugu arazo bat bezala ikusi, gizarte-eredu solidarioagoa eta aurrerakoiagoa lortzeko aukera bat bezala baizik.

Gaur, hemen, euskararentzako kultura berri bat indartzeko konpromisoa hartzen dut. Aniztasunean oinarritutako hizkuntz eredua.

Euskara non, han egon nahi dugu guk. Hitzen geografiak ez baitu mugarik. Euskara hiztun bat non, han behar dugu egon.


HITZALDIAK 2010

 

Euskaldunen arteko kontratu sozial berria

Gobernuko goi-mailako karguen aurreko mintzaldia (2010eko urtarrilak 14)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Nik nahi dudan Euskadi hiritar libreen herria da, solidarioa, iraunkorra eta lehiakorra.

Nik nahi dudan Euskadi horretan, hiritarra pertsona heldua da, pentsatzeko, erabakitzeko eta bere erantzukizuna asumitzeko ahalmena duena, herriaren eraikuntza bateratuan parte hartuz.

Eta honako hau nahi dut azpimarratu: bukatu dira hiritarrak eskutik helduta eraman beharreko haurrak balira bezala tratatzen ziren denborak, zer egin behar zuten esaten zitzaienak. Bukatu dira pertsonek, nondik ibili jakiteko, alderdiei edo erakunde publikoei begiratzen zieten denbora haiek.

Nik uste ona dut pertsonengan. Nik uste ona dut euskal hiritarraren heldutasunean. Laneko eta ardurakidetasuneko denborak datoz orain. Erantzun bat emango diogu Kennedyren esaldi famatu hari: “Zer egin dezaket nire herriaren alde?”. Pertsonen eskuetan jarriko baitugu Euskadiren protagonismoa.

Klasikoek kontatzen dute nola behin hiru langile zeuden harrobi batean lanean, eta zertan ari ziren galdetu zietelarik, aurrenekoak erantzun zuen: hementxe, lanean. Bigarrenak erantzun omen zuen: ni harlanduzko lana egiten ari naiz; eta erantsi zuen hirugarrenak: ni katedral bat ari naiz eraikitzen.

Guk Euskadiko pertsona guztiak, baita umilena ere, katedral-egileak izatea nahi dugu.

Hiritar guzti-guztiek bereganatu behar dute beren herria eraikitzeko aukera. Euskadiren proiektuan, denok ditugu erantzukizun pertsonalak.

Horregatik proposatuko dugu, eta lideratu, gizarte-kontratu berri bat euskaldunen artean.

Kontratu horretan, euskaldunok geure gain hartuko ditugu banakako nahiz taldeko konpromisoak. Kontratu horretan, zer ekarpen egin behar dion bakoitzak komunitateari definituko dugu, eta zer bermatu behar dioten botere publikoek gizabanako bakoitzari. Hortaz ari gara ardurakidetasunaz ari garenean. Botere publikoek, komunitatearen ordezkari direnez, eskubideak eta zerbitzuak bermatu behar dizkigute, baina nik nire eginahalaren parte bat komunitateari eskaintzeko konpromisoa dut.

(…)

Krisian gaude. Eta gure gobernua neurri eraginkorrak hartzen ari da familiei eta enpresei laguntzeko. Baina atera egingo gara. Euskaldunak krisitik sendotuta ateratzeko gai gara. Garrantzitsuena da nora joan nahi dugun gero jakitea. Bidea prestatzea, bazterrean ez geratzeko gero.

Guk ideiak argi dauzkagu. Iniziatiba hartzen dugu. Hobera egin nahi dugu askatasunean, solidaritatean, iraunkortasunean eta lehiakortasunean. Baina denok elkarrekin nahi dugu hobera egin; eta horregatik, ahalik eta kontsentsurik handiena bilatuko dugu ardatz horien inguruan, etengabeko solasaldian jardunez herri honetako erakunde, alderdi publiko, gizarte-eragile eta kolektiboekin. Euskadi denon artean eraiki behar dugulako.

Euskaldunen arteko gizarte-kontratu berri bat lideratuko dugu, hiritar libreen Euskadi bat lortzeko, solidarioa, iraunkorra eta lehiakorra.

Hiritarraren autonomiaren eta erantzukizunaren balioak sustatuko ditugu. Banakako eta taldeko eginahala. Ardurakidetasuna da Gobernuaren ekimenaren ardatza osatuko duen kontzeptua, hiritarren artean kokatzeko, eragile aktiboak izan behar baitugu denok herri honen etorkizuna eraikitzen.

Askatasun pertsonal guztien bermea.

Talde-solidaritatea euskal gizartearen elementu bateratzaile gisa.

Geure buruari begiratzeko, geure akatsak eta hutsuneak analizatzeko kemena izan behar dugu.

Denok izan behar dugu behar adina ausardia orain esateko: guk horra heldu nahi dugu. Euskadi iraunkor eta solidariora. Hiritar libre eta berdinen Euskadira. Nortasun partekatuen Euskadira. Erantzukizunaren eta lanaren Euskadira.

Ez gara gobernura etorri baliabide publiko urriak beldurrez kudeatzeko. Ez gara hona etorri euskal hiritarrek gure eskuetan jarri duten erantzukizunarekin ikaratzeko. Euskadiren etorkizuna aldatzera etorri gara. Ez ikararik izan. Gogora itzazue lehen euskal sozialista haien ausardia eta kemena, nola egiten zuten amets meatzetako miserian hiritarren berdintasunarekin.

Jaso ezazue begirada ibiltzerakoan. Gezia goraka jarrita beti, arkularien modura.

Euskadiko progresista guztiek amestu duten gobernua gara.

Beren auzokoekin beti liskarrean ibili gabe bizi nahi izan duten eta bizi nahi duten pertsona guztien gobernua gara.

Lasaitasun eta segurtasun instituzionala nahi duten ekintzaile eta enpresa guztien gobernua gara.

Beren seme-alabentzat etorkizun hobea eraikitzen saiatu diren pertsona umilek beren behatzekin marrazten saiatu diren gobernua gara.

Indarkeria terroristaren mehatxupean egon diren pertsona guztiek espero izan duten gobernua gara.

Sortzaileek bilatzen duten gobernua gara, asmamena eta ekimena galarazten dituzten harresiak bota nahi dituzten gazteek bilatzen duten gobernua.

Beren eskuekin etorkizun zuzenagoa eta libreagoa eraiki nahi duten guztien gobernua gara.

Koloreak maite dituzten pertsona guztien gobernua gara. Desberdinak izanik ere, elkarrekin bizi daitekeela uste duten pertsonen gobernua.

Euskadiko pertsona zintzo guztien gobernua gara, askatasuna denentzat, bakea Euskadirentzat eta seme-alabentzat etorkizun hobea besterik nahi ez dutenen gobernua.

Euskadi gure izate europarraren erreferente bat dela harrotasunez erreibindikatu nahi duten pertsona guztien gobernua gara.

XXI. mendeko euskaldunen Gobernua gara.

Euskal hiritarrek pribilegio handi bat eman digute, Euskadiren etorkizun berri batekin amets egitea.

Errealistak izango gara: amets egin dezagun etorkizun berri batekin. Guduren bat galduko dugu. Baina porrota, egiazko porrota, ez saiatzea izango litzateke.

Euskal hiritarrek pribilegio handi bat eman digute, Euskadiren etorkizun berri batekin amets egitea. Elkarrekin egin dugu amets hori, eta elkarrekin eraikiko dugu. Gizarte-kontratu berri bat da, Lehendakari gisa, euskal gizarteari proposatu nahi diodana. Gizarte-kontratu berri bat, ardurakidetasunean oinarritua, askatasunaren Euskadi errealitate bihurtzeko, Euskadi iraunkorra, solidarioa eta lehiakorra.

 

Askatasuna

Gobernuko goi-mailako karguen aurreko mintzaldia (2010eko urtarrilak 14)

(KLIKATU HEMEN BIDEO IKUSTEKO)

Hiritar libreak nahi ditugu, etorkizunaren alde elkarrekin lan egitera behartzen direnak. Arrisku partekatuak hartzen dituzten hiritarrak, aurreramendu eraginkorragoa lortzeko elkarlanean jardun ohi dutenak.

Beren banakako askatasuna taldearen konpromisotik eta gizarte-solidaritatetik sortzen dela ikusten duten hiritarrak nahi ditugu.

Guk ez dugu nortasunaren gaineko agoniazko eztabaiden labirintoan itxitako euskal gizarte bat nahi. Eta ez zaigu erraza gertatuko iraganeko sindrome hau gainditzea.

Nazionalismoaren parte handi batek eskatzen digu oraindik ere, beren proposamenaren aurrez aurre, egiteko guk bestelako nortasun-proposamen bat. Izan ere, guk proiekturik ez dugula esaten dutenean, herri-eredurik ez dugula, horixe esan nahi baitute: ez dugula bestelako nortasun-eredurik proposatzen.

Eta oso argi esango dut: guk ez dugu nortasun-eredurik proposatuko, guk askatasuna eta hiritarren nortasun-dibertsitatea defendatzen dugulako. Gure proposamena nortasun diferenteak bermatzea eta haien batuketa egitea da, desberdinen arteko bizikidetasuna bermatu ahal izateko. Horren zaila ote da hori ulertzea? Guk ez dugu uniforme bat bestearen aurrez aurre jarri nahi.

Behin eta berriz esaten dugunean guk ez dugula inoren kontrako politikarik egin nahi, ez dugu bakarrik esaten gure politika ulertzeko modua, funtsean, proposamen desberdinen baterakuntzan eta bizikidetasunean oinarritzen dela; aitzitik, berretsi nahi dugu gure eredua eredu irekia dela, eta guztion elkarlana bilatzen duela.

Benedettik esan ohi zuen, “Erantzun guztiak bagenituenean, galderak aldatu dizkigute”.

Esaldi horren ulerkuntzan dago gure politika. Eta, horregatik, guk XX. mendeko galdera zaharrei erantzutea nahi dutenek, ez dute gugan erantzun egokirik aurkituko.

Ez zaizkigu iraganeko erantzunak interesatzen: etorkizuneko galderei nahi diegu guk erantzun. XXI. mendeko gizarte moderno bat gara, eta ez dugu gure herri-eredua definituko mugak markatuz edo nortasunak berretsiz. Euskaldunen arteko kontratu sozial bat proposatuz definituko dugu. Euskal gizarte moderno, bateratu, indartsu, solidarioa eta iraunkorra egituratzeko proposamenak eginez.

Euskadiko hiritar guztientzako askatasuna eta denontzako aukera-berdintasuna da gure ereduaren oinarrizko zutabea. Aukera-berdintasunari, ordea, taldeko solidaritatea eta kide guztien ardurakidetasuna erantsi behar dizkiogu.

Guk denok kabitzen garen Euskadi bat izan nahi dugu, denok modu berean hemengoak garenak. Denok betekizun komunak eta eskubide berdinak izango ditugunak.

 

Solidaritatea eta ardurakidetasuna

Gobernuko goi-mailako karguen aurreko mintzaldia (2010eko urtarrilak 14)

Erabateko berdintasuna lortzea, hitzaren zentzurik zabalenean, ezkerraren ohiko helburuetako bat da. Solidaritatea ipini behar dugu Euskadiko agenda politikoan. Ez dadila izan neurri bakar bat, inbertsio bakar bat, akordio bakar bat, abiapuntu gisa solidaritatea ez daukana. Solidaritatea kanpokoekin, baina, batez ere, barneko solidaritatea. Guztiok herri bereko hiritarrak egiten gaituen solidaritate bat.

Nahitaezkoa da ardurakidetasunaren kontzeptua ekonomia iraunkorraren alorrera eramatea. Ekonomia talde-ondarea da. Ez da bankuen edo enpresen jabeen jabetza. Denok gara Euskadiren aurreramenduaren eta ongizatearen erantzuleak. Gure enpresen etorkizuna langileen nahiz enpresarioen mendekoa da, eta era berean da erakunde publikoen mendekoa. Horregatik, beharrezkoa da elkarrenganako uste onean oinarrituriko harremanak ezartzea, talde guztiak inplikatuz erantzukizun partekatu bat lortzeko ekoizpen-jardueran eta enpresaren ibilbidean. Ardurakidetasunak funtsezko oinarrietako bat izan behar du, bertan finkatu behar baita gure enpresen lehiakortasuna.

Ardurakidetasuna, beraz, enpresen barruan, enpresarioen eta langileen artean, denon eginahalak bateratu eta krisitik lehenbailehen ateratzeko. Ardurakidetasuna, orobat, gizartean: langabetuekin, gazteekin, mendekotasunen bat duten pertsonekin, ingurumenarekin.

Diskriminazio-arrasto guztiak ezabatu behar ditugu (arraza, sexu, ideologia, adin, jatorriarekin lotuak) gure sistematik. Gizarte-zerbitzu handiekin dago hori lotua, orain dauzkagunekin, eta etorkizuneko hausnarketa sakon bat egingo dugu.

Eta ezingo dugu solidaritate eraginkorrik eraiki hiritarren ardurakidetasunik gabe, administrazioari eta komunitateari dagokienez.

 

Etorkizun partekatua

Politika Orokorrari buruzko Eztabaida (2010eko irailak 23)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Duela urte eta erdi Euskadi diferentea zen. Gizarte zatitua zen, bere energiak inoiz inora eramaten ez zuten eztabaida zirkularretan ahitzen zituena. Hiritarren erdiarekin bakarrik aurrera egin nahi zuen Gobernu bat. Uzkurtasunez eraikitako nortasunak. Erdi batek beste erdia azpiratzeko borrokak.

Nik ez dut inor azpiratu nahi. Nik askatasunaren, bizikidetasunaren eta guztion batasunaren garaipena besterik ez dut nahi. Arduraz hartzen dut nire gain gure aurrekoek eman diguten Euskadi hau. Gogoan hartzen ditut gu baino lehen Euskadin bizi izan ziren pertsona guztien sakrifizioa eta itxaropenak. Harrotasunez onartzen dut aurreko euskaldunen herentzia. Euskadi demokratikoaren guraso sortzaileei eskertu nahi diet —Agirre Lehendakariari eta bere Kontseilariei— unerik gogorrenetan izan zituzten kemena eta adorea. Erbestean izan zuten itxaropena eskertu nahi diet. Itzuli eta berriz ere demokrazia eta autogobernua konkistatzeko agindua.

Eta banaka-banaka nahi nieke gaur egun hemen bizi diren 2.200.000 hiritarrei begiratu, eta haiei esan: zuek zarete egiazko Euskadi. Zuen dibertsitatea eta zuen ametsak dira Euskadi indartsu baten itxaropena, etorkizuneko aurreramenduaren bermea.

Denei esan nahi diet: orria pasatzen ari gara. Liskarrak desegiten ari dira iragana betiko estaltzen duen lainoan. Denok gara euskaldunak, modu berean, eta harrotasunez errebindikatzen dugu izate hori. Desberdinen batasuna da gure herriaren indarra.

Denei esan nahi diet: zeuk erabakitzen duzu zure bizitza. Zeuk aukeratzen duzu zure nortasuna, eta besterena errespetatu behar duzu, elkarrekin bizi ahal izateko.

Sustraiek espazioarekin eta ezin aldatuzko usadioekin lotzen gaituzte. Sustraiak gurekin doaz, askatasunez mugitzen dira herrien, usadioen eta nortasun artean.

Euskaldunen batasuna berritu nahi dut, eta elkarrekin jarraitzeko desira aldarrikatu.

Behin betiko askatasuna ukitzen dugu uneotan behatzekin puntekin. ETA ere desegiten ari da iraganaren zerumugan. Mila bider errepikatutako ametsa da, gure gurasoek diktadura bukatzen zelako ametsa egiten zuten bezala. ETArik gabeko Euskadi bat lehenbailehen ezagutzea da gure desira. Eta ezer ez da berdina izango.

Ez ditugu ahaztuko eraildako, erasopeko eta mehatxatutako pertsonak, haiek, gure Askatasunaren parte izango baitira betiko. Eskaintzarik hoberena egingo diegu: Hiritar libreen Euskadi bat eraiki, solidarioa eta modernoa.

Inor baztertu gabe eutsi diogu krisiari. Orain modernotasun berria konkistatu behar dugu, mundu ireki batean. Itun berri bat egin behar dugu, gure ongizatea eta gure etorkizuna bermatuko dituzten helburu kolektiboak definitu ahal izateko. Sekula berriz ez du poetak esango “herri bat izan zan”, geu gara-eta gure etorkizuna, eta eskuak lotuta lan egiteko borondatea da etorkizun horren bermea.

Talde-itun bat, hiritar guztion artekoa, Euskadi modernizatzeko. Eginahal pertsonalaren etika hiritarrean, bikaintasunaren onespen publikoan eta denon arteko solidaritatean oinarritzen den modernotasuna.

Euskadi Talentuaren Metropoli bihurtu behar dugu. Oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko, ondo prestatuak dauden hiritar libreen hiri handi bat. Gaur inbertitzeko eginahala egin behar dugu, bihar aurreramendua izateko.

Herri honetan, bere ibilbidea osatuko du emakumeen berdintasunaren alderako bide luzeak. Elkarrekin nahi dugu etorkizunera iritsi; emakumeak eta gizonak, baldintza beretan. Lan-merkatuan askoz ere emakume gehiago sartzea nahi dugu, lanpostu duin bat baita norberaren bizitza erabakitzeko bermerik hoberena, herriaren aurreramendurako nahitaezkoa izateaz gainera.

Nik agindu berri bat egin nahi diet gaur euskal hiritarrei, baina bereziki gure gazteei. Agindu nahi diet denok elkarrekin hiritar libreen Euskadi bat eraiki behar dugula, modernoagoa eta solidarioagoa. Beren etorkizunak Euskadi izena duela esan nahi diet. Hemen garatu ahal izango dutela beren bizitza, eta inork ez diela esan beharko hori nola egin behar duten. Inork ez diela eragotziko baldintza berdinetan aurreramenduan eta ongizatean parte hartzea.

Nik ez zaituztet gonbidatu behar ibiltzen hasia den Euskadi berriaren abenturan sartzera, zeurea duzue-eta. Denokin partekatzeko eskatzen dizuet, Euskadi horrekin amets egiteko eta errealitate bihurtzeko.

 

Modernotasuna

Euskadiko Lidergoaren Foroa (2010eko irailak 16)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Modernotasun berriaz mintzatzen naiz, parametro guztiak aldatzen ari direlako. Denbora berri bat hasi dugu, dena aldatzen ari dena: ekonomia, egitura politikoak, bizimoduak eta baita pertsonak berak ere. Sokratesen hitzak hona ekarriz, gure segurtasun-faltaz baizik ez gaude seguru, eta etorkizunaren gaineko ziurgabetasunaz.

Zerumugak, lerro finko eta ibiltariaren gidari gisa, horrexek defendatu du orain arte ondoenik modernotasuna: atzean zer zegoen ez genekien, baina norantz ibili behar genuen, hori bai, hori bagenekien. Gaur zerumugarik, iparrik edo hegorik ez dagoen, norabide guztiak posible diren espazioko bidaiariak gara gehiago.

Behin eta berriz aditzen dugu estatu-nazioa zahartzen ari dela, jendeak ez dituela alderdi politikoak nahi, politikak hiritarrak bertan behera utzi dituela, edo alderantziz, hiritarrak politika bertan behera uzten ari direla. Baina, era berean, egia da sindikatuak beren ordezkaritza langile-mota jakin batera mugatzen ari direla, familia ez dela garai batean zena, pertsonek duela 30 urte ezin pentsatuzkoak ziruditen bizimodua eta harremanak dituztela…

Alegia, pertsonen sozializazio-egitura zaharrak: komunitatea, familia, eliza, estatua, enplegu finkoa ematen duen enpresa segurua; beste denboretako gauza sendoak, beren presentzia etengabe eta ia fisikoagatik ia-ia behatzekin ukitu zitezkeen entitateak, lainoan desegiten ari zaizkigu.

Baumanek errealitate likidoa delakoan definitzen du modernotasun berria. Etengabe mugitzen den gauza bat, forma fisiko jakinik gabea, baina, nolabait ere, aldaketetan bere izateari eusten diona. Nik uste dut metafora egokia dela hori gure inguru berria definitzeko. Atzematen uzten ez duen errealitate bat, aurrez ikusi gabeko zirrikituetatik ihes egiten duena, etengabe formaz aldatzen dena, eta, batez ere, mugitu egiten dena. Etenik gabeko mugimenduan dagoen errealitate bat, gelditu gabe aldatzen dena, agertoki ezegonkorrak eta labur-laburrak erraztasun eta lastertasun berberaz sortzen eta suntsitzen dituena.

 

Niaren autonomia eta nortasuna

Euskadiko Lidergoaren Foroa (2010eko irailak 16)

Liberalismo politikoak gizabanakoa deskubritu zigun. Komunitate politikoa banakako ahotsa eta interesak zituzten pertsonek osatzen zutelako ideia bereganatu zuen. (Gaur egun ere, deskubrimendu horretan oinarritzen dira askatasun politiko gehienak).

Baina XX. mendearen azkeneko partean iraultza bat gertatu da. Pertsonek, beren iritzi politiko propioak izateaz gainera, beren nortasuna modu autonomo eta pertsonalean nahi dutela eraiki erabakitzen dute. 68ko ikasleen matxinadek sekulako bultzada eman zioten mugimendu honi: pertsonak usadioen, familiaren eta erakundeen nagusikeriatik libre daudela adierazten dute, eta beren niaren burujabetasun osoa aldarrikatzen dute.

Eta, historian aurreneko aldiz, emakumeak masiboki sartzen dira iraultza isil honetan. Nortasuna ez dela gauza heredatua edo komunitateak inposatua berresten da, aldiz, pertsona bakoitzak osa eta eraiki dezakeela, esperientzia pertsonalen bitartez.

Nortasuna errotik aldatzen da, jadanik ez da herentzia jasoa edo ezkutuko deskubrimendu bat komunitatearen ondare partekatuan. Nortasuna eraikuntza pertsonaleko eginkizuna bihurtzen da. Era horretan, mendearen amaieraren ezaugarria den ni bakar eta diferentearen gurtza sortu da, zeina, bestalde, kontsumoko gizarteak trebetasun handiz ustiatu baitu.

Maaloufek adierazi du pertsonek ez dutela sustrairik: jatorria dute. Euskarri eta abiapuntu gisa erabiltzen duten jatorria, beren ni propioa sortzeko, beren nortasun pertsonalarekin. Funtsezko aldaketa da. Sustraiek iltzatu egiten zaituzte, zuhaitz bat lur batean bezala, familia batean edo tradizio batean. Jatorria zurekin doa, lekuz eta ohituraz aldatzen uzten dizute.

Mugikortasuna da pertsona berrien ezaugarririk sakonena. Ni askatua libre mugitzen da herrien, tradizioen, izateko moduen edo nortasunen artean.

Modernotasun berrian pertsonak erabateko askatasuna du, baina prezio bat ere ordaindu behar izan du: bakardadea eta deserrotzea.

Hautsi egin dugu komunitatearen, familiaren, tradizioen eta erakundeen mendeko izate hori, baina nabigatzaile bakartiak bihur gaitezke, berebat bakartiak diren beste nabigatzaileekin sorpresaren, ziurgabetasunaren eta txundimenaren bitartez baizik elkartzen ez garenak.

Eta, paradoxa ematen badu ere, politikak egoera honetan, desberdinen arteko bizikidetza librea bermatzen duen esparru egonkorra den heinean, garrantzi berria hartu du. Erakunde politiko komunak, hiritarrari bere burujabetzarentzako babeslekua ematen dion gizarte-solidaritatea bermatzen duten bizikidetza-arauak, horiexek dira gizarte-errealitate aldakor honetan gaur dugun gauza egonkor bakarra.

 

Solidaritatea

Euskadiko Lidergoaren Foroa (2010eko irailak 16)

Gizabanakoa erabateko abandonutik erreskatatzen duen solidaritatea, modernotasun berri honetan, ia-ia nahitaezko baldintza gertatzen da bizirik jarraitzeko.

Gainerako guztiak abandonaturik, gizarte-solidaritate antolatua da modernotasun berriko pertsonaren azken aterpea. Baina horretarako baliabideak behar dira.

Gizarte-eskubideak —Giza Eskubideen beren parte direnak, hiritarra askatzen baitute bere askatasuna baliatzea eta aukera-berdintasuna galarazten dizkion beharrezko egoeraren nagusikeriatik—, komunitatearen halabehar materialari lotuta dauden eskubideak dira, hots, behar haiek asetzeko eskura ditugun baliabide publikoei.

Horregatik, zergei buruzko debatea ez da huts-hutsik auzi ekonomikoa, aitzitik, auzi politikoa eta soziala da, zeren, erantzun beharreko galdera nagusia ez baita zer zerga nahi dugun ordaindu, baizik eta zer zerbitzu espero dugun jasotzea. Zer hezkuntza, zer osasun-zerbitzu, zer babes sozial, zer azpiegitura, zer justizia… eta nola ordaindu behar ditugun.

Zerbitzu eta laguntza publikoak eskatzea oso ondo dago eta eskubide bat da sistema demokratiko batean, baina erreibindikazio hori ezin da haien finantzaketarako dugun konpromiso komunetik aparte geratu.

Administrazio publikoa (dena dela) solidaritatea banatzen duen eskua besterik ez da: eta eraginkortasunez eta zorrotz banatu behar dugu gastu arruntetan, baina nahitaez salatu behar da Estatuak berak bizirik jarraitzeko bakarrik zergak kobratzen dituelako ideia (batzuek asmo txarrez zabaltzen dutena). Horregatik, berriz ere esango dut, zergei buruzko debatea mahairatzen dudanean, guretzat eta atzetik bultzaka datozenentzat nahi dugun herri-ereduari buruzko auzia mahairatzen dut.

Belaunaldi berriak lehiakorrak izan daitezen beste europar gazteen ondoan, nolako heziketa nahi dugun definitu behar dugu.

Erabaki behar dugu zer egiteko asmoa dugun heziketan, hura izan dadin bikaintasunerako bidean gure herriaren nortasun-ikurra.

Hiritar guztiek bizitza-kalitate maila berdina izango dutela bermatzen duten osasun-zerbitzuak behar ditugu

Azpiegitura berriak eraiki behar dira, euskal ekonomiak modernotasunarekin loturarik gal ez dezan.

Berrikuntzan eta ikerketan zenbat eta nola inbertitzen dugun pentsatu behar dugu, Euskadi talentuaren gizartea bihur dadin egiaz.

Zerbitzu publikoak nola antolatzen ditugun ikusi behar dugu, pertsona erretiratu bat ez dadin pertsona amortizatua bihurtu.

Horiexek dira gobernuan eta gizartean geure buruari egin behar dizkiogun egiazko galderak.

Ni neu, ahultasunezko eta premiazko uneetan hiritarra bere gisa uzten ez duen gizarte baten aldekoa naiz. Horregatik planteatzen dut hiritar guztiei bizimodu duina bermatzen dieten zergak aplikatzea.

Eta Gobernuaren eta gainerako administrazioen jarrera proaktibo bat ari naiz planteatzen, euskal ekonomia modernoagotu eta Euskadi talentuaren metropolia bihur dadin egin beharreko aldaketak eta inbertsioak lideratzeko.

Eta horregatik erreibindikatzen dut behar adina zergak aplikatzea, etorkizunerako inbertsioa baita. Eta horrekin batera, borroka gogorra solidaritatea modu berean arriskuan jartzen duten bi iruzurren kontra: iruzur fiskala eta zerbitzuez eta gizarte-laguntzez abusatzen dutenen iruzurra.

 

Demokrazia

Nafarroa XXI Foroa (2010eko urriak 19)

Alegia, Euskadin (eta hemen Nafarroan ere bai), “demokrazia” hitza biktimak nahiz biktimarioak erreibindikatzen du. Eta horrek, batzuetan, dudak sortzen ditu, ez badu edukiz husten. Horregatik iruditzen zait niri arrazoiak daudela eta premia dagoela demokrazia zer den argitzen saiatzeko, batez ere, eraginkortasunez defendatze aldera.

Nik oraintxe, hementxe, demokrazia zer den galdetuko banu, era askotako erantzunak izango nituzke, esate baterako: demokrazia askatasunean bizitzea bideratzen duen sistema bat da. Demokrazia da herriak bere etorkizuna erabakitzea. Gure artean, gehiengoak erabakitzen duen sistema gisa definitzen da gehienetan. Eta baten bat Abraham Lincolnen esaldi hartaz gogoratuko da, eta hark esango du demokrazia herriaren gobernua dela, herriak eta herriarentzat egina.

Alabaina, definizio guztiek sortzen dituzte zalantzak, zeren, demokrazia askatasuna bideratzen duen sistema bat dela dioenari, guk erantzungo baitiogu nik, horrez gainera, nire gobernuaren auziak nahi ditudala erabaki. Eta demokrazia herriak erabakitzea dela esaten duenari, guk erantzun diogu zer esango lukeen baldin herriak, gehiengoaz, boterea diktadore baten eskuetan jarriko balu. Gehiengoaren arauaren defendatzaileari erantzungo diogu hasiera-hasieratik abisatu zigutela aurreneko demokratek eta liberalek gehiengoaren nagusikeria arriskutsua izan daitekeela, harekin bat ez datozen pertsonen eskubide guztiak ezeztatzen dituelako.

Eta Lincoln aipatzen duena seguruxeago sentituko da, baina galdetuko diogu nola moldatzen den herria bere burua gobernatzeko, eta, batez ere, herria zein den.

Baina gezurrezkoak al dira adierazpen horiek? Nire ustez, gezurrezkoak dira banaka-banaka hartzen baldin baditugu, eta egiazkoak, berriz, denak batera aplikatuz gero. Sistema demokratikoa ekosistema politiko baten antzeko zerbait da; bertan elementu batek ez dauka balioa berez, gainerako elementuekiko dagokienez baizik.

Ezagutzen ditugun sistema demokratikoak eraikuntza historiko baten emaitza dira. Denboran zehar, tradizio desberdinek hainbat elementu bereganatu dituzte, eta sistema konplexu bat, baina batasunari eusten diona, osatu dute: gaur egun ordezkaritza-demokrazia deitzen dugun horrek bide luzea egin du gaur ezagutzen duguna bihurtu den arte.

Bi tradizio handik gurutzatzen dute sistema osoa: konstituzionalismo liberalak eta parte-hartze demokratikoak.

Konstituzionalismo liberalarentzat boterea kontrolatua egotea da gauzarik garrantzitsuena. Ezin gaindituko dituen mugak izatea. Zentzu horretan, burujabetza ororen ukazioa dela esan genezake. Inork ezin du botere guztia eduki, eta Konstituzioaren kontzeptua asmatzen da. Boteretik beretik kanpo dagoen araudi bat, boterea mugatua geratzen dela.

Eta funtsezko bi ideia azpimarratzen ditu, boterearen eta indarraren baliatzea bertatik mugatzen dutenak: Liberalak dio: boterea ezin da gobernariaren borondatearen mendekoa izan; aitzitik, konstituzioaren arauari lotu behar zaio. Gobernaria ez dago edozer gauza egiteko baimendua; Legeak uzten diona baizik ezin du egin.

Eta horrekin batera, adierazpenik muturrekoena dator: espazio eta alor jakin batzuetan ezin du inork ere jardun. Gizabanakoaren eremu pribatuari dagozkio. Eta botere publikoak galaraziak dituen espazio eta alor horietan sortzen da gizabanakoaren askatasuna.

Euskadin, edo hemen Nafarroan, konstituzionalismoa azaltzea ez da denborotan oso erraza gertatzen, kontzeptu hau estatu komunaren batasunaren defentsarekin lotu baita huts-hutsik.

Baina konstituzionalismoaren funtsa adierazpen erabateko bat da, ezin dela botere guztiz burujaberik izan. Ezta herriarena berarena ere.

Beste tradizio handia tradizio demokratikoa deituko duguna da. Hauentzat garrantzitsuena titulartasuna da, eta zalantzarik gabe erantzungo dute galdetzen dugunean zeinena da boterea? boterea herri burujabearena da. Denbora asko behar izan den arren herri horretan pertsona guzti-guztiak kabitzeko. Lehendabizi jabeak bakarrik kabitzen ziren, gero gizon guztiak, eta azkenik, oso berandu, baita emakume guztiak ere.

Zein den zilegizko boterea galdetzen badugu, demokratek erantzungo dute: herriaren borondatea ordezkatzen duena.

Bi tradizio hauen bateratzea dela medio eraiki ahal izan dira demokrazia modernoak. Demokrazia modernoek bi zilegitasun-iturri onartzen dituzte aldi berean: konstituzionala eta herri-burujabetasunarena, baina hori bai, biak mugatuak. Konstituzionalismoari tradizio demokratikoak herri-ordezkaritza inposatzen dio, eta honi konstituzionalismoak jartzen dizkio mugak erabateko boterearen burujabetasunean.

Horregatik, demokrazia modernoaz hitz egitea orekaz eta konplexutasunez hitz egitea da.

Laburtuz, esan genezake hiru elementuk osatzen dutela sistema demokratiko modernoa, aldi berean funtzionatuz:

Arau konstituzionalak eta erakundeak

Prozedurak.

Eta balioak.

Arau konstituzionalek mugak definitzen dituzte boterearen erabileran.

Prozedurek (batzuetan mespretxatu egiten dira formalismo hutsak direlakoan) bi eginkizun garrantzitsu betetzen dituzte: herri-borondatea ordezkaritza politikoa bihurtzea eta boterearen erabilera erregulatzea haren eta hiritarren artean.

Eta, jakina, sistema demokratikoan, balioak eta printzipioak, kabitu ez ezik, behar-beharrezkoak dira. Areago, ia-ia esan daiteke haiek defendatzeko sortu dela egitura osoa. Baliorik gabe, helbururik gabe gelditzen da sistema demokratikoa.

Pertsonen askatasuna bakoitzak bere bizitza erabakitzeko aukera izan dezan, berdintasuna, hiritarren arteko zuzentasun- eta justizia-iturri gisa eta bizimodu duina eta pertsona guztientzako berdina defendatzea, horiexek dira sistema demokratikoko hiru balio-sail handiak.

Eta, bestalde, tolerantzia eta pluralismo politikoa funtsezko baldintzak dira sistema demokratikoaren funtzionamendurako.

Hau dena esaten dut demokrazia osotasun bat dela ulertarazteko, eta ezin dela bakoitzari gehiena gustatzen zaio zatia hartu eta hura banderatzat erabili. Horixe gertatu baita, gehiegitxo gainera, Euskadin.

Eta hau kontatzen dut gainera, seguruena hausnarketa hauetatik eta demokraziaren defentsa honetatik abiatuta bakarrik uler daitekeelako Euskadin Alderdi Sozialistaren eta Euskadiko Partido Popularren arteko itun (batzuentzat) hain bitxi hori.

 

Gobernantza

Nafarroa XXI Foroa (2010eko urriak 19)

Daniel Innerarityk (zeina, dakizuenez, hemengoa baita) gobernantza berria ziurgaiztasun kolektiboa kudeatzeko artea dela esan ohi du. Liberalak segurtasun fisikoa eskatzen zion Estatu zaharrari, baina hiritar berriak segurtasun berri bat nahi du: etengabeko ziurgaiztasuna arintzea eta orientatzea. Bere egonkortasunarekin gure nahasmena gutxiko duen solidaritatearen segurtasuna.

Badakit gogoeta hauek bitxiak gerta daitezkeela Euskaditik esanda, guk ez ditugu-eta iraganeko printza guztiak oraindik lurperatu, baina ziurtatzen dizuet egiazko Euskadin (beste edozein gizarte modernotan bezala) hasia dela gure gazteen bizitza mundu berritik ibiltzen: Facebooken uzten dituzten arrastoengandik identifikatzen ditugu, interes-komunitate txikiak sortzen dituzten blog pertsonalengatik, sareko harreman birtualengatik, beren interesen mugikortasunarengatik eta baita era askotako nortasun pertsonalen eraikuntzagatik ere.

Mundu berria hemen dago, eta politikaren aldaketa sakon bat eskatzen digu. Kudeaketa irekia, hiritarren esku-hartze zuzenera zabaltzen dena. Espazio publiko berri bat eraiki behar dugu, proposamenak bertan sozializatzeko. gobernuarenak eta hiritarrenak. Agora moderno eta tankera askokoa, parte har daitekeena eta norberak bere burua komunitate politiko jakin baten kide gisa ikusiko duena.

Eremu publikoa eta (hala esaten uzten badidazue) jende arrunta bereizten zituen muga horrek, hiritarra itxita uzten zuten espazio fisikoekin, desagertu egin behar du. Hiritarraren eta erakunde publikoen arteko topalekuak bi errealitateak bateratzen dituen komunikaziozko eta harremanezko interfaza bihurtu behar du.

Hiritarrek ez dute politika bertan behera utzi. Nik esango nuke alderantziz izan dela: inoiz ez direla izan gaur egun adina egitura politikoen mendeko. Baina politika egiteko eta gobernatzeko modu berri bat nahi dute, hori gertatzen da. Ziurgabetasunean solidaritate-bermeren bat eskaintzen duen lidergo bat, arriskurik larrienen berri behintzat ematen diena, eta aldi berean beren etorkizunaren eraikuntzan parte hartzen uzten diena.

Modernotasun berriaren askatasunak gizarte indartsua eta antolatua behar du aurrera egin ahal izateko.

Hortaz, zuzenean begiratu behar diogu etorkizunari, erronkarik garrantzitsuenak identifikatzeko eta geure ibilbidea definitzeko.

Gai izan behar dugu epe ertaineko eginkizun kolektiboak elkarrekin adosteko, eta horretan oraintxe lanean hasteko.

 

Etorkizuneko erronkak

Bilboko Bazkundearen Urteroko Topaketa (2010eko azaroak 29)

(KLIKATU HEMN BIDEOA IKUSTEKO)

Hiru dira etorkizunean eragingo diguten aldaketa-sorta handiak, gaur egun ezagutzen ditugun gauzarik gehienak aldatuko dituztenak.

- Globalizazioa

- Biztanleria zahartzea

- Eta iraultza zientifiko eta teknologikoa

Globalizazioari dagokionez, esan beharra dago gure enpresek (eta gizarteak bere osotasunean oro har) nazioarteko inguru berrira egokitu behar badute, erronka handiei aurre egin beharko dietela, hainbat planotan. Baina erreferentziazko beste ekonomia batzuk baino lehiakortasun-maila handiagoak segurtatzea da erakundeen, enpresen eta euskal hiritarren helburu nagusietako bat, euskal gizartearen garapen ekonomiko iraunkorra eta aurrerabide sozial jarraitua lortzeko.

Horretarako, Euskadik gogor ekin behar dio (herri eta eskualde guztiek ekin dioten bezala) lehiakortasun-hobekuntzako prozesu etengabe bati. Eta gogoan dudana da, lehiakortasun-maila handiagoak lortu ez ezik, lana gure gaurko eta etorkizuneko lehiakideek baino hobeto egin behar dela.

Industria Sailak Lehiakortasuna 2010 – 2013 Plana aurkeztu zuen joan den uztailean. Plan honek oinarriak ipintzen ditu Euskadik epe labur eta ertainean lehiakorra izaten jarrai dezan, eta ahalegin handi bat suposatuko du ikerketaren eta berrikuntzaren laguntzan, gure enpresak nazioartekotzeaz gainera.

Beste alde batetik, biztanleriaren zahartzea epe ertain eta luzean berebiziko garrantzia izango duen auzi bat da, eta, klimaren aldaketak bezala, kontzientziazio kolektibo baten premia du aurrenik, bere itzulbiderik gabeko nolakotasunaz eta ondorio sistemikoz, ondoren, modu adostuan, jartzen dizkigun erronkei aurre egiten lagunduko diguten politikei heltzeko.

Alarmismoetara heldu gabe, esan behar da honako hauek izango direla euskal zahartze demografikoaren ondorioak: ekonomiaren hazkunde potentzial txikiagoa (lanean jarduteko adinean dagoen biztanleriaren murrizketaren ondorioz) eta gastu handiagoa, pentsioei eta gizarte-osasun zerbitzu publikoei lotua. Presio bateratua da, eta hamarraldi honen amaieran nabarmen igartzen hasiko da. Eta era horretan, alor sozioekonomiko askotan ondorioak izango dituen erronka bihurtzen da, eta, hortaz, ezingo zaio aurre egin neurri demografikoak hartuz bakarrik, espektro zabaleko ekimen politikoen sorta bat aplikatuz baizik: familia eta lan-bizimodua adosteko politikak; enplegu-politikak; lehiakortasunekoak; gastu publikoko austeritateari eta zerbitzu publikoen erabilera razionalari dagozkionak.

Neurri horiek guztiak ardurakidetasunean oinarritu behar dira, behar-beharrezkoa baita euskal gizartea oro har gogor inplikatzea, belaunaldien arteko konpromiso bat azpimarratuz eta banakako erantzukizunak hartuz, zerbitzu publikoen erabilera razionalizatu eta sistemaren finantzaketari behar duen ekarpena egin nahi bada.

Eta, azkenik, iraultza zientifiko eta teknologikoa dago. Izan ere, gizadiak bere historian ezagutu duen aurrerabide osoa baino handiagoak izango dira munduak 2000. urtetik 2030. urtera bizituko dituen aldaketak (teknologikoak, zientifikoak, sozialak eta ekonomikoak); dagoeneko badira. Gainera, aldaketa horien % 90 datozen 20 urteotan gertatuko dira.

Aholku Kontseiluarekin batera, 5 sektore estrategiko handi definitu ditugu, etorkizunean Eusko Jaurlaritzaren eginahalak gidatuko dituztenak: osasunaren sektorea, energiarena, gizarte-zerbitzuena, IKT eta elektronikarena eta bio-nano zientziak.

Horiek dira Euskadik aurre egin eta erantzun behar dien hiru aldaketa-uhinak. Euskadi Talentuaren Metropoli handi bat bihurtzea, horra nik proposatzen dudan helburu kolektiboa. Gobernantza oneko Metropoli bat, sarean antolatua eta gizarte-talentu partekatuan oinarritua.

Euskadi mundura zabaldutako lurralde bat bihurtu, ekonomia globalean txertatua, hiritar ardurakideak eta libreak bizi direna. Ikuspegi ekonomiko, sozial eta ingurumenekotik, Metropoli lehiakor, kohesionatu eta iraunkor gisa osatzen den lurralde bat.

Nik badakit euskaldunok irabaz genezakeela modernotasuna. Sinetsita nago Euskadik ahalmen handiagoa izango duela eginahalak bateratzen baditugu. Ondo egindako lanaren balioak, eginahal pertsonalarenak, hiritarren solidaritateenak, enpresen gizarte-erantzukizunarenak eta denon elkarlanarenak zabaldu behar ditugu.

 

Euskadiren guraso sortzaileak

Agirre Lehendakariari Omenaldia (2010eko martxoak 6)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Agirre Lehendakariak kargua zin egin zuenean, fronteko kanoikadak aditzen zituela esan daiteke. Gerrako garai ezin gogorragoan gidatu behar izan zuen herria. Eta patuak ez zion bere herrian ikusten utzi nola garatzen ziren euskal erakunde politikoak. Bere herrian bederatzi hilabete eskas baizik ezin izan zen egon, eta handik aurrera erbestealdi luze batean bizi behar izan zuen.

Izan ere, gerra gogorra izan zen, baina erbestea amaigabea pertsona haientzat. Hona etorri zareten ahaide guztiek eta euskal hiritar askok dauzkazue erbesteko historiak. Egunak motel-motel pasatzen ikuste hori, Euskadiri begira baina itxaropena geroratuz beti; behin eta berriz esaldi bera osatu beharreko eginahalaz: “laster izango gara etxean”.

Zeren erbesteratuarentzat, kanpoan egon arren, etxea beti berbera baita, eta hura bizitzen den toki desberdinak aldi bateko babeslekuak besterik ez dira. Eta senideek badakizue gerraren ondoren askoz ere gau luzeagoa etorri zitzaizuela, baina erabakimenez aurre egin zenioten, zeuen funtsari eutsiz. Eta horrexengatik gaur, erakutsi duzuen sendotasun horrexengatik, denboran mantendu duzuen borondate horrexengatik, zuen sufrimenduaren zordun gara hemen gauden guztiok. Eta Agirre Lehendakariak eta haren Gobernuak guri igorri zigutenaren zordun.

Haiek baitira, azken finean, euskaldunen autogobernu modernoaren sortzaileak, haiek dira gure bide kolektiboa korritzen hasi zirenak. Eta Gernikako Estatututik sorturiko gobernuak haien oinordeko eta ondorengo politikoak gara.

Agirrerena gobernu zabala izan zen, elkarlanekoa. Eta eredu historikoa da gu guztiontzat. Gizon haiek, beren ideologiaren eta beren diferentzien gainetik, elkartzen jakin zuten, beren herria defendatzeko, autogobernua eta demokrazia defendatzeko. Eta nik egiaz uste dut eredu hori, egoerak hala eskatzen duenean eransten eta elkar entenditzen jakiteko espiritu hori, guztion artean herri honen parterik hoberena eraikitzen jakin dugun euskaldunon ondare komuna dela dagoeneko. Eragozpenak ditugunean badakigula desberdinarekin elkartzen herria egin eta irtenbideak elkarrekin bilatzeko.

Gobernu hark, ideologien gainetik, balioak zituen, eta, hala, zuen baimenarekin, Espinosa Sailburuaren esaldi bat ekarriko dut hona. Frankistek fusilatua izan baino bi ordu lehenago, 37ko ekainaren 24an, hona zer idatzi zion bere Lehendakariari: “Epaimahaiek inor heriotzara kondenatzen dutenean, nire botoa, beste mundutik, indultua izango da beti”. Pertsona haien sendotasunaren, haien sineste sakonen erakuskari bat da, eta argi frogatzen du nolako konpromiso indartsua zuten gizarte bati duintasuna ematen dioten balioekin, eta konpromiso hari eutsi zioten, baita egoera guztiz kontrakoa zutenean ere.

Haien guztien eta bakoitzaren gauzaren bat aipatu nahi nuke, baina ekitaldi honen laburtasunak ez dit uzten. Euskaraz esan ohi da “Izena duena da”. Eta nik gaur altxamendu frankistaren kontrako frontea lideratzeko ausardia izan zuten eta gure autogobernuaren sortzaileak izan ziren 11 gizon haien izenak gogoratu nahi nituzke. Gure artean daudela aldarrikatu nahi dut, haien izenak esanez:

Lehendakaria: Jose Antonio Agirre

- Justizia eta Kulturako Sailburua: Jesus Maria Leizaola

- Gobernazioko Sailburua: Telesforo Monzon

- Ogasun Sailburua: Eliodoro de la Torre

- Merkataritza eta Hornikuntza Sailburua: Ramon Maria Aldasoro

- Lana, Aurreikuspen eta Komunikazio Sailburua: Juan de los Toyos

- Industria Sailburua: Santiago Aznar

- Laguntza Sozialeko Sailburua: Juan Gracia

- Herri Laneko Sailburua: Juan Astigarrabia

- Nekazaritzako Sailburua: Gonzalo Nardiz

- Osasun Sailburua: Alfredo Espinosa

Amerikarrek askotan aipatzen dituzten beren guraso sortzaileak; horra ba, hemen aipatu ditudan hamaika hauek dira gureak. Haiek sortu zuten Euskadi osatzen dugun euskaldunon politika komunaren aurreneko erakundea: Eusko Jaurlaritza.

Eta harro gaude, badakigulako askatasun, autogobernua eta demokrazia defendatuz sortu zutela.

Hona zer esan zuen Agirre Lehendakariak 1945eko Eguberrietako mezuan (Bigarren Mundu Gerraren ondorengo aurreneko Eguberriak ziren): “Askatasuna ondare unibertsala izan da eta izango da.” Eta egia da horrelako esaldiek denbora guztietako euskaldunak elkartzen gaituztela.

Horregatik nahi dut aldarrikatu, apaltasunez, gaurko Gobernua (aurrekoak bezala) Agirre Lehendakariak eta haren gobernuek abian jarritako katearen begi txiki bat gehiago dela. Frankismoak erbestera bidali zuen kate hori, baina ezin izan zuen urratu. Solidaritate komuneko eta askatasun eta autogobernuko kateek lotzen gaituzte-eta oraingo euskaldunak lehen Gobernua osatu zuten beste euskaldun haiekin. Kate horiek lotuko gaituzte etorkizunean etortzen diren euskaldunekin ere.

Horregatik guztiagatik, berriz esango dut ohore handia izan dela Agirre Lehendakariaren familiari ematea Gernikako Zuhaitzaren Gurutzea, gure Gobernuak ematen duen saririk handiena. Eta, apaltasun osoz, euskal gizarte osoaren izenean egin ahal izan dudala (halaxe nahi luke-eta), zeren, haren eginahalei esker, gaur egun Eusko Jaurlaritza daukagu euskaldunok, gaur euskaldunok badakigu partekatzen eta elkarrekin aurrera egiten, eta ez dugu inoiz ahaztuko.

 

Ertzaintza

Ertzaintzaren Eguna (2010eko maiatzak 16)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Lauaxeta poetak eman zizuen izena 36. urtean: “ertzaiña”, herriaren zaindaria. Denok ikusi dugu 36ko ertzain haien argazki zaharren bat, dibisio motorizatuko beren motorrekin. 1.200 gizon ziren, diktadurak eten zuen historia baten abiapuntua eman zutenak, eta zuek 1982an berriz hartu zenutena. Eta pixkana-pixkana zabaltzen hasi zineten, herriz herri, gure lurraldea osorik estali zenuten arte. Argi-oilarra erakusten zuen lehen ikurretik, oraingo 21. promozioa arte, Euskadi askatasunezko txoriekin bete duzue.

//…//

Lanean urte gehiago daramazuen agenteak gauza askoz gogoratuko zarete: hasierako ilusioaz, garapenaz eta profesionalizazioaz. Ekipamendu berriz, unitate berrien sorkuntzaz. Lehen motorrak kalera atera ziren edo aurreneko helikopteroa eduki genuen egunaz gogoratuko zarete. Urrats haiek guztiek polizia profesional handi bat tankeratu dute. Eta polizia hau denon artean hobetzen jarraituko dugu; zuek zeuen lanarekin eta profesionaltasunarekin eta erakundeek beharrezko bitartekoez hornitzen zaituztela.

//…//

Biziki lotsatzen gaituen izurri zahar baten kontrako borroka indartzen ari gara: generoko indarkeria. Aurrera egin behar dugu eginkizun horretan, ez dadin polizia-etxera gehiago emakumerik etorri, umiliatuta, begiak belztuta, gure ertzainei laguntza eskatzera. Denon eginkizuna da emakumeen kontrako generoko indarkeria desagerraraztea, baina lotsagabekeria zahar honekin bukatzen lagundu behar diguzue.

Gizarte bat librea da gure eskubideen defentsa segurtatua daukagunean, hiritar guztiok bizikidetzarako geureganatu ditugun arauak betetzen direnean, eta gutako bakoitzaren bizitza-proiektua garatzeko berdintasun erabatekoa dagoenean.

Gizarte bat librea da eguneroko gauzak ere, gauzarik soilenak, bermatuak daudenean eta bizitza mugatzen diguten arazoa ez direnean.

Kale seguruak izatea, beti beldurrez bizitu gabe. Jakitea arazo bat daukagunean ertzain bat izango dela eta hark lagunduko digula, horrek ematen dio hiritarrari askatasuna eta bizitza-kalitatea.

//…//

Baina gogoratuko zarete isiluneez ere, mikaztasunez gogoratu ere. Totalitarioek eragin dizkizuten erasoekin sufritu duzuenaz. Pairatu behar izan dituzuen laidoez eta erasoez. Eguna joan eta eguna etorri etengabeko alerta-egoeran, zeuen burua babesteko neurriak hartuz. Zeuen izatearen parte bat bihurtu da, zuengan, hurbileneko ingurua etengabe kontrolatzea. Horrekin, zeuen lanean gehiago sinesten duzuen poliziak bihurtu zarete. Euskadiko askatasunaren guduan zaildutako ertzainak. Seguru egon behar duzue Eusko Jaurlaritzak defendatuko zaituztela. Seguru egon, inork zuen ospea lohitzen duenean, doilorkeriaz laidoztatzen zaituztenean, zuen Eusko Jaurlaritzak neurri guztiekin defendatuko zaituztela eta gure poliziaren izen ona erreibindikatuko duela.

Baina seguru nago denetan gogorrena sarritan ertzainak zaretela ezkutatu behar izatea izan dela, barrutik halako harrotasuna sentitzen duzuelarik.

Gaur senideekin eta lagunekin zaudete hemen. Eskerrak ematen dizkizuet berriz ere. Baina nola eskertuko dizuegu euskal hiritarrok zuen jarraikitasuna? Nola azaldu zuen auzokoei nolako oinazea den zuen seme-alabek eskolan ezin aldarrikatu izatea, harro-harro: gure aita zuretzat lan egiten duen ertzain bat da? Nola azaldu zer umiliazioa den ezin arropa zabaltzea uniformea jantzita?

Baina gaur denok harrotasunez aldarrikatzea nahi nuke nolako balioa duen Euskadin ertzaina izateak.

Hau zuen herria da eta zuek zarete gure poliziak.

Zuek baitzarete Euskadiko espazio publiko guztiak askatasunarentzat konkistatuz zoazten aitzindariak. Eta, berriz ere, uda honetan azkeneko eginahala egin beharko duzue. Euskal hiritar guztiei festa irekiak, xantaiarik eta mehatxurik gabeak bermatzeko eginahala. Baina bukaerarako gutxi gelditzen zaigula nahi dizuet esan. Hurbil da zeuen herrian ertzaina izatearen harrotasuna ezkutatu beharko ez duzuen eguna.

Terrorismoaren kontrako borroka ez da zuen eginkizun bakarra, baina bai gu guztioi minik handiena eragin diguna.

Gaur egun ohore egin diegu ETAk bizitza kendu zien haiei, ez zutelako beren eginkizuna huts egin nahi, ezta uko egin ere Euskadi eta euskal hiritarrak defendatzeko erantzukizunari. Behin baino gehiagotan negar egin behar izan duzue, zuen uniformeen gainean kementsuen malkoak isuriz.

Eta lanean ari zirela bizitza galdu duten beste ertzainengatik ere negar egin duzue. Berak dira gure gizartearen segurtasunagatik ordaindu duzuen prezioa.

Ana Isabel Arostegi, Javier Mijangos, Mikel Uribe, Iñaki Totorika, José María Aguirre, Ramón Doral, Iñaki Mendiluce, José Luis González, Joseba Goicoechea, Alfonso Menchaca, Luis Hortelano, Juan José Pachecho, Carlos Díaz Arcocha, Genaro García de Andoain.

Haien izenak aipatzen ditut haien faltari denok negar egiten diogulako. Haien izenak aipatzen ditut, banaka-banaka, hauxe delako Euskadiren askatasunari egin diozuen eskaintzarik mingarriena.

Haien izenak aipatzen ditut, izenen atzean erauzitako bizitza bat dagoelako. Komunitateari eskainitako bizitza bat.

Gaur gogoratu egiten ditugu, haien oroitzapena ez dadin hil.

Euskadin denok elkarrekin goaz, askatasun osoaren bidetik aurrera eginez. Hurbil da terrorismoaren bukaeraren eguna. Eta zuei dagokizue garaipen honen partaideak izateko ohorea.

Hona zer dioen Lauaxetak bertso batean: “dana emon behar jako / maite dan askatasunari”.

Nik esaten dizuet ezin zaiela gehiago eskatu egunero-egunero, gu guztion askatasuna defendatuz, bizitza arriskuan jarri duzuenoi.

 

Giza eskubideak

Giza Eskubideen Biltzarra. 2010eko irailak 15

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

XVIII. mendearen bukaeran, Ilustrazioko jendeak adierazi zuen pertsonei zor zaien errespetua, bakoitzak ditugun askatasun-alorrak, ez direla estatusaren, jatorriaren, erlijioaren edo arrazaren ondoriozkoak. Adierazpen negatibo bat sortu zen beraz, giza eskubideen aldarrikapenaren sorburuan dagoena. Ukatu egiten da pertsona jakin baten zertzelada bereziak direnik eskubideen jatorria, eta, hortaz, pribilegio feudal guztiak indargabetzea eskatzen da, eta, ukazio horren nahitaezko ondorio gisa, pertsona guztiek eskubide berberak dituztela aldarrikatzen da.

Pertsona izatea da eskubideak zilegiztatzen dituen titulu bakarra. Adierazpen unibertsala da hau beraz. Giza eskubide esaten diegu gizakia delako eskubide horiek zilegiztatzen dituen gauza bakarra. Giza eskubideen erabateko antagonista ez da ez nagusikeria, ez erailketa: Auschwitz deitzen da. Izan ere, Auschwitzeko krimena, letra larriz idazten den krimen hura, ez zen erailketa masiboa izan, baizik eta eraileei ukatu egin zitzaiela erabat gizatasuna

Virginiako 1776ko aldarrikapenean, aurreneko aldiz ikusten da testu politiko batean nola “gizakiak berez dira era berean libre eta burujabeak”, eta, modu zabalagoan gero, 1789ko abuztuko “hiritarraren eskubideak” azaltzen dituen frantses aldarrikapenean.

Jadanik 1948an, printzipio horiek berak jasotzen eta garatzen dira, baina ez herri batean bakarrik, nazioarteko komunitatean baizik.

Garrantzitsua da azpimarratzea giza eskubideen adierazpen hau askatasun handiagoko komunitate politikoak sortu nahi dituzten sistema politikoei lotua sortzen dela, eta haien printzipio zilegiztatzaile gisa.

Sistema demokratikoak bakarrik defendatu ahal izan ditu Giza Eskubideak, eta, aldi berean, sortu ditu haiek modu egokian defendatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren erakunde politikoak.

Diktaduraren garaian, giza eskubideak aldarrikatzen genituenean, sistema demokratiko bat ari ginen defendatzen, eta giza eskubideen erreferentzia zen haien printzipio zilegiztatzailea.

Giza eskubideen defentsa hau aldarrikapen etiko edo moral hutsera aldatzen bada, eskubideak zalantzazko linbo batera botatzen ditugu, hiritarren eta botere publikoen artean egiazko konpromisorik zertu gabe.

Eskubideen eta politikaren, hau da, sistema politiko jakinen arteko dibortzioak paradoxa bitxiak sortzen ditu. Nola bestela azalduko dugu afari surrealista hura, Mia Farrow, Naomi Campbell, Taylor tiranoa eta Nelson Mandela mahai berean eseri zituena, aldi berean, ongia egiteko borondate ona zelarik atzeko musika?

Baina paradoxa batzuk odoltsuak bihurtzen dira, Euskadin bezala: ETAk eta haren munduak Giza Eskubideen adierazpena aldarrikatzen dute beren ekimen politikoaren printzipio zilegiztatzaile gisa. Nola izan liteke hori?

Azpimarratu egin nahi dut: Giza Eskubideak sistema politiko demokratikoen printzipio zilegiztatzaile gisa sortzen dira, eta zurigarria besterik ez da haiek sistema politikotik eta erakunde demokratikoetatik kanpo aldarrikatzea. Demokraziarik gabe ezin da Giza Eskubiderik izan.

Sistema demokratikoa daukagun herrietan, eskubide hauek formalki bermatuak daude, eta botere publikoak betetzera behartuta daude. Batzuetan arazoak izaten baditugu ere, gure kasuan gertatzen den bezala, terrorismoak erasotzen dituelarik iritzi librea izateko eta bizitzeko eskubideak. Baina estatu demokratikoa legezko bitarteko guztiekin saiatzen da haiek betetzen.

Batzuetan botere publikoak berak izaten dira, erantzukizunari uko eginez, eskubide horien defentsaz eta aplikazioaz ahazten direnak. Bereziki aipatu nahi dut egunotako auzi bat; nola Frantziatik indarrez kanporatu dituzten errumaniar ijitoak. Gertaera honek oso ondo azaltzen du nolako arazoak ditugun uneotan Europan naziotik kanpoko hiritarren eskubideak modu eraginkorrean onesteko garaian, bereziki kolektibo pobreak eta botere politikorik gabeak direnean.

Iritzi publikoak, politika publikoen debateko eta kontroleko espazioa delarik, erabateko garrantzia du sistema demokratikoei eusteko garaian. Batzarrek, gaur zabaltzen dugun honek bezala, erantzukizun berezia dute. Eskubideen onespen formalak, aldi berean, hiritar demokratikoek etengabe kontrolatu behar dituzte, ez daitezen azkenean botearen zurigarri zilegiztatzaile hutsa bihurtu.

Gaur egun, eskubideen katalogoa zabalagoa da 1789. urtean onartu zena baino. Ikusi zen askatasunaren defentsak, bere horretan, hiritarrak beharrezko egoera baten nagusikeriatik aterako zituzten baldintza material gutxienekoak bete gabe, askatasunaren beraren baliatzea eragozten zuela, eta, batez ere, hiritarren arteko aukera-berdintasuna galarazten zuela

Horregatik, 48ko adierazpenean, askatasunen lehen sorta klasikoari beste bat eransten zaio, eskubide materialena.

Laurogeiko hamarraldian asko izan dira eskubide materialen erreibindikazioak, eta gizarte-eskubideak deitzera igaro dira. Gaur hasten den batzar hau horrixe buruzkoa da hain zuzen ere.

Askatasun formalen sorta klasikoak askatasunen alorra azpimarratzen du bereziki, ez du negoziaziorik onartzen eta bokazio unibertsala du. Giza eskubideen sortak berdintasunaren alorra azpimarratzen du, eta norbera bizi den komunitate politikoaren halabehar materialari lotzen zaio. Gizarte-eskubideek “zenbatekoa” dute.

Eskubide materialak diren neurrian, hiritarren barne-solidaritatearen ondoriozkoak dira, hartatik sortuak. Solidaritateak ematen die existentzia materiala gizarte-eskubideei.

Gizarte-eskubide baten berrespenari nahitaez erantsi behar zaio hura gauzatzeko behar diren bitartekoak eskuratzeko modua.

Gizarte-eskubideek, “zenbatekoa” dutelarik, hiritarren eginahalaren eta ardurakidetasunaren premia dute. Eta ardurakidetasun horrek bi aurpegi ditu: parte-hartzea, hiritarren solidaritatearen eginahalaren ekarpena eginez, eta ardurakidetasuna, zerbitzu eta laguntza publikoen erabilera eta gozamenean. Hemendik sortzen da solidaritatea modu berean arriskuan jartzen duten bi iruzurren salaketa: iruzur fiskala eta zerbitzuez eta gizarte-laguntzez abusatzen dutenen iruzurra.

Hiritarren solidaritateak arrakala bat izan du beti, orain arte ixten asmatu ez dugun zauri bat: “Beste” horiekiko solidaritatea. Solidaritatearen esparrua hiritarraren jatorrizko estatua izan da. Gizadiaren gehiengoak oraindik ez dauka babesa ematen dioten egitura politikorik. Herrialde azpigaratuetako masa pobretuak herrialde aberatsetako solidaritatetik kanpo daude, 0,7ko ekarpenak kenduta. Eta antzeko zerbait gertatzen da gure gizarte garatuetan bizi diren hiritar erdibituekin: solidaritate komunean parte hartzen duten etorkinak dira, baina galarazia dute haren onuren parte bat.

Gaur Europan bi paradoxarekin topo egiten dugu: gizarte-eskubideen katalogo berri bat zabaltzen eta zehazten ari gara, baina aldi berean eragozpenak ditugu Bigarren Mundu Gerraren ondoren sorturiko Ongizatearen Estatuko eskubide zaharrak bermatzeko.

Eta, aldi berean, ikaragarri zabaldu dira gizabanakoaren askatasunaren espazioak, solidaritate pribatuaren alorrak gaindituz, familia edo komunitate txikia esate baterako.

Gizabanako modernoa, historia osoko libreena delarik, aldi berean da bakartiena eta bizirik jarraitzeko hiritarren solidaritatearen premiarik handiena duena.

 

Euskadiren eguna

Euskadiren eguna. 2010eko urriak 25

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Askok izango dute gogoan nola, gaur bezalako gau batean, duela 31 urte, Bilboko Casillan, Ramón Rubial eta Carlos Garaikoetxearen arteko besarkadan gauzatu zen poz partekatua bizi izan genuen. Poz partekatua, ibilbide luze bati, ausentzia mikatz bati bukaera ematen ziona. Eta jende askok harro-harro esan ahal izan zuen: iritsi gara. Orain Estatutua daukagu, askatasuna daukagu, eta horrekin orain herria eraikitzen hasiko gara.

Aurten, gainera, gure lehen Lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirreren heriotzaren 50. urteurrena ari gara ospatzen, hark, bere batasunezko gobernuekin batera, fundatu baitzuen Euskadi modernoa. Orduan esan ahal izan genuen aurreneko aldiz, politikoki, “gu euskaldunok”. Gu plurala eta dibertsoa, herria bera eta bere gobernariak bezalakoxea.

Autogobernuak sortzen du herria eta hura da haren euskarria. Autogobernuak sortzen ditu solidaritate politikoko loturak, gizarte kohesionatua izateko, geure burua etorkizun kolektibo beraren pertsona ardurakide gisa ezagutzeko.

Gaurko hiritarren parte garrantzitsu bat Gernikako Estatutuarengandik jaio da. Ez dute ausentziaren zauria ezagutzen. Askok partekatzen genuen amets hura, haientzat, eguneroko bizikizuna bihurtu da. Eta horregatik, inondik ere, ez dauka perfekziozko aureola hori, lortu ez den ametsari esperantzak beti eransten diona.

Autogobernuak, gertutik ikusia, gure bizitzaren parte denean, iraganean ezkutatzen diren zimurrak eta akatsak izaten ditu. Gure Gernikako Estatutua lorategi inperfektua izango da, seguru, bizitza bezalakoxea. Baina nik ez dut kentzea nahi, gero berriz perfektu batekin ametsetan hasteko.

Horregatik, albiste ona da aurten Estatutuaren garapenari bultzada handi bat eman zaiola jakitea. Zatitzen eta elkarren kontra jartzen gintuzten proposamenen gainetik ere, haren alde lan egin dugula, eta berriz ere esan nahi duen guztia balioztatu dugula.

Baina denok jakitea nahi nuke Estatutua ez dela arau eta transferentzia multzo bat bakarrik. Askoz ere gehiago baita. Euskaldunontzat itun handi bat da, gu guztion artean egina. Elkar onesten dugun akordio bat da. Desberdinak bagara ere, berdinak bezala bizi nahi dugula elkarrekin egiaztatzea. Horrexegatik, eta horrexegatik batez ere, denok kabitzen garen gizarte-eredu bat definitzen duen bizikidetasun-ideia bat da.

Euskal hiritarren topalekua. Orain arte eraikitzea lortu dugun plaza publikorik handiena. Denok sar gintezkeen plaza bat, geure nortasunari uko egin behar izan gabe.

Izan ere, ezin badugu desberdinak izatea aukeratu, askatasuna zertarako nahi dugu?

Horrexegatik, autogobernurik hoberena hiritarrei askatasunik handiena ematen diena da. Estatutu hoberena bakoitzari bizitza eraikitzeko bere modua eta euskalduna bere modura izateko aukera aitortzen diona da.

Eta, horrekin batera, etorkizunean elkarturik bizitzeko borondatea da, arriskuak geureganatuz eta proiektu partekatuetan eginahalak bateratuz.

Horregatik, estatutu-autogobernuko 31 urte izan dira hauek, Euskadirik egiazkoena ordezkatzen dutena: desberdinen arteko itunarekin eta akordioarekin jaiotzen eta aurrera egiten duen Euskadi. Denon artean, ez elkarren kontra, eraikitzen den Euskadi hori.

Eta Estatutuak jasotzen duen askatasunezko bizikidetasun-borondate hauxe izan da ETAren terrorismoak sistematikoki eraso egin diona. Eta hartan gure etorkizuna entenditzeko bi modu jarri dira elkarren aurrez aurre. Bizikidetasuna planteatzeko bi modu. Totalitarismo homogeneizatzailea alde batetik, eta askatasuna eta tolerantzia bestetik.

Eta gaur egun esan genezake askatasuna ari dela gudua behin betiko irabazten.

Euskaldunok urte asko daramatzagu amets baten atzetik: mehatxu terroristarik gabe bizitzeko ametsa. Inork ez dezala bere iritzia plazaratzeko beldurrik izan.

Arrasto odolduekin egin dugun bide bat da, askatasuna defenditzeagatik sakrifizioz betea. Euskaldun guztien Lehendakaria izateko erantzukizuna neure gain hartu nuenean, indarkeria desagerraraztea jarri nuen lehen helburu gisa, denontzat bakea eta askatasuna lortzea.

Bide onean gaude. Jende guztia, baita erradikal abertzaleak ere, hau bukaera dela ari da barneratzen. Bukatzen ari dela amesgaiztoa.

Baretasuna eta adimen argia behar ditugu uneotan, badakigu-eta okerrak oso garesti ordaintzen direla.

Eta nik bi eskuak luzatuta edukiko ditut:

esku batean demokrazia, eta bestean demokrazia gehiago.

 

Euskara

Euskararen Nazioarteko Eguna (2010eko abenduak 3)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Gaur, bi mila eta hamargarren urtean, Etxepareren desioa betetzen ari da euskal gizartea. Euskara mundu zabalean ari da. Unibertsitatera heldu da. Hedabideetan dabil. Mundu osora zabaltzen da. Antzinako ezintasun asko eta asko apurtu dira.

Euskara guztien aukera da. Inork ez du jabetzarik. Hiritarren askatasun eta borondatean nahi dugu oinarritu etorkizuna. Gaur Jaurlaritza osoa hemen bildu gara hori adierazteko, eta baita ere beharrezko diren laguntzak bermatu eta ziurtatzeko.

Administrazioari dagokigu hiztunei bideak erraztea, euskara munduan zabal dadin bitartekoak jartzea.

Orain dugun egoera zaila bada ere, Jaurlaritzak ez ditu euskaltzaleak bazterrean utziko: laguntza eta babesa izango dute.

Aniztasuna da gure elkarbizitzaren oinarri. Hizkuntzen arteko harremanak ezin dira arazo bihurtu, haatik, aberasgarri behar dute izan.

 


HITZALDIAK 2011

Helburu kolektiboak

Gobernuko goi-mailako karguen aurreko mintzaldia (2011ko urtarrilak 14)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Tony Judtek esan ohi zuen: “Idealismorik gabe, politika gizarte-kontularitzaren antzeko zerbait bihurtzen da, pertsonen eta gauzen eguneroko administrazioa balitz bezala”. Eta arrazoia zuen.

Politikak idealak izan behar ditu. Etorkizun-ereduak eskaini behar ditu, elkarrekin bizitzen jarraitzeko. Herria bateratu behar du, eta lan egitea merezi duten helburu kolektiboak planteatu. Aldi bateko sakrifizioak egitea ere merezi duten helburuak.

Inork pentsatzen badu euskal administrazioa 2013 arte modu ohoretsuan kudeatzera bakarrik etorri garela, oso-oso oker dago.

Hemen gauden guztiok gure herriaren aldaketa sakon bat lideratzeko pribilegio izugarria dugu, herritar guztiekin batera, askatasun handiagoko eta aurreramendu kolektiboko Euskadi bat eraikitzeko. Ez ahaztu: erantzukizun izugarria da, baina berebat da aukera pribilegiatua.

Gure ideal politikoak defendatzera etorri gara, bizikidetasun-eredu berri bat abian jartzera, eta, eredu bateratzailea izanik, proiektu bereko kide moduan ezagutuko du bestea.

Eredu soziala, solidarioa eta iraunkorra proposatzera etorri gara.

Aukera-berdintasuna eta aurreramendua denontzat defendatzera etorri gara.

Eta askatasuna eta demokrazia defendatzera etorri gara. Gure erakunde politikoak defendatzera.

Alegia, Euskadik behar dituen erreforma sakonak abian jartzera etorri gara, modernotasun berrian merezi dugun ongizatea eta bizi-kalitatea mantendu ahal izateko.

Hamarraldi bat eman ondoren nortasunaz eztabaidan, bazen garaia norbaitek etorkizunera begiratzeko premia plantea zezan, gertu ditugun erronka berriei aurre egin ahal izateko.

Gu ez gara bizilagun-komunitate bateko kudeatzaileak: bestelako alternatiba politiko bat, alternatiba globala, proposatzen dugu, gure hiritarren eguneroko bizitzari eragiten diona eta haren etorkizuneko ongizatea eta aurreramendua baldintzatzen dituena.

Bi esaldi soiletan laburtuko dut:

· Hiritar guztien askatasuna eta berdintasuna bermatu.

· Eta Ongizatearen Estatua eta aurreramendua defendatu, sendotu eta hobetu, gaurko eta etorkizuneko belaunaldientzat.

 

Bizikidetasuna Euskadin

Gobernuko goi-mailako karguen aurreko mintzaldia (2010eko urtarrilak 14)

Denon artean batasuna sortzen eta gizarte-kohesioa lortzen duen bizikidetasunezko eredu politiko bat eraikiko dugu elkarrekin.

Hamarraldi bat eman ondoren nortasunaz eztabaidan, gizartea zatikatua eta leher egina geratu da.

Terrorismoko hamarraldiek bizikidetasuna eragozten duten harresiak altxatu dituzte.

Ezin dugu elkarren kontra lanean diharduten hiritar taldeekin jarraitu. Elkarrenganako uste ona berreskuratu eta bizikidetasun komun baten alde egin behar dugu.

Autogobernua da bizikidetasunaren aldeko hiritarren itun handi bat osatzeko abagunerik egokiena.

Gurea bezalako gizarte plural batean, hiritarrek nortasun desberdinak dituztelarik, elkarrekin bizitzea da bizikidetasuna. Bestearen diferentziak errespetatzen ikastea da, eskubideetan denak berdinak garela aitortuz.

Uko egin behar diogu guztiok euskal gizartearen erdi batek beste erdiari irabaziko diolako ideia, nortasun-eredu bakar baten mende jarriz denok. Gudu hori irabazi nahi izatea hiritarren artean amairik gabeko liskar bat mantentzea da.

Guk ez dugu bitan zatitu nahi ez herria, ez euskal gizartea.

Euskadi herri bakarra da. Euskaldunok gizarte bakarra osatzen dugu.

Eta gure proposamena batasunezkoa eta gogaidetasunezkoa da.

Batasunarentzako hiru zutabe dira.

· Sistema demokratikoa eta gure autogobernuko erakundeak bizikidetasunaren esparru erregulatzaile gisa onartzea.

· Pertsona bakoitzaren nortasun diferenteak onartzea eta hiritar guztiei gauzatuko dituztela bermatzea, nortasun-aukerarik bereizi gabe.

· Euskal gizartearen izatasun plurala aitortzea eta tolerantzia eta elkarrekiko ezagutza sustatzea, bata zein bestea gogaidetasuna posible egiten duten balio zibikoak direlakoan.

Euskal tradizioa osorik dago kultura politiko diferenteen gainean eraikia. Mendeetan jakin dugu mestizoen ondoan bizitzen. Eta inor saiatu denean ikuspegi bakar bat inposatzen, hondamena eta zatiketa sortu dira.

Euskaldunak garenak bezalakoak gara, eta ezerk ez gaitu aldatuko. Elkar ulertzera eta elkarrekin bizitzera kondenatuak gaude.

Eta, Garik esaten duen bezala, berebat gaude itxaropenera kondenatuak.

Eta horretarakoxe gaude hemen. Horretarakoxe heldu gara Gobernura. Bakean eta askatasunean bizi den Euskadi bat lortzeko, bizikidetasun pluraleko Euskadi bat. Euskadi solidario, iraunkor eta lehiakor bat. Denontzako Euskadi bat, denon artean, ez elkarren kontra egina.

 

Sozialdemokrazia eta Ongizatearen Estatua XXI. mendean.

London School of Economices emandako hitzaldia, (2011ko martxoak 7)

(KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO)

Ondo dakit sozialdemokraziaz eta Ongizatearen Estatuaz hitz egitea iraganeko gauza gerta litekeela, aukera galdu baten nostalgia-edo balitz bezala. Zenbaitentzat anakronismoa da xede politikoez, hiritarren arteko bizikidetasunari eusten dioten balioak erreibindikatzen dituzten proposamenez hitz egitea.

Zeren, itxura denez, baztertu egin baitugu ideien gaineko debatea, gauzen gaineko eztabaida bati ekiteko. Zenbakiak eta estatistikak jabetu dira debate publikoaz. Eta, datuen aurrean, ideiek atzera egin behar dute, errealitatea aldatu ezin duten haurren desira onak balira bezala, eta errealitatea berez inposatzen da, udako ekaitzen modura.

Eta mintzaldi horretan, berez bizitza duen argudio handi-handi bat bezala agertzen da ekonomia, eta amore eman besterik ezin dugu egin haren ezin geldituzko martxaren aurrean.

Ekonomiak izadiak gizarte primitiboentzat zuen rol bera hartu du: pertsonen borondatetik kanpokoa den gauza, bere lege propioekin inposatzen dena. Eta haren mugimenduak asmatzen saiatu besterik ezin dugu guk egin, ahalik eta ondoena egokitzeko.

Horregatik, fatalismo-modu honen aurrez aurre, izadiko egoeraren gainetik, gizakiaren garaipena nahi dut erreibindikatu. Gizarteen autonomia, lege fisikoen gainetik. Eta ekonomia giza jarduera gisa erreibindikatu nahi dut, bete-betean giza jarduera gisa, eta, hortaz, talde-erabakiei lotua eta gizartearen interes orokorren mendeko. Ekonomia pertsonek egiten dugun gauza da; ez da berez, modu beregainez, gertatzen den gauza bat.

Eta horrekin esan nahi dudana da ekonomiaren beregaintasun erabatekoa erreibindikatzen dutenek egiaz lortu dutena dela gizarteak oro har erabakitzeko duen ahalmena hari kenduta berentzat hartzea, erabakiak pertsona bakan batzuen eskuetan uzteko.

Ekonomiak ez du borondate propiorik. Ez du erabakirik hartzen, aldiz, pertsonen edo enpresen batuketa moduan funtzionatzen du, haiek baitute ekonomiaren funtsezko elementuen gaineko boterea. Adam Smithek aipatzen zituen esku ikusezin haiek jabeak dituzte. Jabe horiek ez dute gizarte demokratikoen erabaki kolektiboen mende egon nahi.

Eta gure bizitzari eragiten dioten auziak modu kolektiboan erabakitzea baldin bada demokraziaren izatea, ekonomia erabaki politikoen alorretik kanpo jartzen denean, demokrazia bera ari gara larriki urratzen.

Bobbiok esaten zuen dagozkigun gaien gainean jende gehiagok erabakiak hartzea nahi duela esan demokrazia sakontzeak.

Mendebaldeko demokraziek bide luzea egin dugu XIX eta XX. mendeetan, pertsonak erantsiz erabaki kolektiboei; lehendabizi jabeak bakarrik ziren erabakitzeko eskubidea zutenak, gero gizon guztiak, eta azkenik, oso berandu, beste erdia geureganatu dugu: emakumeak. Etengabeko ibilbidea izan da, talde-erabakietan esku hartzen duten pertsonen kopurua zabaltze aldera.

Alabaina, Bobbiok planteatzen duen beste alderdian, alegia: denoi dagozkigun gauza gehiagoz erabakiak hartzea, azken urteotan, atzera egin dugu. Behin eta berriz esan digute ekonomiak bere legeak dituela eta politikak ezin dituela lege horiek mugatu, ez bada aurrerabidea arrisku larrian jarri nahi. Eta uko egiteko eskatu zaigu gure bizitza-aukerak errotik baldintzatzen dituen gauza baten kontrolari.

Baina heldu da emaitzak aztertzeko ordua.

Eta ikusten dugu aberastasunaren banaketaren desberdintasunak ezin eramanezko mailetara ari direla talde handi batzuetan heltzen. Esate baterako, Paul Krugman-en iritziz, Estatu Batuetako gaur egungo errentaren banaketaren eta desberdintasunen mailak 20ko hamarraldiko guztiz bidegabeko haren antzekoak dira.

Izan ere, BPG globalaren datu estatistikoek ezin ezkutatu dute aurrerabidea jende askoren bazterkeriarekin eta miseriarekin ordaindu dela.

Wilkinsonek eta Pickettek jakinarazten digute ezen “Herrialde aberatsetako arazoak ez dira gizarte hauek behar bezain aberatsak ez izatearen ondoriozkoak, aitzitik, pertsonen arteko alde materialak, gizarte bakoitzaren baitan, handiegiak izatetik datoz”.

Gaurko gizarteak gizarte zatikatuak dira, hiritarrak interes-taldeetan antolatuak daude, eta gehien-gehienak bakarrik dabiltza bizitzan nora ezean.

Zentzu horretan, gaur egun pairatzen ari garen krisia ez da huts-hutsik krisi ekonomikoa. Aitzitik, gizarte-eredu jakin baten porrota ere bada. Gizarte modernoak zatikatu dituen ideologia baten porrota da, hiritarren arteko solidaritatea urratu baitu, eta gizabanakoa bakarturik utzi du. Oso argi erakusten du nola, botere ekonomikoak inolako kontrolik gabe uzten baditugu, desberdintasuna eta gizarte-zatiketa eragiten dituzten, eta azkenean sistema osorik jartzen duten arriskuan.

Gaur egun ongizateaz gozatzen duten klase ertainek, hein handi batean, beren iraganarekiko loturak haustea erabaki dute. Gizarte-mugikortasunaren zubia moztu dute, gurutzatu ondoren. Gizartean egin duten igoaldia beren meritu pertsonalaren emaitza hutsa delakoan erreibindikatzen dute, eta ahaztu egiten zaie berak ere Ongizatearen Estatuaren solidaritatearen emaitza direla.

Izan ere, gaur egungo klase ertainen egoera solidaritatezko eta egitura publikoen eraikuntzako historia luze baten emaitza da, aukera-berdintasuna bermatzeko. Pentsioen sistemen emaitza dira, zeinari esker seme-alabek ikasteko aukera izan baitute, lanera joan beharrean beren gurasoak mantentzeko. Heziketa-zerbitzu publikoen emaitza dira, haiek bermatu baitute jakintzarako sarbidearen berdintasuna. Osasun-sistemen emaitza dira, haiek eman baitigute segurtasuna bizitzaren aurrean, eta, hala, hiritarrek, beren osasunean ez, baizik eta beren bizitza-proiektuak inbertitu dituzte baliabideak.

Nolanahi ere, gaur egungo klase ertainak dira Ongizatearen Estatuaren arrakastarik handienaren froga.

Baina Ongizatearen Estatua ez zen bere gisa, espontaneoki sortu; talde-erabakien emaitza izan zen. Akordio politiko orokorrak egin ziren, aurrerabide partekatuaren gizarte-eredu bat definitzeko erabakia hartu zutenak. Ongizatearen Estatua baliabide publikoak eta ekonomia hiritarren zerbitzura jartzen duen gizarte-eredu bat da. Eta horren truke, lankidetza eta eginahala eskatzen digu denoi.

Eta hauxe izan da ezagutzen den historia osoan aurrerabide-mailarik handiena (eta jende gehienarentzat) ekarri duena. Sistema honek, gainera, ongizatezko etorkizun baten itxaropena zekarren.

Alabaina, ez genuen gaur arte ezagutu gaur egun bizi dugun egoera: gaurko gazteek, aurreneko aldiz, beren gurasoak baino okerrago bizituko direla pentsatzen dute (oro har).

Halakorik ez zen inoiz gertatu, eta hona galdera: ezin al dugu ezer egin ez dadin halakorik gertatu?

Faustok, bere okerraz konturatu zenean, ezin izan zuen arima berreskuratu, baina guk berreskura genezake.

Nik proposatzen dut hiritarrek beren talde-etorkizuna erabakitzeko duten ahalmena behar dugula aldarrikatu.

Eta gizarte-errealitateak ez direla egitate materialak, ibaiak edo mendiak bezala, aitzitik, erabaki politikoen emaitza direla. Eta gaurko errealitate soziala aldatu daitekeela eta aldatu egin behar dela, eta ezin diogula eginkizun horri uko egin.

Horregatik proposatzen dut hiritarrek beren eskuetan har dezatela beren patua eraikitzeko erabakia. Demokrazia gehiago ari naiz proposatzen. Jendearen demokrazia ari naiz proposatzen, gauzen kudeaketa publikoaren aurrez aurre. Zeren akordio publikoek ez baitituzte gauzak erabakitzen; akordio publikoek hiritarren bizitzak erabakitzen dituzte.

Eta politika da, hain zuzen, hiritarrek beren erabaki propioak har ditzaketen eta kontrol orotatik kanpo diharduten indar ekonomikoen kontrola berreskuratu dezaketen eremu pribilegiatua.

Politikaren eremuan proposa genezake ekonomiak aberastasun kolektiboa sortzeko jarduera behar duela izan.

Eta, horretarako, erakunde demokratiko sendoak, eta gizarte bateratuak eta indartsuak behar ditugu.

Baumanek esaten du Ongizatearen Estatua dela komunitatearen ideiaren azkeneko gauzatzea, pertsonak abentura bereko kideak sentitzen diren gizarte bat sortzen jakin duelako. Aurrerabidea sortzen eta etorkizun baten itxaropena zekarren “Gu” solidario bateko kideak.

Horregatik, Ongizatearen Estatua desegin nahi dutenen aurrez aurre, gizarte-balio zaharrak berreskuratu behar ditugu: eginahal partekatuaren, barne-solidaritatearen eta helburu komunen definizioaren balioak, helburu horiek etorkizun denean itxaropena emango diguten borondateak bateratzeko gaitasuna baitute.

Banakako erantzukizunaren ordua dela esaten digute. Estatuak ez dituela gure arazoak konpondu behar, ba omen dugu guk haiek konpontzeko behar den gaitasuna. Baina adierazpen soinu-atsegin hori gizarte-fikzio batetik abiatzen da. Zentzua izango luke pertsona guztiak aurkituko bagina, gure bizitzaren hasieran, baldintza berdinetan eta aukera berekin. Bizitzaren korrikaldia abiapuntu berean hasiko bagenu denok.

Baina beharraren nagusikeriaren mende dagoen, beste batekin berdintasunean lehiatzeko aukerarik ez duen gizabanakoari, ezin diogu erantzukizun bera eskatu. Baina eginahal bera, hori bai, eskatu geniezaioke.

Eta gizarte solidario batek eta erakunde publiko indartsuek bakarrik berma dezakete denontzat aurrera egiteko aukera. Baina ardurakidetasun-itun honek bi norabide ditu: denek denekin. Gizarte-harremanak definitzeko, banakako erantzukizuna baino areago, guztion ardurakidetasuna behar da.

Norberaren aukerak oso-osorik banakako erantzukizunaren eskuetan uztea, ehizaldi bati ateak zabaltzea da, zeinean harrapakina indartsuenek bakarrik (eta, batzuetan, ankerrenek) eskuratzen baitute.

Estatua kentzen badugu, bere birbanaketa-ahalmenarekin; zerbitzuko publiko unibertsalei uko egiten badiegu; gizarte-laguntzak desegiten baditugu; ez da sortzen, egunsenti berri baten moduan, gizarte indartsu bat: aitzitik, alde batera geratzen dira (ikusi nahi ez dugun ilunpe horretan), beren gisara abandonatuta, hiritar asko, eta haiek ez dute lortuko pobretasunik ateratzea. Erdian, araurik gabeko gatazka dago, denok denon kontra. Eta, atze-atzetik, Estatu berri bat sortzen da, oraingo honetan poliziez, epaileez eta bideokamerez hornitua, zalapartan ordena jartzeko.

Horregatik diot nik europarrek politikaren egiazko balioa behar dugula berreskuratu. Debate publikoarentzat alorrarentzat, dagozkigun gauza guztiak berreskuratu. Zer nolako gizartea nahi dugun guretzat eta gure seme-alabentzat definitzeko kemena izan behar dugu, eta horretara iristeko beharrezkoak diren erabakiak hartu.

Eta, horretarako, galdu egin behar ditugu sozialdemokratek pilatu ditugun konplexuak. Kudeaketa publikoa erreformarako eta gizarte-aldaketarako espazio gisa ulertu behar dugu. Alde batera utzi behar dugu etsi-etsian pentsatzea “gauza publikoa” kalteak gutxiagotzeko bitartekoak gestionatzea dela.

Badakigu neoliberalismoak huts egin duela. Badakigu gizarte zatikatu bat ezin dela solidarioa izan. Badakigu eginkizun kolektiboak definitzea lortzen ez badugu, ez dela posible izango hiritarrek solidaritate komunari heltzea. Eta badakigu buru egin beharko diegun arazoak, jakina, ez direla 50 edo 60ko hamarraldikoak.

Baina esan behar dugu, ozen eta garbi, Ongizatearen Estatuaren iraunkortasuna ez dela zenbakien auzi bat bakarrik, ezta nagusiki ere: erabakitasun eta borondate kolektiboko auzi bat da. Nahi dugula erabakitzen badugu, eutsiko diogu. Eta beharrezko erreformak egin beharko dira (batzuk mingarriak), baina jakingo dugu eginahalak zertarako egiten ditugun.

Hau da, erabakia ezin da bakarrik izan ea dirua baden edo ez Ongizatearen Estatuari eusteko, eta haren abandonuari amore eman gero. Ez. Hartu behar dugun erabakia da ea pertsonek duintasun bera izan dezaketen gizarte batean bizi nahi dugun edo ez. Familia jakin batean jaiotze hutsak pobretasunera betiko kondenatuak egotea edo ez suposatzen duen gizarte batean bizi nahi dugun edo ez.

Eta egiaz eutsi nahi badiogu Ongizatearen Estatuari, duen esanahiagatik, xede horretara eramango gaituzten beharrezko erabakiak hartu beharko ditugu.

Eta badakit ongizatearen sistemaren iraunkortasuna konplexua dela eta faktore askoren arteko koordinazioa eta oreka bilatu behar dela. Baina bi bide ditugu eginkizun horri aurre egiteko:

Esan genezake: baliabide hauek dauzkagu, eta honaino heltzen dira gure Ongizatearen Estatua, gure zerbitzu publikoak edo gure gizarte-politikak.

Edo alderantziz, hauxe da gizarte gisa nik nahi dudan aurrerabide- eta ongizate-maila, eta horretara iristeko behar diren baliabideak edukitzeko modua bilatuko dut. Eta, horretarako, bost alor diferentetan lan egin behar da:

1) Lehenengoa ekonomikoki haztea da. Inork ez du pobretasuna banatu nahi. Ekonomia oparorik gabe ezin da aberastasunik banatu, ez zergarik kobratu. Eta, horrexegatik, oinarriak ipini behar dira ekonomiaren produktibitatea handitzeko. Eta etorkizunari begira, derrigorrezko gauza da ekonomia jakintzan, berrikuntzan eta lehiakortasunean oinarritzea.

2) Bigarrena kontu publiko txukunak izatea da, etorkizunari berme egokiarekin aurre egin ahal izateko. Ezin onartu dugu gehiegizko zor batek zerbitzuak mantentzeko erabili behar diren baliabide publikoak bereganatzea.

3) Hiritar arduradunak, zerbitzuak eta laguntza publikoak iruzurrez edo abusukeriaz erabiliko ez dituztenak. Eta garrantzitsua baldin bada zerga-iruzurraren kontra borrokatzea, berebat da garrantzitsua zerbitzu publikoetako iruzurraren kontra borrokatzea, horixe baita solidaritate-falta handienaren agerraldia baita.

4) Administrazio eraginkorra eta zorrotza, baliabide publikoak xahutuko ez dituena. Zerbitzu publikoak garbitu egin behar ditugu, haietan pilatuz joan diren perbertsioak desagerraraziz. Eraginkorragoak egin behar ditugu. Berreskuratu egin behar dugu hiritarrak administrazio publikoan izan dezakeen uste ona. Hiritarrek kontrolatzaileak izan behar dute, eta administrazioaren funtzionamendu egokiaren epaile. Administrazioaren leihoak zabaldu behar ditugu, burokraziaren hizkeran ez dadin pribilegiorik txertatuta geratu. Administrazio publikoak solidaritate komuna banatzen duen eskua izan behar du, eta eginkizun hori modu garden eta zuzenean bete behar du.

5) Sistema behar bezala bermatuko duen zerga-sistema bat. Horregatik, niretzat zergei buruzko debatea ez da huts-hutsik auzi ekonomikoa, aitzitik, auzi politikoa eta soziala da, zeren, erantzun beharreko galdera nagusia ez baita zer zerga nahi dugun ordaindu, baizik eta zer zerbitzu espero dugun jasotzea. Zer hezkuntza, zer osasun-zerbitzu, zer babes sozial, zer azpiegitura, zer justizia… eta nola ordaindu behar ditugun.

Eta horretarako hiritarrei argi eta garbi hitz egin behar zaie. Bakoitzari eskatzen zaizkien eginahalak eta nolako gizarte-eredua nahi dugun guztiontzat eraiki, ondo azaldu.

Hauxe da ba, gain-gainetik azalduta, Euskadin egin nahi dugunaren eta egiten hasi garenaren teoria.

Izan ere, Euskal Herrian, oso harro gaude gure ongizatearen ereduaz, gure gizarte-babeseko sistemaz. Inolako zalantzarik gabe, Espainiako zabalena da, eta alor batzuetan europar herrialde garatuenetakoekin parekatu daiteke.

Baina badakigu aldaketak eta erreformak egiteko garaia dela, sistema hori hobetzeko eta etorkizunean iraunkorra egiteko xedeaz. Eusko Jaurlaritzaren helburua, izan ere, ez da ekonomia iraunkorra izatea, herri solidario, iraunkor eta lehiakor bat eraikitzea baizik.

Eta horretara bideratzen dugu gure eginahalen parterik handiena. Ez naiz hemen ekimen jakinez hizketan luzatuko, emango da haien berri-eta hitzaldi-sail honetan.

Baina, oraindik ere krisiaren ondorioak pairatzen ari bagara ere, ekonomikoki hazten ari gara. Hazten ari dira gure industria-ekoizpenaren, esportazioen eta inportazioen tasak. Espainiako gainerako lekuetan dutenaren langabeziaren erdia dugu gutxi gorabehera (Europako batez bestekoaren oso parekoa).

Enpresa-sare ondo dibertsifikatu bat dugu, berrikuntzako inbertsioen ehunekoa altua da, eta lehen mailako Zentro Teknologikoak ditugu. Ondo kokatuta gaude, bai aspaldikoak diren baina etorkizunean garapen-ahalmen handia izango duten sektoreetan, bai sektore berrietan, hala nola energia berriztagarrietan, biozientzietan, ibilgailu elektrikoan…

Funtsezko apustua ari gara jakintzaren alde egiten. Hezkuntzaren lehen mailatik hasita, non elehirutasuna sartzen hasi baikara (euskara, gaztelania eta ingelesa) eta orobat Eskola 2.0 deitzen duguna, teknologia berrietarako sarbidea erraztuz (ordenagailu pertsonalekin eta areto digitalekin), ikasle guztientzat.

Osasun-zerbitzu publikoak berritzen ari gara. Kalitateari eusten jarraitzeko gaixo larriei ematen zaien arretan, baina era berean arreta hori gaixotasun kronikoetara bideratzeko, zeren, gure joera demografikoa gogoan harturik, horixe izango baita laster buru egin beharko diogun erronka handia, osasun-sistema publikoari eusteari dagokionez.

Politika aktiboak ari gara bihurtzen gure gizarte-laguntza eta politika guztiak. Laguntzaren bat kobratzen duten pertsona guzti-guztiek prestakuntza-ibilbide pertsonalizatua izan dezaten saiatuko gara, kontratatzen errazagoa izan daitezen eta lan-merkatuan sartzeko egoera hobean egon daitezen.

Open Government eta Open Data jarri ditugu abian, euskal hiritarrek, informazioko sarbidea ez ezik, bizitza publikoan parte hartzeko eta proposamenak egiteko beharrezko tresnak izan ditzaten.

Adibide gehiago ere eman litezke, baina astirik ez dut, badakit-eta ezin naizela hemendik joan gure arazo nagusia aipatu gabe, ETAren existentzia.

Ondo dakizue Euskadin duela urte asko daukagun izurri bat dela. Diktaduraren garaian hasi zen eta oraindik ez da bukatu. Eta datu esanguratsu eta aldi berean ikaragarri bat eman nahi nizueke: ETAk batez ere demokrazian hil du, eta Euskadik jadanik Europa osoko autogobernurik zabalena zuenean. Ez diktaduraren garaian. Hortaz, gezurra da ETA diktadura eraisteko sortutako erakunde bat delako fabula erromantiko hori.

Eta bizirik jarraitzen du. Halere, esan diezazuket demokratok irabazi egin dugula. Egunetik egunera, ETA ahulago dagoela. Egunetik egunera, ETAk hiritarren babes gutxiago duela. Konbentzituta nago amesgaiztoaren amaierara iristen ari garela. ETA eta laguntza eman dioten kolektiboak ulertzen ari dira totalitarismoa bukatu dela, betiko. Sistema demokratikoa onartuz bakarrik, bere erakundeekin eta bere arauekin, parte hartu ahal izango dutela politika publikoan. Eta aurrera egiten ari direla jomuga horretarantz. Eta hori albiste ona da.

Eta berebat esan diezazuket egoera honetara sendotasun demokratikoak ekarri gaituela; Zuzenbidearen Estatuaren eraginkortasunak; zero tolerantziako politikak, indarkeriazko edo indarkeriarekiko adostasunezko edozein adierazpenen aurrean; eta gizartearen batasunak eta ukoak.

Eta horregatik ezker abertzaleak, zeinak tradizioz babes politikoa eman baitio ETAri, alderdi berri bat aurkeztu du orain, demokrazian txertatzeko duen asmoa adieraziz eta esanez uko egiten diola terrorismoaren babeseko iraganari. Eta justiziak erabakiko du behar den bezala betetzen diren edo ez bizitza demokratikoan parte hartzeko baldintzak.

Euskal gizartean eszeptizismoa eta konfiantza-falta dago, lehenago ere horrelako gauzak esaten zituztelako eta engainatu gintuztelako. Baina itxaropen bat ere bada, oraingo honetan egiatan ari direla eta amesgaiztoaren amaieran egon gaitezkeela.

Eta ondo dakigu, ETAren amaierarekin, denbora berri bat zabalduko dela euskal gizartean. Gizarte-batasunaren eta tolerantziaren denbora. Demokraziaren eta pluraltasun politikoaren denbora. Eta, horretarako, gogaidetasuna bilatzeko gauza izan behar dugu, elkarrekin bizitzea bizikidetasuna da-eta. Eta hiru dira, zentzu honetan, nire gobernuaren ekimen politikoa gidatuko duten ardatzak: Justizia, egia eta demokrazia.

Justizia, eragindako kaltea aitortzeko. Biktimen oinazea arintzeko.

Egia, gertatua ez ahazteko eta oroitzapena harresi sendo bat izan dadin etorkizuneko totalitarismoen eta indarkerien aurrean.

Eta demokrazia, bizikidetasuna askatasunean eraikitzeko. Pluraltasun politikoa eta nortasun desberdinen aitorpena sendotzeko.

Demokrazia ari zaie gudua irabazten Euskadin terroreari eta totalitarismoari. Orain, denok askatasun bera dugula, bizikidetasuna eraikitzeko eta pertsona desberdinei eskubide berdinak aitortzen dizkigun tolerantzia sustatzeko unea da.

Baina, lehen esan dudan bezala, Euskadi terrorismoa baino gehiago da: Euskadi herri moderno bat da, aurrerabide globalean atzera geratu nahi ez duena. Helburu handiak dituen herri txiki bat gara. Ekonomia industrial modernoa eta lehiakorra dugu. Gure enpresak naturaltasunez hasi dira auzo globalean mugitzen, merkatu berriak bilatuz.

Erreforma sakonei ekin diegu, gure gizartea XXI. mendeko premiei egokitu ahal izateko.

Euskadi hiritar libreen herria izatea nahi dugu, solidarioa, iraunkorra eta lehiakorra.

Badakigu zer nahi dugun, eta prest gaude nahi dugun hori eskuratzeko beharrezko eginahalak egiteko.

2.200.000 biztanleko herri txiki bat gara. Bisitariei besoak zabaltzen dizkien herri bat: (hain zuzen ere, 2010ean, eta krisiarengatik ere, bisitarien errekor historikoa urratu dugu). Hortaz, gu bisitatzera gonbidatzen zaituztet. Gu ezagutzera, eta ikustera zergatik gauden hain harro gure tradizioaren eta modernotasunaren konbinazio honetaz. Euskadiko egonaldiaz bost zentzuekin gozatzera gonbidatzen zaituztet, horixe baita gu ezagutzeko modurik hoberena.

Eskerrik asko.

 

Euskadiko Alderdi Sozialistaren fundazioaren 125. urteurrena

Euskadiko Alderdi Sozialistaren fundazioaren 125. urteurreneko hitzaldia (Campos Antzokia (2011ko apirilak 30)

Erruz daude gure historian eginahalak eta borrokak, itxaropenak eta sufrimenduak, porrotak eta garaipenak: baina, oroz gain, gure idealei sendotasunez eusteko harrotasun sozialista dago…

Funtsean, Alderdi Sozialistaren historia ibilaldi luze batena da, askatasunaren eta guztion berdintasunaren aldera beti. 1893ko maiatzeko 14 hartatik hasita, Facundo Perezaguak eta aurreneko sozialistek oinezko ibilaldi bat antolatu baitzuten egun hartan Arboledatik Bilboraino, eta harrezkero xede bererantz goaz: askatasunaren xederantz eta duintasunaren xederantz; eskubideak denontzat berdinak izateko xederantz; bizitzan aukera berak izateko xederantz, asko dutenentzat eta ezer ere ez dutenentzat.

Eta oraindik ez da bukatu duela mende bat baino gehiago hasi zen ibilaldi hura. Oraindik ez da bukatu, gainerakoena bezalako askatasunaz ezin bizi daitekeen jendea bada-eta oraindik. Oraindik ez da bukatu, badira eta oraindik pertsonak, familia osoak, marjinaziora baztertuak, leku jakin batean edo familia pobre batean jaioak direlako.

Eta ibilaldi hau ez da bukatuko harik eta pertsona guztiak, inolako bereizkuntzarik gabe, berdintzat jotzen ez diren arte, “gutakoak” direlakoan hartzen ez diren arte.

Arboledako mendietatik jaitsi ziren meatzariak pertsona marjinatuak ziren, eskubideak elbarrituak zeuzkaten, eta modurik ez zuten non bizi edo beren janari pobrea non erosi aukeratzeko. Eta besteak bezalako hiritarrak izatea erreibindikatu zuten. “Gu” kolektibo bereko kidetzat aitortuak izan nahi zuten.

Hemen gaudenok ondo ezagutzen ditugu aurreko belaunaldiek egindako eginahalak, haiek jarri baitzituzten Ongizatearen Estatuaren oinarriak, eta horri esker berek baino askoz ere aukera gehiagoz gozatu ahal izan dugu.

Eta horrexegatik erreibindikatzen dugu gure jatorriaren harrotasun isila. Erakuskeriak gabe erreibindikatzen dugu, baina ondo dakigu lorpen guztiak eginahal partekatu handi baten eskutik etorri izan direla beti, inork ez baitigu sekula ezer ere oparitu.

Gaur ideologiek zentzurik ez dutela esaten digute batzuek. Gure artean baliorik ez dagoela jadanik. Gezurretan ari dira ordea:

Oraindik ere bada taldearen solidaritatearen premia duen jendea. Oraindik ere badira borrokatu beharreko bidegabekeriak. Oraindik ere badira duintasunera eta askatasunera iristeko eginahalean bizitza uzten duten pertsonak. Eta oraindik ere badira balioak, oraindik ere asko baikara etsitzen ez dugunok, honek horrela jarraitzea eta ezer ez egitea nahi ez dugunok.

Ezetz esaten dutenek (jadanik ez dagoela ez eskuinik ez ezkerrik) guk geure balioei uko egitea, horixe nahi dute, berenak inposatzeko gero. Zeren haiek ere badauzkate-eta beren balioak. Solidaritatea hausten duten balioak, indartsuenei eta ahaltsuenei ateak zabalik uzteko. Desberdintasuna sustatzen eta diferentziak ugaltzen dituzten balioak. Jendea bi taldetan zatitzen duten balioak: garaileak eta galtzaileak.

Eta horren aurrean (postura hori, zoritxarrez, gero eta gehiago zabaltzen dela munduan dirudi), ezkerrak, sozialistok, bidezko gizarte bat defendatzen jarraitzen dugu. Inor bazterturik uzten ez duen gizarte bat, denak “gu” direlakoan hartzen dituena.

Izan ere, adineko pertsonak, erretiro xume batekin bizi direlarik, eta beren oroimenean bide luze bat gordetzen dutelarik, pobretasunetik, diktaduraren garaian, demokraziara eta Ongizatearen Estatura iritsi arte, gutakoak dira.

Izan ere, gaur Euskadin gutxieneko bizimodu bat izateko lan bila dabiltzan 150.000 lagun horiek, gutakoak dira den-denak.

Beren sorterria utzi eta gure artera bizimodu duin bat egin nahian etorri diren familiak, familia horiek ere gutakoak dira.

Eta arabiar herrialdeetan askatasunaren alde borrokatzen direnak eta goseak daudenak eta esplotaturik bizi direnak. Gutakoak dira.

Egiazko ezkerra, sozialistak, oroz gain, gehiena sufritzen eta gutxiena dutenen aldeko jarrera etiko eta moral baten bidez definitzen garelako. Eta haiexen ondoan egoteko existitzen gara; haien arazoek behar dituzten erantzunak emateko; gustatzen ez zaizkigun gauzak aldatzeko.

Eta horrexek elkartzen gaitu Facundo Perezaguarekin eta Indalecio Prietorekin eta Toribio Echevarríarekin eta Ramón Rubialekin: besteren sufrimenduaren aurreko gaitzidura moralak.

Zeren Giza Eskubideak erreibindikatu zituen Ilustrazioko gizonekin lotzen gaituena, XIX. mendeko utopista zaharrekin lotzen gaituena, bihotz zintzoko humanisten anai-arrebak egiten gaituena, eta, batez ere, sozialista zaharren ondorengoak egiten gaituena, ez baita egitarau politiko jakin bat (unean uneko gorabeheretara egokitzeko aldatuz joan ohi doana), geure balioak eta besteren aurrean dugun jarrera etikoa baitira.

Baina ez gara jende inozoa. Badakigu hori ez dela aski, jarrera etikoa oso ondo dagoela, baina, aldatzeko, ekintza beharrezkoa dela. Eta horri, guk, politika deitzen diogu.

Sozialistontzat, gizarte prestu baten agindua betetzeko tresna da politika.

Horregatik daukagu guk gobernatzeko modu berezia. Horregatik, gure gobernuek pertsonengan pentsatzen dute, ez interesetan.

Guk beti gobernatu dugu, eta gobernatzen dugu, pertsonengan pentsatuz, eta, bereziki, gutxiena dutenengan, ahulenak direnengan pentsatuz.

…//…

1931. urtean Donostian egin zen bilera harez geroztik, zeinera Indalecio Prieto joan baitzen diktaduraren amaieraren oinarriak jartzera, gaur arte, ez da urrats garrantzitsurik izan, ez da modernotasun- eta aurrerabide-proposamenik batere izan, Alderdi Sozialista protagonista nagusia izan ez dena.

Gainerako sozialistekin batera parte hartu dugu Espainian herrialde eta gizarte gisa aurrera bultzatu gaituzten gertaera garrantzitsu guztietan.

Sozialistok Moncloako Itunetan egon ginen diktadurari amaiera emateko. Felipe Gonzálezekin, espainiar gizartearen aldaketarik handienari ekin genion. Haren gobernuek sendotu zuten demokrazia. Haren gobernuek jarri zituzten zutik Ongizatearen Estatuaren hiru funtsezko oinarriak: heziketaren unibertsalizazioa, analfabetismoa desagerraraziz; osasun-zerbitzu publikoen unibertsalizazioa, gaixorik zeuden baina zaintza-eskubiderik ez zuten milioika pertsona osasun-sistema publikoan sarraraziz; eta gure nagusi guztiontzat pentsio ez kontributiboak onestea.

Gobernu Sozialistak gidatu zuen halaber hainbesteko ekarpenak egin dizkigun Europar Batasunako txertakuntza.

Eta, oraintxe, Zapateroren gobernuek bermatu dizkiete eskubide zibilak eta kolektiboak orain arte marjinaturik bizi zirenei. Haren gobernuek beste inoiz ez bezala egin dute emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunaren aldera. Eta haren gobernuak ari dira Ongizatearen Estatuaren laugarren zutabea sendotzen: gizarte-politikena, Mendekotasun Legearekin, inor ez dadin abandonaturik bizi.

Eta gobernu horietan guztietan, Euskal Sozialistak protagonistak izan gara (eta hona hemen esaten ari naizena frogatzen duena). Eta oso harro gaude horretaz.

Baina, Euskadin, askoz ere beharrezkoagoak izan gara eta ekarpen handiagoak egin ditugu:

Totalitarismo terroristaren kontrako harresia izan gara.

Estatutuan oinarrituriko Euskadiko autogobernuaren bultzatzaileak izan gara, eta aurreneko ilaran parte hartu dugu hura finkatzeko eginkizunetan.

Euskal gizartearen batasunaren defendatzaileak izan gara, beren planteamendu soberanistekin Euskadi bitan zatitzen eta apurtzen zutenen aurrez aurre.

Gainerakoek ziotena ulertzen eta haiekin batzen saiatu gara, bai baitakigu herri hau denon artean baizik ezin dela eraiki, eta ez elkarren kontra.

Eta horrexegatik ez gara jostatzen ez presioa egitera ez Justiziaren ordezkaritza hartzera, aitzitik, Justiziaren erabakiak onartzen eta errespetatzen ditugu (gustatzen zaizkigunean eta gustatzen ez zaizkigunean), gainerakoan demokrazia bera ahultzen ari gara-eta. Eta horrexegatik ez gara jostatzen orain arerioari eraso egiteko dena baliatzen duen jolas arriskutsu horretara (eta berdin dio borroka antiterrorista edo justizia bera izatea), hori erabateko arduragabekeria da-eta.

Beste zenbaiti, abertzaletasun konstituzionalaz mintzatuz isiltzen ez badira ere, berdin baldin bazaie sistema demokratikoa ahultzea oinarriei berei eraso eginez, zertarako eta botoak irabazteko, guri ez.

Guk alde batera utzi ditugu beti gure interes partikularrak, gauza guztien gainetik euskal gizartearen interes komuna defendatzeko.

Desberdinen arteko bizikidetasuna defendatu dugu beti, eskubide eta aukera berdinekin, eta horixe izango da beti gure nortasunaren ikurrik hoberena. Euskal gizartearen pluraltasuna eta dibertsitatea onestea baita kontua, baina ez liskarrak sortzeko, desberdinak batzeko baizik.

Eta, bai oposizioan, bai Gobernuan, gure herrialdearen ongizatearen, aurreramenduaren eta modernizazioaren alde aritu gara lanean.

Eta horregatik nahi dut nik gaur sozialistek Euskadiren eraikuntzari eta modernizazioari egin dioten ekarpena erreibindikatu, Ramón Rubialek, demokraziako aurreneko Lehendakariak, Gernikako Estatutuari aurreneko bultzada eman zionez geroztik.

Sozialista bat izan baitzen Osakidetza, hainbeste harrotzen gaituen zerbitzu publikoa, Euskal Osasun Sistema, abian jarri zuena.

Sailburu Sozialistek berrantolatu zuten eta jarri zuten martxan euskal irakaskuntza-sistema, Eskola Hitzarmenarekin.

Sailburu Sozialista bat hasi zen gure azpiegiturak modernoagotzen eta hark esku hartu zuen Bilboko Metroaren sorreran.

Guk adostu genituen lehen Euskalduntze Planak. Guk adostu genituen lehen gizarte-politikak…

Eta Gobernu Sozialista da modernotasun berriaren berrikuntzak bultzatzen ari dena, halako nekez lortu dugun Ongizatearen Estatuari eusten ari zaiona.

Gobernu Sozialista bat ari zaio nortasun-liskarreko hamarkada bati amaiera ematen, nortasun-askatasuna guztioi aitortuz.

Gobernu Sozialista batek berreskuratu ditu azkenik askatasunarentzat eta burujabetzarentzat espazio publikoak, indarkeriazaleen inpunitateari amaiera emanez.

Bi Gobernu Sozialistok gara, Espainiakoa eta Euskadikoa, banda terrorista inguratzen ari garena, eta desagertzera bultzatzen ari garenak.

Sozialistok gara guztion iritzi-askatasuna defendatzen ari garenak, sekula berriz ez dadin gerta euskal hiritar batek ahotsa beheratu behar duela bere iritzia eman eta bere ideiak defendatzeko.

Belaunaldi bakoitzak behar du erabaki nolako gizarte-eredua, etorkizunerako nolako herrialde-eredua nahi duen. Egoera horrexetan gaude gaur egun: Euskadi nolakoa izatea nahi dugun esan behar dugu, nola nahi dugun etorkizunean elkarrekin bizi.

Eta sozialistok oso argi daukagu hori: guk Euskadi banatu duten bidegabekeriazko bi mugak eraitsi nahi ditugu: desberdintasunaren muga eta nortasun-zatiketaren muga.

Eta badakigu irtenbidea Ongizatearen Estatuaren defentsan eta gizarte publikoen eta politika sozialen sendotzean dagoela, desberdintasunarekin bukatzeko eta guztiei bizitza-aukera berak eskaintzeko.

Eta irtenbidea demokrazia gehiago dela, denontzat. Askatasunaren eta erakunde demokratikoen erabateko defentsa, guztiontzako eskubide berdinak bermatzeko, bakoitzaren nortasunarengandik aparte.

Horixe da gure proposamena. Horixe da gure helburua.

…//…

Baina bukatuko dut, gehiegi ari naiz luzatzen-eta, eta, gaurkoa bezalako egun batean, herrialde honetan betetzen dugun eginkizuna gogoratzen ari garelarik, omenaldi bat eskainiz jadanik gure artean ez daudenei.

Nik esan ohi dut erraldoien lepoaren gainean mugitzen garela, garena garelako, haiek gure aurretik izan zirelako.

Askatasuna defendatzen dugu, huraxe defendatuz beste batzuei bizitza kendu zietelako.

Eta hiru arrosa nahi ditut hemen ipini, ez dezagun sekula ahaztu.

Arrosa bat Arboledako meatzari zaharrentzat eta hemen Bilbon, duela 125 urte, gure alderdia sortu zutenentzat. Haiena izan zen bidegabekeriaren eta esplotazioaren aurreko sumindurak urratutako ahotsa. Haiek piztu zuten itxaropenaren metxa.

Arrosa bat, balio sozialistak defendatuz, beren bizitza duintasun- eta sendotasun-eredu bihurtu zutenak, sufrituagatik ere kartzela, desterrua, erbestea eta heriotza-horma.

Eta arrosa bat, giza duintasuna ez baztertzeagatik, bizitza kendu zieten gure lankide sozialista guztientzat.

Haien ibilbide berari jarraitzen diogu, askatasunaren eta berdintasunaren aldera beti, eta ez ezerk ez inork ez gaitu geldiaraziko.

Eskerrik asko.

5 iruzkin
  • 2011.eko urriak 13

    Qué pena de respuesta de Lehendakaritza! ¿Que no son de ningún partido?¿Que ese discurso no se ofreció en su calidad de secretario general del PSE? Que refleja la ideología del Lehendakari, desde luego. Pero no la ideplogía en su calidad de tal, sino en su calidad de lìder, secretario general, del partido socialista de Euskadi. Sin tapujos. Pero sin razón para estar incluido en esta página pagada con el dinero de todos.

  • Lehendakaritza
    2011.eko urriak 13

    Las intervenciones aquí recogidas no son de ningún partido, sino las realizadas por el Lehendakari en diferentes foros a lo largo de dos años y con ellas se pretende dar una visión resumida de su pensamiento sobre cuestiones tan variadas como la política, la economía, la convivencia en Euskadi o la defensa del Estado de Bienestar.

    La selección se ha realizado en función del interés de los contenidos y no tanto de los convocantes del acto. Por ello, no se contemplan exclusivamente los actos convocados por el Gobierno Vasco, sino también los organizados por otras entidades tanto públicas como privadas.

    En todo caso, agradecemos la opinión y el interés mostrado en los discursos.

  • 2011.eko urriak 11

    Muy bonito el discurso. Pero, ¿QUÉ PINTA UN DISCURSO DE UN PARTIDO EN LA PÁGINA DEL GOBIERNO DE TODOS? Supongo que será un error, a subsanar a la mayor brevedad posible y objeto de la correspondiente disculpa.

  • @aratzcastro
    2011.eko abuztuak 10

    Comentario de Twitter:
    El autobombo de Patxi López. Discursos 2009/11 patrocinado por @Irekia http://t.co/Wrs6Wne

  • 2011.eko abuztuak 05

    Las palabras del profesor Ruiz Soroa, que prologan los textos del lehendakari, son ciertas por cuanto recogen los dos pilares fundamentales del pensamiento de López y del socialismo vasco, desde los tiempos de Facundo Perezagua y Tomás Meabe: la belleza de una retórica rica en expresiones e imágenes no resta valor a las razones alejadas de la puramente mágica textualización del nacionalismo, que sólo vive del pensamiento mágico y de la mitología.

    Y esas dos “patas” de su discurso -la bella retórica del socialismo junto con las razones de la laicidad identitarista- son, lehendakari, la mejor medicina para los vascos que todavía nos resistimos a los embates de esta religión panteísta que es el nacionalismo contemporáneo; el vasco, en nuestra coyuntura. Gracias, pues.

    Pienso que el PSE.EE no podrá mantenerse en el Gobierno dentro de dos años. Ya ocurrió en 1990, cuando el socialismo fue expulsado con cajas destempladas por un PNV abierto a la radicalidad. Y sin embargo, no pudo entonces mantenerse más que unos pocos meses en el poder radical: expresión máxima de la centralidad del socialismo, acostumbrado a las debacles de este país anestesiado por la religión abertzale, pero indispensable en su gobernación, desde las instituciones y, por supuesto, desde la oposición.

    No lo olvide, lehendakari, cuando el PSE-EE vuelva al sillón de la oposición: deberá repetir su fortaleza pétrea, expresión de estas tres décadas de persecución etarra y radicalidad ibarretxista, pero también de represión franquista.

    Si lo pensamos bien, el futuro pinta mejor que cualquier época pasada. Disfrutémoslo y refugiémonos en nuestro ateísmo nacionalista.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak